Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Piraten Aste Nagusia

Piraten Aste Nagusia

  • Donostiako Piraten Aste Nagusiaren kartela 2019

Donostiako Piratak Kolektiboak Piraten Aste Nagusia antolatzen dute. Aurtengo leloa Kaia, jaia eta iraultza alaia izango da.

Udalherria: Donostia / San Sebastián

Lekua:  Donostiako beste auzo eta guneak

Ordua:  

Hasiera: 2019/08/10

Amaiera: 2019/08/18

Sarrerak:  

Donostiako Piratok abuztuaren 10etik 18ra bitartean ospatuko dugu Aste Nagusia. Urtero legez, 9 egunetan zehar, txupinazoarekin hasi eta Irrikitaldiarekin bukatu arte, egitarau oparoa eskainiko dugu, ohiko helburu berarekin: donostiarrei jai herrikoi, euskaldun eta parekideez gozatzeko aukera eskaintzea.

Kortsarioen Donostian, izan pirata!

Horixe da piratok datorren Aste Nagusi honetarako aukeratu dugun leloa. Kortsarioak diru truke saldu ziren pirata edo sakeadoreak izan ziren. XVI. eta XIX. mendeen artean, Europako herrialde askok «erreplesalia gutunak» edo «kortso agiriak» banatu zizkieten euren kapitainei, erregimenaren izenean eta haren mesedetan sakeatzen ibiltzeko, soldatapean. Aurten, Donostiako Piratok salatu nahi dugu, era batera edo bestera horrek indarrean jarraitzen duela, hein handi batean. Horregatik, aukeratu dugun lelo horren bidez, herritarrei ahalduntzeko deia egin nahi diegu: kortsario horien aurka egin, zapi beltza jantzi eta pirata bilakatzeko deia.

Horren erakusle dira, urtez urte, piratok gure Aste Nagusia antolatzeko pairatu behar ditugun oztopo eta zailtasunak. Kaiko lanak izan ziren iaz, eta tasa handiak aurrekoan. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak urtero izaten du arrazoiren bat piraton lana oztopatzeko. Aurten, jaigunearen antolaketa izan da. Arrazoi zehatzik eman gabe, Jaurlaritzatik erabaki dute Flamenka gunean ez dela kontzertu gehiagorik egingo, egitaraua eta jaigunea guztiz berrantolatzera behartu gaituzte, oso epe laburrean. Horrek ordura arteko plan guztiak baztertzera, egindako lana ahaztera, eta azken momentuan buru-belarri jaigune berri bat diseinatzen hastera behartu gaitu. Gauza bat argi dago: Donostiako Piratak kaitik kanpo nahi dituzte. Hala ere, beste behin, Piratok gai izan gara zailtasun horiei aurre egin eta egitarau beti bezain zabala antolatzeko.

2019ko Aste Nagusi Pirata

Aurtengo egitarauari dagokionez, aurreko urteetako ildo beretik jarraituko dugu. Egunean zehar askotariko bazkariak, txarangak, ekintzak eta jolasak izango ditugu; gauez, berriz, musika eskaintza zabala. Aurten ere, hiru musika proposamen ezberdin izango dira gauero: kontzertuak, DJak eta Trinitate enparantzako afari musikatuak. Kontzertu gune nagusian musika estilo ugari izango dira entzungai: rock-a, oi! soinuak, rap-a, ska… Gainera, punta-puntako hiru emakume DJ izango ditugu oholtza gainean, lehen aldiz elkarlanean: Pal Piso hirukotea osatuko dute Flaca, Alvva eta Brava DJek.

Aurtengo berrikuntza nagusietako bat Karramarro Uhartea irratsaioa izango da. Bertan, Aste Nagusi Piratako nondik norakoak kontatuko ditugu, eta sare sozialetara podcast moduan igoko dugu.

Urteroko klasikoari dagokionez, astelehenean, hilaren 12an, Donostia abordatuko dugu! Izen ematea zabaldu da jada, piraton webgunean. Aurten, gainera, abordatzeko baltsa politenak saria izango du; beraz, animatu zaitezte baltsa ederrak egitera! Urtero bezala, egun horretan bazkari herrikoia izango dugu, eta bazkari horretarako tiketak salgai daude jada Trikuharri, Pandora eta Herria tabernatan.

