Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Nosferatu: "Buñuel"

Nosferatu: "Buñuel"

  • Luis Buñuel (Argazkia: © Luis Buñuel Film Institute)

Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak, Tabakalerak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak Nosferatu Ziklo berria antolatu dute. Oraingoan Tabakalerako Zinema 1. Aretoan "Buñuel" zikloko pelikulak proiektatuko dira.

Udalherria: Donostia / San Sebastián

Lekua: Tabakalera

Ordua: 19:00

Hasiera: 2021/01/6

Amaiera: 2021/03/31

Sarrerak: 3,50 €

Donostia kultura

Reina Regente, 8. 20003 Donostia (edificio del Tea (20003) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943 481 150
Faxa: 943 483 900
Weba: http://www.donostiakultura.eus
Emaila: donostiakultura@donostia.eus

Donostia Kultura -gaur egun Enpresa Erakunde Publikoa- hiriaren garapen eta proiekziorako kultur eragile nagusia da. Hainbat udal-ekipamendu eta -zerbitzu kudeatzeaz gain, kultura-diziplina guztietan programazioa eta jaialdiak antolatzen ditu eta, bereziki, hirian kultura-plataforma berriak sustatzen ditu ekimen publikoak eta pribatuak bateratuz.

Atzera begirako honetan osorik ikusi ahal izango da Aragoiko zinegileak zuzendari gisa egindako lana, 32 filmez osatua, eta 2021ean zehar proiektatuko dira. Programazioaren osagarri, Buñuel + Plus izenarekin taldekatutako beste 13 proiekzio izango dira, non bere bizitzarekin eta obrarekin lotutako filmak ikusi ahal izango diren.

Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, Calandako zuzendariaren lanari eskainiak. Lehena, Luis Buñuel, Colección Nosferatu-ko 17. zk., Jesús Angulok eta Joxean Fernándezek koordinatu dute eta urtarrilean plazaratuko da. Bigarrena, Nosferatu Bildumako 9. zenbakia, Harkaitz Canok idatzia da, eta udaberrian kaleratuko da.

Luis Buñuel, zalantzarik gabe, zinearen historian izan den zinegile handienetako bat da, zinegileen hainbat belaunaldiren erreferentzia. Bere ibilbideak ia 50 urte jasotzen ditu eta batez ere Frantzia eta Mexiko artean garatua da ‒Espainian egin zituen sarraldi (nabarmen) batzuekin batera‒. Hala, XX. mendeko artearen hainbat klasiko utzi zituen ondare etorkizunerako, besteak beste: Viridiana (1961), El ángel exterminador (1962), Belle de Jour (1966), Tristana (1970) eta Le Charme discret de la bourgeoisie (1972).

Egitaraua:

Urtarrilak 6:

  • Un chien andalou (1929)
    • Laino batekin ilargia zeharkatzen eta bizar-labana batekin begi bat erditik ebakitzen egin zuen amets Buñuelek. Esku batekin inurriz beteta egin zuen amets Dalik. Hala, gidoi bat hasi ziren idazten ideia horietatik abiatuta, eta Parisen filmatu zuten. Hor hasten da Luis Buñuelen karrera zinematografikoa.
      • Intertituluak: euskara, frantsesa
  • L'Âge d'or (1930)
    • Debuta egin eta handik urtebetera, Luis Buñuelek bere bigarren filma zuzendu zuen, Un chien andalou (1929) izugarri gustatu zitzaien talde surrealistaren mezenas Noailleseko bizkondeek finantzatuta. Daliren ekarpen batzuekin idatzi zuen Buñuelek gidoia. Pelikulak berealdiko eskandalua sorrarazi zuen estreinatu zen gau beretik.
      • Hizkuntza: frantsesa
      • Azpitituluak: euskara

Urtarrilak 13:

