Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

Aste Santua Seguran

  • Segurako Aste Santuaren Foiletoa 2024
  • Aste Santua Seguran
  • Aste Santua Seguran
  • Aste Santua Seguran
  • Aste Santua Seguran
  • Aste Santua Seguran
  • Aste Santua Seguran
  • Aste Santua Seguran
  • Aste Santua Seguran
  • Aste Santua Seguran
  • Aste Santua Seguran

Segurak, Ostegun eta Ostiral Santuan herriko kalean zehar ibiltzen den prozesio iradakor eta ospetsua mantentzen du mendez mende.

Udalherria: Segura

Lekua:  Segura

Hasiera: 2024/03/24

Amaiera: 2024/03/31

Segurako Udala

Lardizabal, 5 (20214) Segura

Telefonoa: 943801006
Faxa: 943800204
Weba: http://www.gipuzkoa.net/segura/
Emaila: segura@udal.gipuzkoa.net

Gaur egun, Gipuzkoa mailan herri oso gutxitan ospatzen da Aste Santuko prozesioa eta hauen artean, Segurakoak oihartzun berezia dauka.

Orain hogeita hamar bat urte arte gutxi gora behera, herri guztietan egiten ziren, baina "Batikanoko II. Kontzilioan" prozesioak ez ospatzea erabaki omen zen. Orduña, herri behienek utzi egin zioten ospakizun hau egiteari. Ez denek: Segurak, larri ibili arren, mantendu egin zuen eta horrela iritsi zaigu gaur egunera.

Seguran prozesioa noiztik ospatzen den jakitea gauza zaila da, baina badago dokumentu bat, 1635. urtekoa. Prozesioak urteetan zehar aldaketak izan dituen arren (adibidez, lehen Ostegun Santu gauean ateratzen omen zen bakarrik), ospakizun gehienek berdintsu jarraitzen dute, ohitura zahar eta tradizioan oinarriturik.

Prestakizun lanetan, gutxi gora behera 30 seguratar aritzen dira. Gizonezkoak santuak atera eta andatan ipintzen dituzte, ondoren emakumezkoek pixka bat garbitu eta txukundu egiten dituzte. Lan hauetan ere tradizioaren indarra nabaria da: bakoitzak bere santua izaten baitu, "nere Santua" esaten diotenak ere badaudelarik, urtero berdina apaintzen dutelako. Santu gehienak, urtean zehar, Soledadea izeneko lekuan egoten dira.

Ostegun Santu eguneko elizkizunean, Soledadean dagoen sagrario batetan, Jesus, (Kaliza batek irudikatuta) giltzapetzen da eta urrezko giltza bere kate eta guzti, Segurako alkateak gordetzen du golkoan, Ostiral Santuan bere espetxe horretatik askatzen duten arte (esan behar da Lardizabal famili ospetsuko kide batek oparitutakoa dela giltza hau).

Jauna leku horretan dagoen bitartean, bela egiten zaio. Hau benetan ohitura bitxia da eta harrigarria oraindik kontserbatzea. Bela egiteak suposatzen du, momenturo jendea bertan egongo dela atxilotutako Jauna zaintzen, ordu-erdiko txandatan egon ere. Txanda hartzeko, Erramu eguneko meza ondoren, zozketa egiten da. Une orretatik aurrera, emakumezkoak hasiko dira belauniko bela egiten gaueko hamarrak arte. Gero, gizonezkoek goizeko zazpiak arte egiten dute zaintza, zazpietan berriro erreleboa emakumeek hartuz. Eliz ospakizun garaian, erromatar soldaduak egiten dute txanda.

Segurako prozesio honetan 305 herritarrek hartzen dute parte (biztanlegoaren laurden batek): 65 santueramale, 50 nazareno, erromatar soldaduak 13, penitenteak 24, monagiloak,...

Santueramaleak guztiz beltzez jantzita joan ohi dira, zama handiko andak eramaten dituztelarik bizkarrean. Aipagarria da honetan ere familiako tradizioak duen indarra: aitak semeari eta honek bere ondorengoari uzten baitio bere "postua".

Prozesioaren ibilbidea honako hau izan ohi da: Elizatik atera eta Kale Nagusitik behera abiatzen da, noizean behin geldiuneak eginez. Gero, Unzurrunzaga kaletik gora segitzen du, Lardizabal kalea pasatuz. Hemendik, Zurbano kalean behera joaten da, "Bolalekua" zeharkatuz eta Kale Nagusitik gora, elizara itzultzen da.

Prozesioak hamar paso dauzka, hauetako bakoitzak Jesusen pasioaren bizipen bat adierazten duelarik. Pasoak banan-banan hauek dira: San Juan, Baratzeko otoitza, Etsaiak (flajelazioa), Pilato, Simón zirenearra, Kurutzea, Piedadea, Ama Birjina (ostegunean), Sepulkroa (ostiralean) eta Ama Doloretakoa (ostiralean).

Hauetaz aparte, paso bizidunak daude: nazarenoak, penitenteak (damutuak), erromatar soldaduak eta aingeruak, San Migel.

