Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Koadernoa: Juan Kruz Igerabide

Koadernoa: Juan Kruz Igerabide

  • Juan Kruz Igerabide

#DKetxean-ren "Koadernoa" egitarauaren barruan, Juan Kruz Igerabidek "Katua" aurkezten du.

Udalherria: Donostia / San Sebastián

Lekua:  Donostiako beste auzo eta guneak

Hasiera: 2020/04/6

Amaiera: 2020/05/31

Sarrerak: Doan / Gratis

Donostia kultura

Reina Regente, 8. 20003 Donostia (edificio del Tea (20003) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943 481 150
Faxa: 943 483 900
Weba: http://www.donostiakultura.eus
Emaila: donostiakultura@donostia.eus

Donostia Kultura -gaur egun Enpresa Erakunde Publikoa- hiriaren garapen eta proiekziorako kultur eragile nagusia da. Hainbat udal-ekipamendu eta -zerbitzu kudeatzeaz gain, kultura-diziplina guztietan programazioa eta jaialdiak antolatzen ditu eta, bereziki, hirian kultura-plataforma berriak sustatzen ditu ekimen publikoak eta pribatuak bateratuz.

Juan Kruz Igerabideren Katua testuak katuen begiradarekin bat egiten du, Étienne de la Boétie-ren aipu batetik abiaturik (gizakiak askatasun-egarria itotzen duenekoa), egoera bare baina atezu batean amaitzeko. Katua lasai dago, ez konforme.

Koadernoa izeneko egitasmoaren barruan, gure idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak. Eguneroko eskaintza izango da –astelehenetik ostiralera–, donostiakultura.eus-etik eta sare sozialetatik. Zenbait idazle ezagunek, hala nola Juan Kruz Igerabide, Luisa Etxenike, Mila Beldarrain, Julia Otxoa, Jabier Etxaniz, Aritz Gorrotxategi, Oier Guillan eta Ana Malagonek, agindu digute DKEtxean Kuadernoa programaren lehen egunotan parte hartuko dutela.

KATUA

«Erabaki ezazue ez hura gehiago zerbitzatzea, eta libre izango zarete. Ez dizuet eskatzen hura paretik kentzeko, hari bultza egiteko, baizik eta ez eusteko; eta ikusiko duzue nola, oinarria kendu zaion koloso baten pare, bere zama hutsaren pean deuseztatzen eta txikitzen den. Alabaina, medikuek aholkatzen duten bezala, ez da saiatu behar sendaezinak diren eritasunak sendatzen, eta, beharbada, ni ere oker nabil herriari hau esanez, galdua baitu aspaldidanik bere gaixotasunaren ezaguera, eta, hala, gaixotasun hori hilgarri bihurtu baitzaio. Saia gaitezen ulertzen, ordea, ahal izanez gero, zerbitzatzeko borondate egoskor hori nola sustraitu den hain sakon, libertatea maitatzea bera ere naturaltzat ez jotzeraino.» [Étienne de La Boétie, Borondatezko morrontzari buruzko mintzaldia]

Étienne de la Boétiek 18 urterekin idatzi zuen mintzaldi hori. Izen handiko politikari eta zerbitzari publikoa izan zen bere garaian, Montaigneren lagun mina, boterearen eta aristokraziaren girokoa. Eta, hala ere, esaten dutenez, haren idatzietan desobedientzia zibilaren eta anarkismoaren ernamuina omen dago.

Montaignek bere gaztelutik begiratzen zion munduari, ironia sakon batez. Nik, berriz, balkoi honetatik begiratu behar munduari, Montaigne irakurriz. Katu bat peto-peto begira dagokit auzokoaren balkoitik. Badirudi nirekin batera irakurtzen ari dela liburu hau. Ez dute kalera ateratzen paseatzera. Txakurrak baino ez daitezke atera. Haurrak eta katuak, etxean, marrumaka.

Katuaren begietan, hala ere, ez dut irakurtzen etxetik irten ezinaren saminik, debekuaren lokarriaren arrastorik. Montaigne irakurtzeari utzi, eta katuaren begietan irakurtzen hasi naiz. Bakuninen anarkismo guztia haren betile batean kabitzen da. Kliska egin du oraintxe. Ezaxola kosmiko batez begiratzen dio munduari balkoitik. Beste kliska batez, Montaigneren ironia guztia hauts bihurtzen du.

Ume bat irten da balkoira. Besoetan hartu du katua. Katuak utzi egin dio, erabat emanik; burua igurzten du umearen sabelaren kontra. Marruma arin bat entzun diot. Haurra aulki batean eseri da, katua magalean duela. Nik begiak Montaigneren Saiakerak-eko orrietara itzuli ditut. Begirada periferikoa erabiliz ikusi dut haurra niri begira dagoela; katua ere niri begira, biak nirekin batera irakurtzen ari balira bezala. Irakurtzean ez dut ohiturarik ezpainak mugitzeko, baina gaur berez bezala mugitzen zaizkit.

Juan Kruz Igerabide



Ekei Kulturweb S.L.L.