  • Las Hurdes / Tierra sin pan (1933)
    • Bere lagun Ramon Acinek loterian irabazitako diruarekin, Fiat zahar batekin, eta bost pertsonak osatutako talde batekin, Las Hurdesera (Caceres) joan zen Buñuel; lekua garai hartako Espainiako eskualde pobre eta atzeratuenetako bat zen, eta Buñuelek dokumental bat filmatu zuen bertan. Gainerakoa legenda da.
      • Hizkuntza: frantsesa
      • Azpitituluak: gaztelania
  • España leal en armas (Espagne 1936, 1937)
    • Gerra Zibilaren hasieran, Aragoiko zinegileak dokumental hau idatzi eta ekoiztu zuen Espainiako Enbaxadatik Parisen, eta Errepublikako Gobernuaren Propagandako Idazkariordetzaren babesean.
      • Hizkuntza: frantsesa
      • Azpitituluak: gaztelania

Urtarrilak 20: BUÑUEL + PLUS

  • Zinemaren hastapenak. Surrealismorantz
    • Le Déshabillage impossible (1900). Georges Méliès, Frantzia / Francia. 2 min
    • Le Cochon danseur (1907). Pathé Frères. Frantzia / Francia. 3 min
    • El hotel eléctrico (1908). Segundo de Chomón. Frantzia / Francia. 9 min
    • The Haunted House (1921). Buster Keaton, Edward F. Cline. AEB / EEUU. 21 min
    • La Coquille et le clergyman (1928). Germaine Dulac. Frantzia / Francia. 32 min
    • Pour vos beaux yeux (1929). Henri Storck. Belgika / Bélgica. 8 min
      • Intertituluak: euskara, ingelesa

Urtarrilak 27:

  • Gran Casino (1947)
    • Hamar urte baino gehiago film bakar bat ere zuzendu gabe egon ondoren, Oscar Dancigers ekoizleak aukera eskaini zion Buñueli debuta egiteko Mexikoko zinean, Jorge Negrete eta Libertad Lamarque argentinarra protagonista dituen melodrama honekin. XX. mendearen hasieran, bi iheslari petrolio-putzu batzuetan hasi dira lanean, Tampicon. Putzuen jabea, Irigoyen jauna, desagertzen denean, haren arreba Mercedes iritsiko da negozioaren kargu egitera.
      • Hizkuntza: gaztelania

Otsailak 3:

  • El gran calavera (1949)
    • Ramiro Mata alargun aberats bat da, parrandazalea eta edariari emana, eta utzi egiten dio bere  familiari  bere  dirua  xahutzen.  Bere  seme-alaba  Virginia  eta  Eduardo,  bere  anaia Ladislao, eta bere koinata Milagros besterik ez dute nahi beregandik, dirua, eta horri esker daramate luxuz eta erosotasunez jositako bizimodua. Egun batean, ordea, Ramiroren beste anaia bat, Gregorio, iritsiko da etxera, eta erabaki egingo du egoera horri azkena ematea. Hartara, familia osoari sinestaraziko dio agortu egin dela familiaren dirutza. Lanean hasi beharrean izango dira biziraun nahi badute.
      • Hizkuntza: gaztelania

Otsailak 10:

  • Los olvidados (1950)
    • Buñuelek gordintasunez eta optimismorik gabe ‒hala dio filmaren sarrerak‒ kontatzen du Mexiko Hiriko gazte talde baten bizitza. New Yorkekoak, Londreskoak edo Pariskoak ere izan litezkeen biztanleak, "miserian bizi diren familietakoak, ahora eramateko janik gabe, higienerik gabe, eskolarik gabe, etorkizunean delinkuente izateko harrobi". Jaibok ihes egin du adingabeen espetxe batetik, eta bere auzora bueltatu da, eta Pedro aurrean dela hilko du espetxera bidalarazi zuen mutila.
      • Hizkuntza: gaztelania

Otsailak 17: BUÑUEL + PLUS

  • Las tres luces (Der müde Tod, 1921)
    • Diligentzian doazen bi gazte maiteminduk bat-batean ezezagun misteriotsu bat elkartu zaiela ikusten dute. Ibilgailua ostatu batean gelditzen da eta gizona mutil gaztearekin batera desagertzen da. Neska etsi-etsian hasiko da bere senargaiaren bila, eta heriotzak eraman duela jakiten duenean, itzul diezaiola eskatzen dio arren. Heriotzak itzaltzear dauden hiru kandela erakusten dizkio ‒haietako bakoitza bizitza bat da‒ eta, hala, azaltzen dio kandeletako bat piztuta mantentzea lortzen badu bakarrik berreskuratu ahal izango duela senargaia.
      • Intertituluak: alemana, gaztelania