Azkenik, prozesioa girotzeko: txistulariak, korua eta musika banda (legazpiarrak, segurarrak ez ziren bakarrak).

Prozesioa eliz eta herriko agintariek ixten dute.

TXISTULARIAK

  • Txistulariak ematen diote hasiera prozesioari.
    Gaur egun hiru abesti jotzen dituzte: egile ezezaguneko eta Josu Etxeberria segurarrak armonizatutako "hileta doinua" (bakarrik Ostiral Santu egunean eta udaletxetik elizara bidean, eta elizgizonekin agintariekin, erromatar soldaduekin, nazarenoekin, penitenteekin eta aingeruekin batera doazen bitartean). Beste bi abestiak ostegun eta ostiralean jotzen dituzte: Sorozabalen "Gernika" eta "Alostorre" deiturikoa (euskal doinu zahar honen armonizazioa, txistularien buru den Joxe Mari Telleriak egin du).

NAZARENOAK

  • Sei-zortzi urte bitarteko neska-mutilak dira. Orain hamabi urte arte gutxi gora behera, mutilezkoak bakarrik janzten ziren. Ondoren, ordea, neskak ere parte hartzen hasi ziren. Koskortuenek bi anda eramaten dituzte: Jesus txiki bat eta Gurutzea (bat neskek eta bestea mutilek).

SAN JUAN ABANJELARIA

  • Jesus hil zorian, gurutziltzatua zegoenean, bere alboan zituen bere ama eta ikasle maitea zen Juan. San Juanen irudia Ama Jasokundearen elizan alboko erretaula bateko partea da, hain zuzen, "Gurutzea eta Bakardadearen erretaula"koa.
    Paso honek 80 kilo pisatzen ditu, 4 santueramale dituelarik. Denak Kortaberri auzokoak.

BARATZEKO OTOITZA

  • Apostolu guztiekin azken afaria egin ondoren, Jesus Getsemani izeneko baratzera joan zen otoitz egitera, berak ondo baitzekien zer zetorkion. Imajina honetan, Jesus belauniko otoitz egiten agertzen da. Irudi hau lorez inguraturik agertzen da, benetako baratza batetan egongo balitz bezala. Segurako zenbait emakume arduratzen da paso hau dotoretzeaz, garaiko loreak beren baratzetatik jasoaz. Pasa den gizaldian Bartzelonatik ekarritako irudi honek 116 kilo ditu, 4 santueramale eta bi ordezko.

PENITENTEAK edo DAMUTUAK

  • Kukurutxo luze batek burua eta aurpegia estaltzen die; eskuan gurutze forma duen makila luze bat daramate, izenak dioen bezala, penitentzia egiten doaz, beren pekatuak barkatuak izan daitezen. Penitenteak bi lekutan agertzen dira: Lehenengo saila Baratzeko otoitzaren atzetik eta bigarrena Ximon zireneoarren atzetik. Neska eta mutilak izaten dira, 24 denera (12 eta 12).
    Damutuen jantziak 1932. urtean, Teodoro Ondarrak, garai hartan Segurako bikario zenak, Erroman ikusi, gustatu eta eginarazi zituen.

ETSAIAK

  • Paso honetan bi etsaiek Jesus zigortzen dute. Jesus erdi biluzturik agertzen da, bizkarra urratuta, aurpegi errukitsua. Santueramaleek anda alde batetik bestera mugitzen dute, aldi berean zigortzaileen latigoak ere batetik bestera mugitzen direlarik, bizirik egongo balira bezala. XIX. mendean ekarria, 215 kilo pisatzen ditu, 6 santueramale dauzka eta 3 ordezko.

PILATO

  • Hiru irudi ikusten dira: Jesus erdian, bere eskubian Pontzio Pilato eta ezkerrean erromatar soldadu bat. Paso honetan, Jesus bere herriaren aurrera ateratzen dute. Burla moduan, arantzako koroa, purpura koloreko mantua eta kanabera bat eskuetan ipintzen diote, Juduen erregea dela esateaz akusatzen baitute. XIX. gizaldian ekarritako irudiak dira. 240 kilo pisatzen ditu. 6 santueramale dauzka eta 3 ordezko.

SOLDADU ERROMATARRAK

  • Kapitaina buru dutelarik, guztira 13 soldadu dira. Hauetatik seiek kolore urdineko jantziak dituzte: lauek tronpeta jotzen dute eta beste biek danborra. Beste sei soldaduak kolore gorriz jantzita agertzen dira, beren ezpata zorrotzak eskuan dituztelarik.
    Denen buruzagi bezala kapitaina doa: daramatzan jantziek seinale dute bere kategoria. Erromatar soldaduek Jesusi bere herriak ezarritako zigorra betearaztea dute lana. 
    Bitxikeria gisa, esan Segurako gizonik bikainenak izan ohi direla erromatar bezala janzten direnak. Beren jantziak 1897. urtean, Parisera eskatu zituen Lardizabal sendiko batek. Patroia bezala, Segurako gizonik handiena zen "Mantxotegi" baserriko semearen neurriak bidali zituzten. Paristik, ordea, segituan iritsi zen abisua, nahastu egingo zirela neurriekin edo.

