Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Euskal Herriko Unibertsitatearen Hezkuntzaren Museoa

Euskal Herriko Unibertsitatearen Hezkuntzaren Museoa

  • Irudia

ME-UPV/EHU-HMren helburu nagusia da Euskal Herriko hezkuntzaren memoria historikoa ezagutzea, zabaltzea eta babestea, museo pedagogikoen ohiko erabilera eta helburuez gainera (hezkuntza ondare historikoaren katalogazioa eta kontserbazioa), eta azterketa, ikerketa eta erabilera didaktikoa gehitu behar zaizkie xede horiei.

Udalherria: Donostia / San Sebastián

Lekua: Ibaeta auzoa

Ordua:  

Hasiera: 2021/01/1

Amaiera: 2022/12/31

Sarrerak:  

Beharrezkoa da Euskal Herriko hezkuntzaren ondare eta memoria historikoa zaindu, aztertu eta zabaltzea, eta ME-UPV/EHU-HM museoak eginkizun hori bete nahi du. Prestakuntzaren ikuspegitik, Euskal Herriko historia garaikidean izan diren hezkuntza erakundeen eta eskola praktiken historiaren alderdi guztiak lantzen ditu; aldiz, erakustoki modura, zabalik dago ikastetxeentzat eta jende guztiarentzat.

Museoaren guneak

Museoak zazpi areto ditu, lau gune nagusiren inguruan antolatuak: Topagunea, Eskola gunea, Euskal hezkuntzaren gunea eta Irakaskuntzen eta ikaskuntzen gunea. Gune horiei Dokumentazio Zentroa gehitu behar zaie.

  • Euskararen Mundua - Areto zabal eta ireki bat da, 50 m2 ingurukoa eta Museoaren sarrera ondoan kokatua, bisitariei ikusiko dutenari buruzko lehen azalpen bat emateko erabiltzen dena. Museoaren aurkezpen toki eta topagune honetan, "Euskal Unibertsitatea"-ri buruzko kartelak ere ipini ditugu, Eusko Jaurlaritzak Bigarren Errepublikan sortutako unibertsitate proiektuari buruzkoak, lehen unibertsitate horren bilakaera eta esanahia azaltzeko. Gaur egungo UPV/EHU bere iraganarekin lotzen duen gunea da
  • Eskola Gunea - Frankismo garaiko zortzi idazmahai bikoitz berreskuratu ditugu, eta irakasle mahai bat, arbel beltz bat eta hainbat elementu apaingarri.  Horrekin guztiarekin ikasgela bat osatuta, 50-60 urteetako ikasgelak nolakoak ziren erakutsi nahi dugu, garrantzitsua iruditzen zaigulako bisitariak eskola eredu tradizional horretan kokatzeko. Litekeena da batzuek gogoan izatea eredu hori, gaztetan bizi izan zutelako; beste batzuek, aldiz, Hezkuntzaren Historiako klaseen bidez ezagutuko dute, irakasle ikasketak edo pedagogiako gradua egiten ari diren ikasleen kasuan. Gainera, material modernoagoa ere eskuratu dugu, 70eko hamarkadako hezkuntza erreformari dagokiona, eta aurreko materialaren ondoan ipini dugu, bisitariek eskola altzarietan izandako aldaketak ikus ditzaten bistako batez. Eskola gunearen helburua, beraz, eskolatzearen esanahia zein den azaltzea da, gogora ekarriz garai bateko eskola bizipenak.
  • Euskal Gunea - Bi aretotan antolatu den gune honetan, bisitariak ibilbide bat egiten du XIX. mende hasieratik hezkuntza formalak Euskal Herrian izan dituen mugarri nagusietan barrena: Moyano Legearen efektuak, Karlistaldiak, Seiurteko iraultzailea, Primo de Riveraren diktadura, etab. Asmoa da agerian uztea gure hizkuntzaren eta kulturaren garrantzia, eta aldundiek eta udalek euskararen alde bere garaian egin zuten lana; alde horretatik, aipatzekoak dira Bizkaiko Auzuneetako Eskolak, Gipuzkoako Landa Eskolak, Arte eta Lanbide Eskolak eta Institutu Probintzialak. Boluntario baten laguntzari esker, bi maketa lortu ditugu, bata Donostiako Arte eta Lanbide Eskolarena eta, bestea, Institutu Probintzialarena, gaur egun zutik dirauena, nahiz eta hezkuntza arlokoak ez diren beste erabilera batzuekin. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Bigarren Errepublikan antolatu zuen lehen ekintzetako bati buruzko panelak jarri ditugu: gerra eremuetako umeen ebakuazioa Europako herrialdeetako eta Mexikoko erbestera. Haurtzaroaren hainbat alderdiri eskainitako gune bat da. Bigarren aretoak Gerra Zibilaren amaiera du abiapuntu, eta hortik aurrera Euskal Herrian gertatutakoak azaltzen ditu. Frankismoan, legez kanpo funtzionatzen zuten eskolak sortu ziren han-hemenka, hainbat herritan, eta euskara irakasten zuten, debekatua egon arren. "Etxe eskola" horiek nolakoak ziren erakutsi nahi dugu, eta ikaskuntza formala eta etxetik kanpoko irteerak uztartzen zituen irakaskuntza eredu aktibo horren berri eman. Horretarako, eskola horietan erabili ziren koaderno batzuk eskuratu ditugu, baita argazkiak eta ikasle izan zirenen lekukotasunak ere. Gune honetan bildu ditugu ere berrikuntza pedagogikoko mugimenduak, euskal curriculuma ezartzeko urratsak, euskalduntze-alfabetatzea, etab.  Aurrera begira, asmoa dugu gune honetan ikastetxe baten "markaren" adierazle diren elementuak ipintzeko –ikastetxe pribatuen elementuak bereziki–, hala nola uniformeak, banderolak…, elementu aproposak ikasleek partekatutako identitate bat sortzeko. Bestetik, eskolaren ahotsak ere sartu nahi ditugu, maisu-maistren bizitza kontakizunekin; eskolaz kanpoko jarduerak (danborrada, hondartzako futbola, etab.), hezkuntza arloko legeen kronologia, etab.
  • Irakaskuntzen eta ikaskuntzen gunea: material zientifikoa - Bi aretotan banatutako gune honetan, hainbat irakasgairen irakaskuntzan erabili diren materialak kokatu ditugu: hala nola fisikan, kimikan, geografian, natur zientzietan, etab. Ikastetxe publiko eta pribatuetatik eskuratu ditugun tresna horien bidez, eskola curriculuma eratzen duten irakasgaietako irakaskuntza eta ikaskuntza nolakoa izan den ezagut daiteke. Material zientifikoaren azterketa asmo pedagogoko jakin batzuen isla da, eta era honetako tresneria elementu "bereizgarri" ere izan da ikastetxe batzuentzat. Ikastetxe horietako batzuek gordailutan laga digute material horren zati bat. Honako hau idazteko unean, ME-UPV/EHU-HM museoak Lasalletarren dohaintza bat jaso du, fisika, kimika, elektrizitatea, optika… irakasteko 60 objektu zientifiko baino gehiagok osatua, XX. mende hasierakoak eta Parisko Deyrollé eta Cultura de Madrid etxeek fabrikatuak.
  • Dokumentazio Zentroa - Dokumentazio Zentroan, XX. mendean erabilitako testuliburuak, eskola koadernoak, memoriak, etab. aurkituko ditu bisitariak. Gainera, hezkuntza gaiei buruzko liburutegi bat ere badugu, hezkuntzaren historiari buruzko XVIII., XIX. eta XX. mendeetako liburuekin.

