Urgull mendia, hiriaren bihotzean kokatutako muinoa, itsasoari eta hiriari begira dagoena, oso maitatua da donostiarren artean. Gune natural hau hiriko bilakaeraren lekuko paregabea da, oraindik orain historiaren aztarnak dituena, bide eta fortifikazio sare bat barne, ahaztu gabe, donostiar askok "gaztelua" bezala ezagutzen dutela. Mota gaztelua talaia bikaina izan da eta da gaur egun ere, eta bertan gure ondarea jasotzen duen etxea dago; Historiaren Etxea, 2007az geroztik zabalik dagoena.
Donostiari begira erakusketa, berriro ere zabalik da. Erakusketak Donostiaren historian zehar ibilbidea egiten du, bere bilakaera ekonomiko, soziala, urbanistiko eta kulturala jasoaz, euskal identitateari erreferentzia eginaz. Erakusketa, beraz, aukera aparta da gure izena eta izanera gerturatzeko, eta gure historia garaikidean sakontzeko.
Donostiarrei eta bisitan etortzen direnei zabalik dago Historiaren Etxea. Azken urteotan lagun ugari pasa da Urgulletik. Urteko 100.000 bisitari ditu bataz beste. Udaberriko oporretan eta uda garaian ekitaldi bereziak antolatzen dira, eta eskaintza didaktiko propioa ere badu. Zentzu horretan, aukera bikaina da gazteak gure historiara hurbiltzeko, belaunaldi berriek ere hiriaren historia ezagutu dezaten, ikasiz eta ondo pasatuaz.
Erakusketa, abenduko itxieraren ostean, aberastu egin da hainbat gune berritu egin direlarik, beti ere, bertan jasotako ondarea erakargarri egiteko erronka abiapuntu hartuta. Funtsean erakusketaren egitura eta xedea mantendu da, eta zenbait ataletan edukiak eguneratu dira, bereziki, hiriaren erreketa, suntsiketa eta berreraikuntzaren bigarren mendeurrenaren harira sortutako materiala ardatz hartuta. Gauzak horrela, mendeurrenarekin batera sortuta zenbait ikusentzunezko erakusketan txertatu dira modu egonkorrean ikusgai izateko.
Batetik, 200 bideo instalazioa, hiriko 200 gazteren ahotsean hiriaren iragana, oraina eta etorkizuna ikuspegi ezberdinetatik ezagutzeko aukera ematen duen bideo instalazioa jarri da, eta, bestetik, Nabarraldek 1813ko gertaeren inguruan sortutako dokumentalaren laburpena, orduko gizartera gerturatzen gaituena. Era berean, 'Apaizac obeto' dokumentalaren trailerra ere jaso da.
Historiaren Etxeko erakusketaren atalak: Donostiari begira funtsean bere horretan mantentzen bada ere, badira hainbat aldaketa eta horrelakoa da egungo erakusketa.
- Nortasun-ezaugarriak:
- Sarrera atal honetan, hiriaren nortasun ezaugarrietako batzuk modu laburrean azpimarratzen dira. Aipatzen diren gaiak ibilbidean zehar zabalduko dira. Gune honetan zegoen alabastroko San Sebastianen piezaren ordez, azulejozko 12 piezako sorta bat jarri da, Santuaren martirioa irudikatzen dutenak.
- Urgullen gerizpean:
- Atal honetan militarren eta zibilen arteko elkarbizitza jasotzen da, Donostia bizitzeko tokia izateaz gain defendatzeko hiria ere izan baita, eta bertako populazioa, behin eta berriro gertatzen ziren setio eta erasoetara egokitu zen.
- Merkataritza-hiribildua:
- Atal honetan hiriaren alderdi ekonomikoak agertzen dira, merkataritza azpimarratuta; izan ere, bere sorreratik itsasora begira egondako hiria baita, eta Erdi Aroan Kantauriko portu garrantzitsuena izandakoa. Hiriaren merkataritza jarduera indartzeko sortutako azpiegitura eta erakundeei begiratu bat egiten zaie, arrantza eta nabigazioa, ontziolak, kortsarioak; Kontsulatua eta Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarra; etabar.
- Hiru aldaketa daude atal honetan:
- Itsasoa arriskutsua bihurtu zenean ontziak armez ongi hornitzen ziren, ibilbide komertzialak babesteko, Europako potentzien arteko gudatan parte hartzeko edota korsoan aritzeko. Aurten San Telmo Museoko bildumako itsas kanoiak erakutsiko ditugu. 2007 urtean museoaren kanoi bilduma apartaren zaharberritzea jarri zen abian eta egun pieza berrituak Urgull mendian ikus daitezke. Erakusketan kanoi hauetako hiru jarri ditugu, oraintxe zaharberritutakoak.
- Itsasontzi mota ezberdinei buruzko azalpen laburrak gehitu ditugu, Donostiako Aquariumaren laguntzari esker. Donostiako lehenengo zigiluan azaltzen den ontzia XII. mende bukaeran portuz portu nabigatzeko erabili ohi zen. Orduz gero ontziolen industria etengabe garatu da Erdi Aroko koka, naoak, galeoia… Gaur egungo Donostiako irudian daukagun ontzia, XVII. mendeaz geroztik dagoena, hiru bela laukidun fragata da, bizkorra eta nabigatzeko aproposa.