Aurtengo bigarren berrikuntza handia hilaren 14an izango da, asteazkenean. Egun horretan, Kofradien eguna izango dugu. Egun osoan zehar, kofradia ezberdinetako piratak Flamenkan bilduko gara, eta jolasak, bazkaria eta abar izango ditugu.

Horrez gain, aste guztian zehar, Donostiako Piratak osatzen dituzten kofradia guztiek egitarau propioa izango dute. Donostiako hainbat auzo eta guneetara jai giroa eramango dute, eta guztien artean Donostia osoa abordatu.

Horregatik guztiagatik, Piratok aldarrikatu nahi dugu jartzen dizkiguten oztopoen gainetik hemen gaudela, 2019. urtean, 17. Aste Nagusi Pirata aurkezten, eta hala jarraitzeko asmoa dugula. Hortaz, gonbidapena luzatzen dizuegu gure jaietan parte hartu eta Aste Nagusi Pirataz gozatzeko.

KORTSARIOEN DONOSTIAN, IZAN PIRATA!
GORA JAI HERRIKOIAK!
GORA DONOSTIAKO PIRATAK!

Kofradiak:

  • Eskandalosa
    • Pirata ez lokartu, eskandalizatu!
      • Piraten parte izan nahi baina gure lekua aurkitzen ez genuen hankapalo galdu batzuk 2016an hartu genuen Dono$tia abordatzera eramango gintuen olatua.
        • Piraten parte izan nahi baina gure lekua aurkitzen ez genuen hankapalo galdu batzuk 2016an hartu genuen Dono$tia abordatzera eramango gintuen olatua.
        • Itsasoak zeharkatu eta beraien jabe ziren belaontzien oihaletako bati zor diogu izena, txikiena izanik ere soinu gehien egiten duenari. Gu hori garelako: kofradia txikia, baina Donostia astintzera etorria.
        • Itsasontzi berean mugitzen gara kofradiako kideak; kapitainik ez badaukagu ere beti aurrera salto egiten dugunak, marinel guztien iritzi eta ideiek garrantzia bera izan eta erabakiak taldean hartzen ditugunak.
        • Muga pertsonalak, aurreiritziak eta tabuak eztandaraztera gatoz, piraten mugimendua aniztu eta identitate desberdinak ikusaraztera. Piraten etiketak moztera!
        • Iparra aspaldi galdu bazenuen eta itsasontzi bila bazabiltz, Eskandalosan lekua daukazu! Izan bihurri, izan pirata, izan Eskandalosa!

  • JaranEro
    • Festa eta iraultza
      • Festak herriarenak direla sinistuz, auzolanak elkartu dituen gazte talde anitza gara. Aste nagusia egin nahi dugu….eta hau da gure ekarpena: festa, dantza eta iraultza!
        • Kaiko harresi kanpoko eremua Jarana deituriko zonaldea zen. Bertan izaten ziren piratak taberna ertzean zurrutean. Bertatik geratzen garen azken elemenentuak gara. JaranEroak.
        • Taberna zuloak itxi eta katxondeo nahiak jota, harresiz kanpo biltzen garen azken patapaloak.
        • Ez ditugu jaiak ulertzen hauen partez izan gabe, jaiak guk, herritarrok antolatu nahi ditugu.
        • Auzo eta zonalde ezberdinetako piratak gara, auzolanak elkarturikoak. Jaiak bizi gaitu, eredu berri baten alde lan egin eta borrokatzeak. Hauxe da Dono$tia honen errealitateak eskaintzen digunaren aurkako gure babesa. Badugu zeri kantatu, eta badugu nori kontatu.
        • Egin dezagun topa jaien defentsan, goizak harrapatu baina lehen! Izan pirata, IZAN JARANERO!