Martxoak 3:

  • Susana. Carne y demonio (1950)
    • Bere bizitzako azken urteak pasatu dituen erreformatoriotik ihes egin du Susana gazteak eta don Gudaluperen haziendan bukatu du. Tradizionala, katolikoa eta ohitura onak mantentzen dituen bat da haren familia, eta inoiz izan ez duten alabatzat hartu dute Susana. Bere zaurietatik onera etorrita, diskordiaren hazia ereiten hasiko da etxean, inguruko gizon guztiak seduzitzen saiatzean.
      • Hizkuntza: gaztelania

Martxoak 10:

  • La hija del engaño / Don Quintín el amargao (1951)
    • Carlos Arnichesen eta Antonio Estremeraren sainetearen moldaketa hau lehendik 1935ean eraman zuen Buñuelek zinera Espainian, ekoizle gisa, Luis Marquinak zuzendutako bertsio batean. Don Quintín komertzioko bidaiari bat da, printzipio moral zorrotzekoa. Egun batean, etxera iritsi eta beste gizon batekin aurkitzen du ohean emaztea. Engainatuta eta etsita, etxetik alde egiteko esaten dio, eta berarekin geratuko dela bien alaba. Umea, ordea, beste gizon batena dela esan dio emazteak.
      • Hizkuntza: gaztelania

Martxoak 17:

  • Una mujer sin amor / Cuando los hijos nos juzgan (1951)
    • Guy de Maupassanten Pierre et Jean nobelan oinarritutako melodrama honi buruz bere pelikularik txarrena zela esan zuen Buñuelek elkarrizketa batean baino gehiagotan eta bere memorietan. Emakume batek, bera baino urte dezente zaharragoa den antikuario zorrotz batekin ezkonduak, ingeniari gazte bat ezagutu du eta harreman bat hasi du berarekin. Elkarrekin  ihes  egiteko  proposatuko  dio  hark,  baina  senarra  gaixo  jartzen  da  eta  bere ondoan geratzea erabakiko du Rosariok.
      • Hizkuntza: gaztelania

Martxoak 24: BUÑUEL + PLUS

  • Al morir la noche (Dead of Night, 1945)
    • Arkitekto batek gonbidapen bat jaso du urruneko Pilgrim etxaldetik. Bertan, gonbidatu batzuekin elkartuko da; ez ditu ezagutzen, baina oroitzapen lauso bat du haietaz. Bakoitzak misteriozko istorio bat kontatzen du: heriotza iragartzen duela dirudien autobus gidari batena; haur fantasma batena; ispilu madarikatu batena; hil ondoren ere emakume batek aurrez aurre jarritako bi lagunena; panpina batena eta haren bentrilokuoarena...
      • Hizkuntza: ingelesa
      • Azpitituluak: gaztelania

Martxoak 31:

  • Subida al cielo (1951)
    • Oliverio gaztea behartuta dago bere ezkon gaua bertan behera uztera, bere ama, doña Ester, oso gaixo jarri delako eta eskatu egin diolako Figueroa lizentziatuaren bila joateko hark testamentua idatz dezan. Oliveriok autobus bat hartuko du eta era guztietako egoerei egin behar izango die aurre bidaian. Film hau esperientzia erreal batetik sortua da; Buñueli bere lagun Manuel Altolaguirrek, poeta espainiar exiliatuak, kontatua. Harekin batera egin zuen gidoia eta hark ekoiztu zuen pelikula.
      • Hizkuntza: gaztelania

Aretoa: Zinema 1 Aretoa (Tabakalerako 1. Solairua)

Antolatzaileak: Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Tabakalera, Elías Querejeta Zine Eskola, Donostia Zinemaldia

Laguntzaileak: Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de laGeneralitat Valenciana, Bilboko Arte Ederren Museoa



Ekei Kulturweb S.L.L.