- Balearen ehiza eta bakailo arrantza Ternuan diru iturri garrantzitsua izan zen donostiarrentzat. Gure esku dagoen dokumentazio eta aztarna arkeologikoei esker, XVI. mendeko ontzia eta bidaia berregin daitezke eta horixe da Albaola elkarteak eta Orio produkzioak Apaizac obeto dokumentalean azaltzen dutena. Ekimen honek erakusketan bere txokoa izango du ikusentzunezko honen laburpen batekin, Albaola elkartearekiko elkarlanari hasera emanaz.
- 1813:
- 1813ko Donostia ere erakutsi nahi izan dugu, bigarren mendeurrena oroitzeko ekitaldiak pasata, eta urtemuga horren baitan sortutako materiala jasoaz. Motako gazteluan gai hau jorratzen duen espazioa zaharrenetarikoa den guardia gela da, kuartelak eta gobernadorearen etxea lotzen zituen erdi puntako gangadun harrizko aretoa.
Bertan duela berrehun urte izandako erreketa, suntsiketa eta berreraikuntzari buruzko ikusentzunezkoa jarri da ikusgai. Guda napoleonikoek gerra egiteko modu berri bati eman zioten hasera, gordinagoa, populazio zibilaren sufrimendua areagotzen zuena. Donostian ere hala jazo zen. Ikusentzunezko hau bigarren mendeurrenaren harira Nabarralde elkarteak sortutako "1813. Donostiako erreketa"-ren laburpena da.
- Gotorleku izatetik hiri izatera:
- Hiru esparru biltzen dituen atal honek XIX. mendetik aurrera Donostiak izandako aldaketa urbanistikoak, ideologikoak eta ekonomikoak jasotzen ditu, modernitaterako behin betiko garapenaren hasiera etorri eta itxura berria hartu zuenekoa.
- Hemen ere zenbait aldaketa egin dira. Batetik, 1813ko setioari buruzko maketa berriz ere ikusgai jarri da. Bestetik, San Telmo Museoan badaude hiriaren sutean suntsitu ez ziren pieza batzuk. Hauen artean, 1813ko baxera eta Zubietako tintontzia balio historiko eta sinboliko handiko piezak dira, 2014ko urtarrila arte San Telmon "1813. Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea" erakusketan ikusgai izan direnak.
- Lehenengoa, hiriaren sutean bertan urtutako baxera bat da. Donostiari begira erakusketan jarri dena, erreprodukzio bat da. Hau egiteko, jatorrizko pieza sortzeko behar izan ziren baldintza berak birsortu dira labe batean.
- Zubietan bildutako donostiarrek hiria berreraikitzea erabaki zuten, Zubietako aktatan jasotako konpromezu bat hartuz. Akta hauek sinatzeko erabilitako tintontzia gordeta dago oraindik. Kasu honetan ere, erreplika bat egingo dugu, eta horretarako objektuaren hiru dimentsiotako eskanerra egiten ari gara, jatorrizko tintontziak ahalik eta gutxien sufritu dezan. Erreprodukzio prozesua amaitzerakoan pieza hori ere erakusketan jarriko da ikusgai.
- 200
- Erakusketari amaiera emateko 200 bideo instalazioa egongo da ikusgai aurrerantzean Historiaren Etxean. San Telmo Museoan orain arte egon den lan honetan gure gizarte bizitzaz, gerrez, kulturaz, industriaz, kirolaz edota gastronomiaz diharduten 13 istorio jasotzen dira, mihise panoramiko batean proiektatuta. Bidaia didaktikoa, zorrotza, hunkigarria eta arina proposatzen digu ikus-entzunezko instalazio honek 2.000 irudiren bidez.
Ikus-entzunezko instalazio elkarreragilea eta parte hartzailea da: elkarreragilea bisitariak berak aukeratzen duelako ezagutu nahi duen garaia edo gaia; eta parte hartzailea, hiriko hainbat ikastetxetako 200 gaztek hartu duelako parte proiektuan. - San Telmo Museoan ikusgai egon denean museoaren fatxadan jarritako instalazioa, berriz, parte hartzaileen eskuetan jarriko da, ekimen honen oroigarri bat betirako izan dezaten. Parte hartzaileek, beraz, euren irudiak jasotzeko aukera izango dute hemendik aurrera Historiaren Etxean.
Informazio praktikoa:
Urgull mendiaren egoera
Urgulleko oinezkoentzako bide guztiak irekita egongo dira, Paseo Berriko sarrera ezik, azken denboraleak eragindako kalteak konpontzeko lanak martxan baitaude. Beraz, Urgull mendira joateko San Telmoko igoera, Aquariumekoa, Portuko sarrera eta Santa Teresa ondokoa erabili ahal izango dira.
Dena den, Parke eta Lorategietako zerbitzua garbiketa lanak egiten eta zuhaitz batzuk erretiratzen ari da, ondorioz bideek aldizka mozketak izan ditzakete.
Historiaren Etxea
Lekua: Urgull mendia - Motako gaztelua ( 943 48 15 47)