  • Xibaro
    • Jaietan ere xibaroak etxera
      • Amerikaren 1492ko konkistaz geroztik esklabotzari ihes egitea eta komunitate askeetan beren hizkuntzari, identitateari eta herri izaerari eustea lortu zuten xibaroek
        • Amerikaren 1492ko konkistatik aurrera ontzi espainolek eta portugesek milaka afrikar hartu zituzten esklabo, bortxaz itsasoaren beste aldera eramateko. Baina esklabotzari eta akulturazioari aurre eginez, askok ihes egitea eta komunitate askeak sortzea lortu zuten. Hala, beren hizkuntzari, identitateari eta herri izaerari eutsi zioten.
        • Konkistatzaileek etengabe jazarri zituzten eta askatasunean bizitzea erabaki zutenek espetxea eta ihesa ezagutu zuten. Batzuk ziegetan ordaindu zuten; besteak, mendi eta txoko ezkutu urrunetan topatu zuten esklabotzaren kateetatik libratu eta aske izaten jarraitzeko modu bakarra. Xibaroak deitu zieten herritar hauei.
        • Euskaldunok ere mendeetako bortxari eta akulturazioari aurre egin diogu eta, oraindik ere, gure hizkuntzari, identitateari eta herri izaerari eusteko borrokan dihardugu, askatasunaren bidean. Gurean ere baditugu duintasunaren ordaina ziega ilunetan, urruneko txokoetan eta mendietako sasietan ordaintzen ari diren xibaroak.
        • Egoera gordina izan arren, bizipozari eutsi zioten afrikar xibaroek. Eta hala, haietako asko berriro ere itsasoratu eta pirata gisa ibili ziren Karibeko eta Ozeano Bareko uretan. Guk ere ez diogu gure bizipozari uko egin eta xibaroak ahaztu gabe, gune askeak sortzen dihardugu. Urtero gure kofradiaren izenak zenbaki bat eramango du, Aste Nagusia hasten den egunean ziegetan ditugun xibaro donostiarren kopurua izango da. Kopuru hau ezabatuko dugun eguna dugu amets.
        • Ameriketan xibaroak itsasoratu eta pirata lanetan ibili ziren bezala, Donostiako xibarook ere itsasoratu egin gara.

  • Pirata Bihurriak
    • Izan bihurri, Izan pirata!
      • Haur, gazte eta heldu elkarlanean parranda hutsetik haratago doan aste nagusi pirata bat eraikitzen.
        • Pirata Bihurriak!
        • Pirata izateak ez du adinik eta adin guztiak ditu. Horregatik, txikitatik abordatu dezagun Donostia!
        • Gure jai eredua denontzako izatea nahi degu, haurrek eta familiek ere naturaltasunez gozatu ahal izateko modukoa. Bide horretan, haur, gazte eta guraso, denok elkarrekin, gure neurriko festak osatzeko egin ditzagun bihurrikeriak! Guztiok elkarrekin hazi eta heziz, hiri ederra sortuko dugu!
        • Izan bihurri, izan pirata!

  • Eskifaia
    • Piraten gazte kofradia
      • Donostiako Piraten mugimenduan lekua izan nahi duten gazte aktiboak gara, gehienak mugimenduan sartu berriak eta jai herrikoi eraldatzaileak bultzatu nahi ditugu. Gogotsu gabiltza!
        • Donostiako auzo eta adin ezberdinetako gazte alai eta errebeldeak gara, festazale amorratuak. Hilan pare bat alditan biltzen gara txoko ezberdinetan eta jaiak umore eta aldarrikapen plaza gisa erabiltzen ditugu, besteak beste. Trizikloa bidelagun ibiltzen gara Donostia girotzen.

