Udalherria: Errenteria
Lekua: Errenteria
Hasiera: 2021/01/1
Amaiera: 2023/12/31
Sarrerak: 3,00 €
Iraultza Dantza taldeak "Jantziaren Zentroa" zabalduko du Errenteriako Kapitain-Etxean.
Kapitain-Etxea Eraikina XVII. mendeko etxe barrokoa da. 1638 garren urtean eraikitakoa, behe solairua eta bi altuera ditu. Errenteriako Udalak 2016garren urtean zaharberritu zuen "Jantziaren Zentroa" bertan kokatzeko asmoz. Berritze lanetan, eraikinaren jatorrizko elementuak kontserbatu dira, harrizko atariko arku bikoitza, eta aretoetako egurrezko lurra eta sabaietako egurrezko habeak.
Behe solairua
Atariko solairuan, sarreren salmenta, bisita gidatuen hasiera eta erakusketa kokatu dira. Uneotan, eta lehen erakusketa gisa Iraultzak propio sortutako bost jantzi daude ikusgai, guztiak ere emakumezkoenak. XVI.mendea, XVIII. mendea, XIX. mendearen erdialdea, XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera irudikatzen dute .
Jantziak zuriak dira, eta bertikalean goitik behera zatituta daude, alde batean, jantzia kanpoaldetik nola ikusten den erakusten da, eta beste erdialdean, barrualdea, esaterako; XVI garren mendeko zorongoa barrutik nola egiten zen, jantzien armazoiak, kortseak eta antzerakoak.
Helburua da erakustea, gero, goiko solairuetan jatorrizko jantzien azpialdean zer dagoen, berez ikusten ez den barrualde hori. Halaber, itsuentzako erakusketa ezagutzeko aukera emango dute , horiek ukitu ditzaketelako.
Aurrera begira, atariko solairu honetan, bestelako erakusketak jarriko dira. Batetik, artisauen lanak, eta bestetik, Iraultza Dantza taldearen jantzien, erreprodukzioen, erakusketak, esaterako azaroa eta abendua bitarte baserritar jantzien erakusketa izango dugu bertan.
Ikus entzunezkoen aretoa
Areto txikia da, bertan Bit & mina komunikazio enpresak egindako 10 minutu inguruko bideoa proiektatuko da. Horretan, Iraultza Dantza taldeko kideak abenduaz geroztik, Kapitain-Etxeko edukia prestatzeko eman duten lana ikusiko da.
"Jantziaren Zentroaren" irudia den Erronkariko emakumezkoaren jantzia prestatzeko prozesua erakusten da. Jantzia errebisatu, hautsa kendu (aspiratu), zati bakoitzaren kodea daraman etiketa eskuz josi, lehen lisatzea (horizontala), jantzia manikian jantzi, bigarren lisatzea (bertikala) eta argazkiak atera.
1. Solairua - Herri jantziak
Lehen solairuan, Euskal Herriko jatorrizko jantziak ikusi ahal dira. 14 dira, horietako hamabi emakumezkoenak eta bi gizonezkoenak. 1890-1910 urte artekoak, eta Euskal Herriko bost probintzitakoak: Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa. Bertan, "baserritar jantzi" bezela ezagutzen duguna ikus daiteke, hau da, San Tomas egunean edota Fandangoa eta arin-arina dantzatzeko erabiltzen diren horien jatorria zein den. Lehen pisuko erakusketa aretoan, bitrina handi baten barruan Errenteriako XIX. mende amaiera eta XX. hasierako fabriketan egindako objetu edota bertako fakturak daude. Honakoak batu dituzte: Lino, Manta fabrika, Olibet, Esmalteria, Fabril Lanera, Perfumerias Finas S.A.
Aretoaren sarreran, bi aldetara Xanti eta Maialen erraldoiek emango digute ongi etorria. Errenteriako lehen erraldoien buruak dira 1919 garren urtekoak, jantziak eta egurrezko egiturak, berriz, 1984 garren urtekoak. Errenteriako Udalak 1999 garren urtean Iraultza Dantza taldearekin hitzarmena sinatu zuen, eta ordudanik dantza taldea arduratu da, urte hauetan guztietan, bi buru horien zainketa eta errestaurazio lanaz.
2. Solairua - Jantzien bilakaera
Bigarren solairuan, modari errepasoa egingo zaio. Atzera jo, eta mendeetan, urtetan, zein aldaketa izan diren ikusteko aukera dago.16 jantzi daude aretoan, horietako 14 emakumezkoenak eta 2 gizonezkoenak. 1770 garren urtetik hasi eta 1920 ra arteko arropa da. Jatorriari dagokionez: Londres, Estatu Batuak, Bordele, eta Euskal Herriko hiru: Donostiako bi eta Bilboko bat. Areto horretako bitrinatan zapatak, esku poltsak, abanikoak, belarritakoak, brotxeak, eta bitxikeria gisa Donostiako "Gran Casinoko" kartak eta fitxak daude.
Bestelakoak
Erakusketez gain, "Jantziaren Zentroan" hitzaldiak eta tailerrak eskainiko dira. 2017garren urte honetan, eta orain artean Iraultza Dantza taldera aholku eske etorri den herritar konpurua ikusita, baserritar jantziaren inguruan arituko dira. Buruko zapia nola jartzen den erakutsiko dute tailerretan, eta jantziaren beraren inguruko informazioa emateko hitzaldiak eskainiko dituzte.
Ordutegiak
Larunbatetan goiz eta arratsaldez: 11:00-14:00 / 17:00-20:00
Igande eta jai egunetan 12:00-14:00
Prezioak
"Jantziaren Zentrorako" sarrerak hiru euro (3,00 €) balioko du. Bost urtetik beherako haurren kasuan, sarrera dohainik izango da.
Bisita gidatuak
"Jantziaren Zentroak" bisita gidatuak eskainiko ditu, beti eta gutxieneko hamar laguneko taldea osatzen bada. Hilabeteko lehen igandean euskaraz egingo da bisita gidatua, eta hilabeteko bigarren igandean gazteleraz. Bisita gidatuak 5 euro balioko du. Bisita egin ahal izateko, aurrez erreserba egin beharko da Errenteriako Turismo bulegora deituta, 943 49 45 21 telefonoan, edo Jantziaren Zentrora, 943 44 96 92 telefonoan.
Ikastetxeei dagokienez, hilabeteko lehen asteazkenean, goizean egingo dira bisita gidatuak euskaraz zein gazteleraz, beti ere horretarako aurrez hitzordua hartuta.
Jantziaren Zentroaren lagunak
Iraultza Dantza taldeak abian du "Jantziaren Zentroaren" lagun izateko kanpaina. Urtean, 30 euro ordainduta trukean bi lagunentzako bisita gidatu bat doan, urte osoan sarrera doan, eta antolatzen diren tailerretarako deskontuak eskuratuko dira. "Jantziaren Zentroaren" lagun eginda, Errenteriako Udalak duen "Kultura kreatiboa" txartela jasoko da, eta bide batez, horrek eskaintzen dituen abantaila guztiak jaso ahal izango dira.
Txikiweb - Gipuzkako haur agenda
Ekei Kulturweb S.L.L.
Patrizio Etxeberria 7 - bis, 20230 - Legazpi
Tfnoa: 943 734423 / E-maila: info@kulturweb.com / agenda@gipuzkoan.net