XIMON ZIRINEARRA

  • Irudi honetan adierazten dena hau da: Jesus erabat makurtuta eta atzetik Ximon laguntzaile gisa. XIX. mendean ekarria, 152 kilo pisatzen ditu, lau santueramale eta 2 ordezko.

KURUTZEA

  • Jesus gurutzean josita agertzen da, iltzeak esku bietan eta oinetan, buruan arantzako koroa, hil zorian zerura begira. Gurutzea Segurako elizan betidanik ezagutu da, baina 1937. urtean atera zuten lehenengo aldiz prozesioan. Pasorik pisuena da, 287 kilo pisatzen ditu eta. Hiru metroko luzera du. Hasera batetan lau eramale bazituen ere, gaur 6 dira eta 3 ordezko.

KANTOREAK

  • Aste Santuko egun hauetan, abeslari hauek arduratzen dira prozesioari soinua ez ezik, letra ere jartzen. Egun hauetarako aproposak diren abestiak aukeratzen dituzte, batzuk aipatzearren: Lekuonaren "Zure gurutzetik", "Bila eta bila nabil" anonimoa, Sebastián Bach-en "Gurutzeko oinazetan", Gorosarriren "Miserere"...

PIEDADEA

  • Ama Birjinaren aurpegia esanguratsua da, arropa beltzek estaltzen dute bere gorputza eta bihotza bi ezpatez gurutzatua dauka, saminaren adierazgarri. Jesusen gorpua, pakean, erromatar soldadu batek egindako azken zauria saihetsezurrean ikusten zaiolarik. XIX. mendean ekarria, 179 kilo ditu, 4 santueramale eta 4 ordezko.

SEPULKROA

  • Ostiral Santu egunean, Jesus aldarean egoten da gurutziltzatua. Bertan Jesusen jaitsiera antzezten da, orain ia 2000 urte Golgota mendian bezala. Sermoilari baten aginduetara, bi gizon arduratzen dira jaitsieraz. Hauek banan-banan mingarri guztiak kentzen dizkiote Jesusi (Koroa, INRI idatzia eta iltzeak) eta gorputza herriari erakutsi ondoren, poliki-poliki hil kutxan sartzen dute, urrez bordaturiko izara txuri batek Jesusen hilotza estaltzen duelarik.
    Gurutzetik jaisten duten Jainkoak 1,80 metro neurtzen ditu eta bere gurutzeak 4 metro. Imajina hau artikulatua da eta eskulan izugarria du. Sepulkroak 140 kilo pisatzen ditu eta santueramale altuenek eramaten dute (lau dira guztira). 1918. urte arte, jaitsiera baino lehen, Jesusen heriotza antzezten omen zuten, giroa egokitzeko, elizako leihoak oihal beltzez estaltzen zirelarik eta txapa galbanizatu bati kolpeak emanez eta bolbora piztuaz, tximista eta trumoiak antzezten.

AINGERUAK

  • Ostiral Santu egunean, Jesus gurutzetik jaisten ari diren bitartean, agertzen dira aingerutxoak San Migel buru dutela. Aingerutxoak 3-4 urte bitarteko haurrak izaten dira eta hauek laguntzaile koxkorragoak eramaten dituzte. San Migel goiaingeruaren inguruan tradizio kutsu handia nabari daiteke: hamalau urteko mutila izaten da eta benetan jantzi ikusgarria eramaten du, XIX. mendearen hasierakoa dena. Esku batetan ezpata eta bestean ezkutu bat dituelarik, noizean behin dantza antzeko bat egiten du.

AMA BIRJINA eta AMA DOLORETAKOA

  • Ama Birjinaren irudia prozesioko azken irudia da, zaharrenetakoa San Juanekin batera, Salvador Carmonaren eskolakoa.
    Ostegunean kolore argiz joaten da, oraindik bere semea bizirik dago eta. Ostiralean, ordea, Ama Doloretakoa izango da (beste irudi bat da), beltzez jantzita, samina isladatzen duelarik bere aurpegian. 100 kilo ditu, 4 santueramale eta bi ordezko.
    Urtean zehar, Ama Birjina elizan eskubialdean dagoen erretaulan egoten da jarria, "Gurutzea eta Bakardadea" izeneko erretaulan.

MUSIKA BANDA

  • Urte ugari, 20 inguru, darama Legazpiko bandak Segurako prozesiora etortzen. Normalean jotzen dituzten (edo, bere kasuan, inoiz jo izan dituzten) konposizioak: "Esperanza marinera", Chopin-en "Hileta martxa", "Karitatea", "Sueño eterno", "La Virgen del Castillo Viejo" eta "Descanse en Paz".
    Musika banda penitenteen atzetik joan ohi da prozesioan.

AGINTARIAK

  • Segurako prozesioa herriko agintariek eta elizgizonek ixten dute.

Antolatzaileak: Segurako Udala eta Parrokia.



Ekei Kulturweb S.L.L.