  • Traganarrua
    • Intxaurrondoko Kofradia
      • Auzoko bazter txikieneraino ekarriko dute Traganarruek Aste Nagusiaren esentzia, interazioa hedatuz, alaitasuna eta jaia ditugu ipar-orratz.
        • Traganarrua, Tragarroia, Tornadoa, Mangera, Trabañarro, Tronpa… Itsas jeinuak izendatzeko hamaika hitz ditugu euskaldunok. Haize eta ur zurrunbilo ikaragarriak, mendeetan zehar marinel eta arrantzaleen amesgaizto izan dira, baita Piratenak ere.
        • Traganarruaren antzera, bazterrak nahastu eta festa Donostiako bazter urrunenetara eramateko asmoz sortu gara. Gu ere festazaleak gara eta Jaia Donostiako txoko berezienetako batera ekarriko dugu, Intxaurrondora.
        • Intxaurrondo, beste askoren antzera, ahaztutako auzoa da hiriburuan. Periferikoa, zentroarekiko urruna. Auzo Periferikook normalean ditugun arazoak Aste Nagusian areagotu egiten dira, jendez hustu egiten zaizkigu kaleak, uholdetan jaisten gara jai-gune nagusietara, mareak behera egiten du,… Ukatu egiten zaigu gure auzoan festaz gozatzeko aukera. Dena ilun geratzen da, hilda.
        • Baina marea gora dator! Badator enbata! Bagatoz Intxaurrondotarrok Traganarru eta guzti! Donostiako festak Intxaurrondora iritsiko dira: Piratok ekarriko ditugu. Ez izozki eta suzirien festak, ez da gurea marko inkonparablea. Guk eraiki eta egingo dugu gure festa: Intxaurrondotarrok, Intxaurrondon eta denentzat.
        • Haizea hasi da harrotzen, itsasoa ari da oldartzen...

  • Sardiñerak
    • Kofradia Feminista.
      • Jaiak errespetuz eta askatasunez goza ditzagun ari gara lanean Sardiñerak. Jai eredu goxo, atsegin, ireki eta aske baten alde!
        • Aste Nagusian jai eredu aske eta feminista bat sortzeko asmoa dugu Sardiñera guztiek. Jai feminista, dinamikoa, identitate anitzekoa eta arau apurtzailea nahi dugu, estereotipo, aurreiritzi eta hetero-arauetatik kanpo.
        • Gurekin nahi ditugu emakume bizardunak, mari-mutilak, harro dauden mutxurdinak, butch alaiak, sirenoak, transmarikabollofeministak, adime-bihotzak zabalik dakartzaten zomorro guztiak!
        • Zatozte gurekin eta ausartu morez zikintzera desio duzuen horren ahoa, dantzan kordokaraziko ditugu eta gizarte patriarkal honen arauak!

  • Xelebreak
    • Dibertitzia gustatzen zaigu gazte denboran bezala.
      • Xelebreak kofradiak festa herrikoiekin bat egiten dugu. Festak herritarrek egiten dituzte, alegia, umeek, gazteek, elduek,...Hitz batean esanda, guztiok gara partaide.
        • Ez gara berriak, izan ere urteak daramatzagu piraten festetan eta bere egitasmoetan parte hartzen modu batean ez bada bestean. Ezagunak gara eta hor gaude festa euskaldun, parekide eta parte hartzaileetan.Orain arte ez gara izan kofradia, baina orain iritsi zaigu ordua horretarako. Ea aurten lortzen dugun. https://xelebreak.wordpress.com
        • Zein gara?
        • Azken urte hauetan FOLK eguna antolatzeaz arduratu garenak gara. Hau da, Kantu-Jira antolatu dugunak; La Flamenkan Muxikoak dantzatu ditugunak eta abar. Eta abar jartzen dugu gutako batzuk ekimen hauek antolatu aurretik ere beste zenbait eginkizunetan ibiliak garelako, beti ere piraten antolakuntza orokorraren baitan.
        • Behin baino gehiagotan esan da Zaharren eguna antolatzeaz arduratzen garela eta ez dugu egokia ikusi deitura hori, zeren eta gehienok helduak izan arren antolatzen duguna helduentzako bezala gazteentzako baita. Horregatik, egokiago iruditu izan zaigu Folk eguna deitzea.
        • Halaber, Kofradia osatzeko asmoa aspalditik buruan dabilkigun zerbait da. Iaz hasi ginen serio aukera hori aztertzen eta badirudi aurten lortuko dugula animatuta gaudelako. Animatuta gaude Donostian euskara eta euskal kultura sustatzeko eta horretara goaz.

