Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Koadernoa: Anjel Lertxundi

Koadernoa: Anjel Lertxundi

  • Anjel Lertxundi

#DKetxean-ren "Koadernoa" egitarauaren barruan, Anjel Lertxundik "Katua" aurkezten du.

Udalherria: Donostia / San Sebastián

Lekua:  Donostiako beste auzo eta guneak

Hasiera: 2020/04/28

Amaiera: 2020/05/31

Sarrerak: Doan / Gratis

Donostia kultura

Reina Regente, 8. 20003 Donostia (edificio del Tea (20003) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943 481 150
Faxa: 943 483 900
Weba: http://www.donostiakultura.eus
Emaila: donostiakultura@donostia.eus

Donostia Kultura -gaur egun Enpresa Erakunde Publikoa- hiriaren garapen eta proiekziorako kultur eragile nagusia da. Hainbat udal-ekipamendu eta -zerbitzu kudeatzeaz gain, kultura-diziplina guztietan programazioa eta jaialdiak antolatzen ditu eta, bereziki, hirian kultura-plataforma berriak sustatzen ditu ekimen publikoak eta pribatuak bateratuz.


Haurtzaroan   ikasitako pesteari buruzko letania baten haritik, autoreak, fikzioaren   eta errealitatearen arteko kontrastea eginez, bere burua kokatzen du Otto Pette nobelako pestearen aurrean eta, hura idatzi eta hogeita bost urte geroago, bizitzen ari garen pandemiaren erdian.

 

Koadernoa izeneko egitasmoaren barruan, gure idazle   eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte,   eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak. Eguneroko   eskaintza izango da –astelehenetik ostiralera–, donostiakultura.eus-etik eta sare sozialetatik. Zenbait idazle ezagunek, hala nola Juan Kruz Igerabide, Luisa Etxenike, Mila Beldarrain, Julia Otxoa, Jabier Etxaniz, Aritz Gorrotxategi, Oier Guillan eta Ana Malagonek, agindu digute DKEtxean Kuadernoa programaren lehen egunotan parte hartuko dutela.

   

EZ NAGO HILDA, EZTA?

 

San Martin ermitatik Parrokiara nindoan   osabarekin prozesioan, auzoko baserritarrez inguratuta, euria eskatzeko   lehortearen kontra. Egunsentia goizaren atarian zen, eta artean erdi   ilunpetan, apaizak zerbait kantatzen zuen latinez eta guk Libera nos Domine erantzuten genion.

 

Apaizaren letanien (erreguen) artean bazegoen bat pandemiaren garai ilunotan maiz etorri zaidana burura: apaizak a peste, fame et bello esan eta libera nos, Domine,   erantzuten genuen guk (izurritik, gosetik eta gerratik, libra gaitzazu,   Jauna). Aita gerran ibili berria zen eta gosea pasea. Izurriari   dagokionez, hartaz nekien bakarra zen badela gaitz bat oso kutsakorra,   lepra edo legenarra izenekoa, eta gorputz osoan pustulak eta zornea   eragiten dituena. Etxetik eskolara bidean harrizko eraikin erori bat   zegoen sasiak hartua. Leprosoen erietxea izan omen zen. Nik aitaren   egiten nuen aurretik pasatzerakoan.

 

Urteak aurrera, sekula burutik pasatu izurrite batez idaztea, harik eta Otto Petterekin   gurutzatu nintzen arte burutazioen labirintoan. Erdi Aro lauso batean   kokatu nahi nuen nobela, eta, ideiak artean lanbro huts zirenean, garbi   neukan nobelak boterea izango zuela ardatz. Otto Petteren ardurapeko   ziegetan izurria barreiatu da. Otto Pettek bere alde erabiliko du bere   erruz gertatutakoa:

 

"Izurriteaz zerbait zekiten sendagile, barber   zein zorne-sendatzaileek esandako oro aztertu nuen [...] katedraleko   dokumentu eta pleguen artean".

 

Horixe egin nuen neuk ere. Informatu, bildu,   bildutakoa egokitu. Material hark guztiak konbentzimendu bat txertatu   zidan: epidemia guztien kontakizuna beti bera da oinarrian, bai gaitzari   dagokionez, baita gizakion psikologiari dagokionez ere. Morfologia   aldatzen du birusak, ez izaera. Mutazioak bihurtzen du hain arriskutsu,   baina gu ez gara mutatzen, txertoa bilatzeaz kanpo, botereak —guk emana—   beti berdin erantzuten du: interesez, elkar hartu gabe. Eta birusa   garaile ateratzen da hainbat denbora.

 

Fikziozko izurriaren hurbilak ez ninduen   kutsatzen, egoera eta erreakzio latzenak bilatzen nituen kontakizuna   indartzeko, ordenagailutik jaiki bezain laster bukatzen zen gaixoekiko   enpatia. Nire imajinaziotik irtendako eszenaren batek harrapatzen   ninduenean, emozioa ez zen etikoa estetikoa baizik. Fikzioa zen. Izurria   —gosea eta gerra bezala— liburuetan eta fikzioan ezagutzen nuen. Nork   esan behar zidan mundualdia ez nuela bukatuko pandemia bat larrutik bizi   gabe?

 

Bera da orain gure egunerokotasunaren plaza,   konfinatuta bizi naiz etxean, kutsaduraren kezkak bizi nau, ezin ditut   maite ditudanak besarkatu, telefono-deiak jasotzen ditut halako laguna   hil dela edo halako senidea larri dagoela esanez.

 

Arrisku-taldean omen nago. Otto Petteren hasierako gaita-joleak galdetzen du: "baina ni ez nago hilda, ezta?".

 

Anjel Lertxundi


Ekei Kulturweb S.L.L.