Bisita gidatuak

Unibertsitate museo askoren antzera, gure helburuetako bat da museoa erabiltzea unibertsitate irakaskuntzaren euskarri gisa. Alde horretatik, museoa martxan jarri zenetik, etengabeak izan dira Hezkuntzaren Historia irakasgaiko irakasle eta ikasleen bisitak. Ikasleen erantzuna oso positiboa izan ohi da, eta museoko materialak eta objektuak bertatik bertara ikusteak oinarri sendoago bat ematen die ikasitakoa finkatzeko.

Bisita gidatuak bereziki aproposak dira irakasle ikasketa, gizarte hezkuntza eta pedagogiako graduko eta masterreko ikasleentzat. Irakaskuntzarekin lotura zuzena duten bisita hauez gainera, esperientzia gelan ikasten ari diren helduen taldeak ere etorri dira museora.

Era berean, lurralde, udal eta unibertsitate agintariak ere izan ditugu bisitan, museoa zuzenean ezagutzeko asmoz. Bestetik, ikertaldeak aurrera begira duen helburuetako bat da museoa unibertsitatetik eta irakaskuntza alorretik harago gizarte osora zabaltzea. Hori horrela, agintari politikoek begi onez ikusten dituzte era honetako ekimenak, nahiz eta krisi ekonomikoa eragozpen izan daitekeen museoa publikora zabaltzeko behar diren erabakiak hartzeko.

Oro har, bisitak ikertaldeko kideen gidaritzapean egin ohi dira, eta ordubete eta ordubete eta erdi artean irauten dute.

Bisita gidatuak: Telefonoak: 943017389 – 943 018949 / Emaila: museoeducacion@ehu.eus / hezkuntzarenmuseoa@ehu.eus

HMuseoa - Hezkuntzaren Museoa
Pabiloia - Manuel Lardizabal Ibilbidea, 2, San Sebastian Donostia
Telefonoa: 943017389 – 943 018949 - Emaila: hezkuntzarenmuseoa@ehu.eus / museoeducacion@ehu.eus
Autobusez: Donostiako autobusak  (5, 25, 24, 27, 33, 40 lineak)



Ekei Kulturweb S.L.L.