  • Ubarroiak
    • Groseko kofradia
      • Jaia kale eta auzora zabaltzeko etorri dira Ubarroiak!
        • Ubarroiak, kolore iluneko itsas-hegazti lepaluzeak dira. Piraten antzera, itsas-lapurrak ere badira... eta botinaren ondoren, kriston festa muntatzen dute denen artean.
        • Groseko hareatzetan sortu ginenean, argi genuen gure helburua festa eta ondo pasatzea zela. Eta antza ondo egin ditugu gauzak, zeren pixkanaka-pixkanaka izurrite bat bihurtzen hari gara.
        • Piratok Aste Nagusian Donostia jai giroaz busti nahi badugu, gure betebeharra da kaleak, plazak eta auzoak, gure umore kutsakorrez hartu, eta jendea ondo pasaraztea.
        • Batzutan ahaztu egiten dugu... baina jai egunetan, JAI egin behar dugu! Beraz, guk argi dugu: zapi beltza soinean, kalean ikusiko gaituzue ahal dugun ganberroenak izaten!

  • Aingura
    • Ekologismoa. Elikadura burujabetza. Ekonomia soziala.
      • Ikuspegi ekologista eta festak ez dira kontrajarriak !
        • Naturarekiko errespetua eta kontzientziazioa bultzatzen zuen kofradiarik ez zegoela ikusita, lagun talde batek Aingura sortzeko proposamena egin zuen.
        • Ekolojismoaren aldeko apustua Piratetara ere ekartzeko beharra ikusi genuen. Izan ere, iruditzen zitzaigun merezi zuela festa giroa izanik ere, urtean zehar izaten ditugun baloreak Aste Nagusian mantentzko esforzua egitea eta horren inguruko gogoeta sustatzea. (bertako ekoizleekin elkarlana, garraio jasangarria, birziklaia,...jasangarritasuna finean)
        • Sorrera ezkeroztik, kofradia pixkanaka hazi da eta ikuspegi ekologista Piraton Aste Nagusian txertatzeko hainbat ekintza gauzatu ditugu: Libertalia, Kofradiako bazkaria (bertako produktuekin)...eta gure ekitaldi kuttunena: Bizifesta!
        • Beraz, jaiak ere ingurugiroarekiko errespetuz egin daitezkela sentitzen baduzu, eta horretan lagundu nahi baduzu...Ongi Etorri Aingurara!

  • Kantauri
    • Koplajurik gabe
      • Hitzetik, gorputzetik eta kulturatik gure koplajuei eta festei buelta emateko kofradia
        • Emozioak adierazteko beti jo izan dugu kulturara. Beti gustatu izan zaigu gure artean kantatzea, euskal kulturarekin lotura duten jardueratan parte hartzea, eta, gainera, hori aitzakia izatea elkar zaintzeko eta elkar animatzeko. Euskal kulturatik abiatuta baina gure ere badiren beste hamaika kulturarekin harremanduz eta ikasiz, giro goxoan ondo pasatzeko kofradia da gurea.

  • Kalepoza
    • Kaleak pozez bete nahi ditugu
      • Izenak berak dioen bezela, Kalea umore onez eta pozez bete nahi dugun Alde zaharreko zenbait kuadrila gera, Kale Lagunak hockey taldearen inguruan ibiltzen gera eta Bizipoza bizitzako lelo bezela eramaten degu.
        • Kalepoza da gure kofradiaren izena, Kale Lagunak hockey taldea-ren inguruan ibiltzen geran zenbait koadrilaz osatua eta BiziPoza bizitzako lelo moduan daukagun pertsonaz osatua. Alde zaharrekoak gera eta ilun dagoen auzo bat, kolore biziz bete nahi degu.
        • Jaietan gure parte hartzea aktiboa izatea eta egun daukagun jendarte eredua barrutik eragin nahi degu, eta jaietan, egun berezi hauetan, iluntasun honi kolorea jartzen saiatzen gera. Horregatik, gure kolorea, kolore fuxia da, benetan jaietan lotsak eta penak alde batera utzi eta jaietaz gozatu eta poza trasmititu nahi degulako.
        • Donostiak behar duen eredua transmititzen dute piratek, gizartearen parte hartzea, euskararen zabalpen eta indartzea, feminismoaren balorean oinarrituta zabaldu nahi ditu, guk antolaturiko jai batzuk antolatuz, eta guk horren parte izan nahi genuelako sortu genuen gure kofradia, Kalepoza.


Ekei Kulturweb S.L.L.