Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Antzerki Garaia 2021

Antzerki Garaia 2021

  • Beasain eta Ordiziako "Antzerki Garaia" ekitaldiaren kartela 2021

Beasaingo eta Ordiziako Udalen elkarlanaren ondorioz, urtarriletik apirilera iraungo du egitasmoak eta zortzi emanaldi eskainiko dira, guztiak egungo osasun egoerak ezarritako babes eta segurtasun baldintzak betez.

Udalherria: Beasain

Lekua: Beasaingo Usurbe Antzokia-Zinema.

Ordua: 19:00

Hasiera: 2021/01/15

Amaiera: 2021/04/23

Sarrerak: 12

Beasaingo Udala

San Martin Enparantza<br>Plaza San Martín, 1 (20200) Beasain

Telefonoa: 943028050
Faxa: 943028051
Weba: http://www.beasain.net/
Emaila: udala@beasain.net

Antzerkia bultzatzen jarraituko dute beste urtebetez Beasaingo eta Ordiziako Udalak elkarlanean antolatzen duten 'Antzerki Garaia' programarekin. Aurtengoa XXVII. edizioa izango da; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin antzerkia hedatu eta ikusleak erakartzeko denboraldi honetarako egitarau erakargarria antolatu dute bi Udaletako kultura sailek.

Aurten Ordizian izan da aurkezpena, Herri Antzokian. Bertan izan dira bi Udaletako kultura zinegotziak: Beasaingo Xabier Matarranz eta Ordiziako Lander Mujika. Lankidetza honen helburuak aurreko ekitaldietako berberak izaten jarraitzen dute: alde batetik, antzerki emanaldietara joateko ohitura sustatzea; eta bestetik, publiko berria erakartzea halako saioetara, batez ere, pertsona gazteak. Lan horri ekiteko konpromezua ez da falta.

Jakina denez, Antzerki garaia programazioak 1995eko lehen hiruhilekoan eman zituen lehenengo urratsak; beraz, aurtengoa Goierriko antzerti-denboralditxoaren hogeita zazpigarren ekitaldia da. Pandemiaren ondorioz une zailak izan dira sektore guztientzat, eta aurten horri aurre egitea espero dugu, pixkanaka normaltasunera itzultzeko. Bien bitartean, Beasaingo eta Ordiziako kultura sailek kulturaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi dute, eta, betiere, osasun neurri egokiekin, "Antzerki Garaia" edizio berri bat eskaini nahi diete goierritarrei. Azken urte hauetako balorazioak, orokorrean, positiboak izan dira eta Beasain eta Ordizia elkarrekin egindako lana ikusleen mesedetan joan da, Goierrin antzerti-denboralditxoa eskainiz.

Zortzi emanaldi, euskarazkoak lehenetsiz

Aurtengo edizioari dagokionez 8 antzezlanek osatzen dute egitaraua. Urtarrilean hasiko da eta apirila bitarte iraungo du. Hilabetero bi saio eskainiko dira. Zortzi ikuskizunetatik sei izango dira euskaraz, bi Udalek euskara sustatzeko duten helburua agerian utziz.

  • Urtarrilak 15, 19:00etan, Beasaingo Usurbe Antzokian: Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio). Tentazioa produkzioak, euskaraz. Lehen emanaldi honetan, urtarrilaren 15ean Aitziber Garmendia aktoreak "Txanogorritxotik otso emera" antzeztuko du.
  • Urtarrilak 22, 19:00etan, Ordiziako Herri Antzokian: Mis mejores hazañas, Alikate producciones, gaztelaniaz. Luis Zahera, aktore galiziarra, Goya sari baten irabazlea eta telesail arrakastatsuetan egindako lanengatik ezaguna dena, Herri Antzokian izango da "Mis mejores hazañas" bakarrizketarekin, eta aurkezle lanetan Kike Viguri aktorea.
  • Otsailak 19, 19:00etan, Ordiziako Herri Antzokian: Konpromisoa, Txalo produkzioak, euskaraz. Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreak haien antzezlana taularatuko dute.
  • Otsailak 26, 19:00etan, Usurbe antzokian: Ameriketako bidaia, Ttantaka Teatroa, euskaraz. Miren Arrieta eta Nerea Mazo aktoreak izango dira Beasainen emanaldia eskaintzen.
  • Martxoak 5, 19:00etan, Ordiziako Herri Antzokian: Porno VS Afrodita, Benetan Be, euskaraz. Patricia Urrutia, Ion Zumelaga eta Juanjo Otero izango dira saioko protagonistak.
  • Martxoak 12, 19:00etan, Beasaingo Usurbe Antzokian: La extraña pareja, Calibán teatro, gaztelaniaz.
  • Apirilak 16, 19:00etan, Ordiziako Herri Antzokian: Losers, Txalo produkzioak, euskaraz. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendiaren lana izango da ikusgai.
  • Apirilak 23, 19:00etan, Beasaingo Usurbe antzokian: Irabazi, Txalo produkzioak eta LaMandanga, euskaraz. Berriz ere, Jon Plazaola igoko da taula gainera, aurtengo edizioari amaiera ematera.

Sarrerak eta abonuak

Sarrera 12 eurokoa izango da emanaldi bakoitzeko. Sarrerak, antzezlana egin behar den antzokiaren leihatilan (Beasaingo Usurbe antzokian eta Ordiziako Herri Antzokian) eskuragarri egongo dira, eta baita www.kutxabank.eus zerbitzuan ere.

Horrez gain, denboraldi osorako abonuaren salneurria 72 eurokoa da, eta hauek erosteko epea urtarrilaren 11a arte egongo da; egun hori barne. Denboraldi osorako abonua erosten dutenek emanaldi guztietara sartzeko aukera izango dute, bai Beasainen zein Ordizian egiten direnetara. Horrez gain, bi herrietan urtean zehar izango den antzerki programazioaz informazio zehatza jasoko dute.

10 sarrera baino gehiago erosi nahi dituzten kultura talde, ikastetxe eta gisakoek sarrera-prezio berezia izango dute: 10 euro sarrerako. Taldeko sarrerak lortzeko dagokion Udaleko kultura sailean aldez aurretik jakinarazi beharko da.

Emanaldi guztiak 19:00etan hasten dira, eta puntuan agertzea eskatzen da, are gehiago, bizi dugun egoera zein den ikusita. Hala, beharrezko neurriak hartuko dira guztien segurtasuna bermatzeko. Emanaldi hasi ostean ez da sartzerik izango.



Ekei Kulturweb S.L.L.