Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. San Martzialgo Armen Alardea

San Martzialgo Armen Alardea

  • San Martzial Alardea
  • Alardearen une bat
  • Alardearen une bat
  • Alardearen une bat
  • Alardearen une bat
  • Alardearen une bat
  • Alardearen une bat
  • Alardearen une bat
  • Alardearen une bat

Irundarrek festa hau San Martzialgo baselizan dagoen santuaren ohorez ospatzen dute. Armen Alardea baselizara, bertan erromeria ospatzeko asmoz.

Udalherria: Irun

Lekua:  Irun

Hasiera: 2022/06/30

Amaiera: 2022/06/30

San Martzial Jaia zertan den ulertzeko, irundarrek 1522tik aurrera eta urtero ekainaren 30ean zer ospatzen duten ondo ulertzeko, denboran atzera pausu bat egin eta gure hiriaren historian murgilduko gara:

Euskal Herriak Erdi Aroaz geroztik zeuzkan Foruen arabera, herri bakoitzak militarki atontzeko ahalmena eta betebeharra zuen. 18 eta 60 urte bitarteko gizonezko guztiak foru-miliziara biltzen ziren. Lurraldea militarki babesteko prest egon behar zuten eta armak gertu eduki behar zituzten gudurako deia egiten zenerako; horretarako, tarteka eta egun jakin batzuetan, deialdiari erantzun eta gizonezko guztiak beren armak gertu aurkezten ziren, armen erabileran trebatzeko eta egiten zen alardean edo desfilean parte hartzeko.

Oste frantsesek 1522an Gipuzkoa inbaditu zutenean, Irungo milizia etsaiari aurre egiteko prest agertu zen, eta berehala erantzun zion Gipuzkoako Kapitain Nagusiaren deiari; honenbestez, ekainaren 30ean, San Martzial egunean, irundarrek, sutsuki eta adorez borrokatu eta sekulako garaipena lortu zuten. Gudu honetan zuzeneko esku hartzea izan zuten emakumeek, agureek eta haurrek, izan ere, zuhurtasun handiz, lastargi piztuak eskuan hartuta, alde batetik erasoko zituztela sinestarazi zieten etsaiei eta, bitartean, milizianoek ustekabean harrapatu eta garaitu zituzten.

Ekintza gogoangarri hau ospatzeko eta Ahalguztidunari eskerrak emateko, orduko zibilen eta apaizen kabildoek San Martzial mendira -Aldabe mendira-, urtero, ekainaren 30ean, prozesioan joateko botoa egin zuten. Urte batzuk geroago, egun horretako santuaren ohoretan, ermita bat eraiki zuten San Martzial mendian.

Mendeetan zehar armen alardea ekainaren 29an, San Pedro egunean, ospatu zuten eta hurrengo egunean, San Martzial mendira igotzen ziren prozesioan.

1881. urtean eta jaiari garrantzi handiagoa eman nahian, ospakizun biak egun berean egiteko erabakia hartu zen. Orduz geroztik, egun berean ospatzen dira San Martzial Eguneko alardea eta San Martzial mendirako prozesioa.

Jaia bera zertan den azaltzeko orduan, nahikoa izango da honako zertzelada hau: Jeneral baten agintepean, uniformez jantzitako konpainiek osatzen dute Alardea. Soldaduen kopurua kontuan harturik, infanteriakoak dira nagusi, gehienak dira alardean. Txapela, gerrikoa, gorbata eta zapi gorriak, alkandora eta galtza zuriak, jaka beltza eta lokarri beltza duten espartin zuriak dituzte uniformetzat. Konpainia hauetako partaide gehienek eskopeta sorbaldan dutela desfilatzen dute eta beste batzuk txilibituak eta danborrak joz.

Konpainia berezietan bestelako jantziak, anitzagoak eta koloretsuagoak, eramaten dituzte soinean, beti ere konpainiaren arabera: danborrada, artilleria, zaldizkoak, artxeroak eta musika banda. Hauek guztiak behar bezala uniformatuta desfilatzen dute.

Alardearen ardatz nagusia konpainia bakoitzean doan kantinera da. Kantinerak, unean uneko musikaren erritmoan eta kaleetan barrena desfilean igarotzen denean, ikusle guztien arreta bizia eta bat-bateko txalo zaparradak jasotzen ditu. San Matzial Egunean interpretatzen diren konposizioen artean honako hauek dira aipagarri: Egunsentiko Alborada, Villarrobledoko Diana, Fajina, Tanborradaren Diana, Armen Deskarga, Abiada, Theiro, Jolo, Elizara Igoera, Rataplan eta San Martzial eguneko ereserkia.

Alardearen une guztiek esanahi sakona dute, urrats guztiak elkarri estu lotuta daude, baina jaiak baditu bereziki hunkigarriak diren une batzuk: esate baterako, goizeko 6etan, San Juan Harria plazan, musika-bandak Villarrobledoko Diana jotzen duenean eta bertara bildutako guztiak, pozez beterik, abesten eta erritmoaren arabera saltoka hasten direnean. Beste une zeharo hunkigarria da Alardea Urdanibia plazatik abiatzen denean.

Arratsaldean, Alardea amaitzen denean, lerroak hausteko agindua ematen denean, sentimendu desberdinen nahasketa gertatzen da. Alde batetik egun osoa aurreikusita zegoen bezala ondo igaro eta, beste urte batez ere, mendeetako botoa bete delako sentsazioek zoriona eta poza dakartzate eta bestetik, zerbait bukatzen dela konturatzeak tristura sortzen du. Irundarren aurpegietan agerikoa den tristura hori, baina berehala estaltzen da hurrengo urteko Alardearen ospakizunean pentsatzen hasten direlako.

Duela urte gutxi arte San Martzial Jaiaren ospakizuna egun bakarrekoa zen; baina, azken urteetan, jai egunak gero eta gehiago izaki, ez da San Martzial aipatzen San Martzialak baizik, ekainaren 30aren aurreko eta ondorengo egunak hartzen dituelako. Ekainaren 30ean bolboraren usaina da nagusi Irunen.

www.irun.org , Irungo Udalaren web-etik hartutako testua

EGITARAUA:

Ekainak 30, osteguna:

  • 4:00:Alborada, ohiko tokietan

  • 6:00: Villarrobledoren Diana.
    San Martzial Alardearen hasiera

  • 11:00: Erromeria, San Martzial mendian.

  • 12:00: San Martzial mendian, 1522ko Boto Sekularra beteko du Udalbatzak..

  • 22:30: Diskofesta, 16 urte arteko gazteentzat, Urdanibia plazan, 24:00ra arte

  • 23:00: Musika. La Habana 537 taldearen emanaldia Zabaltza plazan.

  • 00:20: Diskofesta, 17 urtetik gorako gazteentzat, Urdanibia plazan, 03:00ra arte.



Ekei Kulturweb S.L.L.