Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Donostia Nazioarteko Zinemaldia

Donostia Nazioarteko Zinemaldia

  • Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren Kartela 2019

Aurten Donostia Zinemaldia 67. ediziora helduko da. 1953ko irailaren 21ean jaio zeneko gogo bizi berberaz helduko ere, sorrera hartatik etenaldirik jasan gabe gainera.

Bokazio zinematografiko eta komertziala zuen Nazioarteko Zine Astea bezala sortua, berehala lortu zuen FIAPFek (Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioa) esleitzen duen B maila (lehiaketarik gabeko zinemaldia) bere lehen edizioan lortutako arrakastari esker. Horrela, ondorengo urtean, Nazioarteko Zinemaldi izendatu zuten, eta 1955ean FIAPFek lehiaketarako aproposa eta koloretako filmetan espezializatua zela onartu zuen: sari ofizialak eman zitezkeen harrez gero. Horixe da Maskorraren sorrera, sasoi hartan zilarrezkoa zena, eta berau erabakitzeko nazioarteko epaimahai bat eratu behar zen.

1957an "A" maila behin-betiko eman zitzaionean, eta maila nagusietarako Maskorra urrezko bihurtu zenean, zinemaldiaren berezko ikonoak agertu ziren. Horixe da gaur egun ere aurrera egiteko erabiltzen den erreferentzia, alegia, irekitasunaren aldeko korronteren aukera, garai hartako zentsura zurrunetik kanpo kokatuz, eta oraindik ere bizirik dirauena. Zeren Donostiako Zinemaldiaren ardura nagusia unean uneko zinerik kezkatsuenaren eta berritzaileenaren erakusleihoa izatea baita.

Lehen urte haietatik hona ugari izan dira Zinemaldira bertaratu diren zineko pertsona ospetsuak, Donostiari distira kosmopolita itzuliz eta "glamour" apur bat emanez; hori bai, zine onarekin loturik beti ere. Federico Fellini, Gloria Swanson, Alfred Hitchcock, Kirk Douglas, Jean-Luc Godard, Deborah Kerr, Leslie Caron, King Vidor, Monica Vitti, Anthony Mann, Bernardo Bertolucci, Anhony Quinn, Audrey Hepburn, Franco Zeffirelli, Francis Ford Coppola, Fritz Lang, Francisco Rabal, Robert Altman, Howard Hawks, Nicholas Ray, Elizabeth Taylor, François Truffaut, Orson Welles, Fernando Rey, Luis Buñuel, Steven Spielberg, Joseph von Sternberg, Imperio Argentina, Richard Burton, Gina Lollobrigida, Harrison Ford, Nikita Mikhalkov, Pedro Almodóvar, Victoria Abril, Sergio Leone, Roman Polanski, Sam Peckinpah, Jacqueline Bisset, George Peppard, Louise Rainer, Alberto Sordi, Sydney Pollack, Peter O´Toole, Joseph L. Mankiewicz, Charlton Heston, Glenn Close, Anjelica Huston, Sophia Loren, Stanley Donen, Mel Gibson, Keanu Reaves, Matt Dillon, Ethan Coen, Antonio Banderas, Bertrand Tavernier..., besteak beste, euren filmak aurkeztera etorri ziren eta euren nortasunak arrasto ezabagaitza utzi du Zinemaldiaren memorian.

Euren jardunbidearekin zine munduari hainbeste eman diotenei esker ona adierazteko "Donostia Saria" sortu zen 1986an, eta orain arte hiriaren omenaldi hori honako hauek jaso dute:

  • 1986: Gregory Peck
  • 1987: Glenn Ford
  • 1988: Vittorio Gassman
  • 1989: Bette Davis
  • 1990: Claudette Colbert
  • 1991: Anthony Perkins
  • 1992: Lauren Bacall
  • 1993: Robert Mitchum
  • 1994: Lana Turner
  • 1995: Susan Sarandon; Catherine Deneuve
  • 1996: Al Pacino
  • 1997: Michael Douglas; Jeremy Irons; Jeanne Moreau
  • 1998: Anthony Hopkins; John Malkovich
  • 1999: Fernando Fernán-Gómez; Vanessa Redgrave; Anjelica Huston
  • 2000: Michael Caine; Robert de Niro
  • 2001: Francisco Rabal; Warren Beatty; Julie Andrews
  • 2002: Jessica Lange; Bob Hoskins; Dennis Hopper
  • 2003: Isabelle Huppert; Sean Penn; Robert Duvall
  • 2004: Woody Allen; Annette Bening; Jeff Bridges
  • 2005: Ben Gazzara; Willem Dafoe
  • 2006: Max Von Sydow; Matt Dillon
  • 2007: Richard Gere; Liv Ullmann
  • 2008: Meryl Streep; Antonio Banderas
  • 2009: Sir Ian McKellen
  • 2010: Julia Roberts
  • 2011: Glenn Close
  • 2012: Tommy Lee Jones, Ewan McGregor, John Travolta, Oliver Stone, Dustin Hoffman
  • 2013: Carmen Maura, Hugh Jackman
  • 2014: Denzel Washington, Benicio del Toro
  • 2015: Emily Watson
  • 2016: Sigourney Weaver, Ethan Hawke
  • 2017: Monica Bellucci, Ricardo Darín, Agnès Varda
  • 2018: Hirokazu Kore-Eda, Danny Devito, Judi Dench
  • 2019: Penélope Cruz, Costa-Gavras, Donald Sutherland

Penélope Cruz

Penélope Cruzek Donostia Zinemaldiaren 67. edizioko Donostia sari bat jasoko du. Aktore espainiarrak protagonismo bikoitza izango du; alde batetik, Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena jasoko du, 1986tik zinemaren munduko figura handien ibilbidea eta ekarpena saritzen duena; eta bestetik, datorren edizioaren kartel ofizialaren irudia izango da.

Penélope Cruz (Madril, 1974) da nazioartean arrakasta handiena izan duen aktore espainiarra: antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria eta Bafta saria irabazi zituen Vicky Cristina Barcelona filmagatik (Woody Allen, Zabaltegi-Perlak 2008); hiru Goya La niña de tus ojos (Fernando Trueba, 1998), Volver (Pedro Almodóvar, FIPRESCI Sari Nagusia 2005) eta Vicky Cristina Barcelona filmetan egindako lanagatik; Canneseko zinema-jaialdiko emakumezko interpretazio onenaren sari kolektiboa (Volver), ohorezko César saria eta Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina (2018), beste aintzatespen askoren artean.

Cruzek gaztelania, ingelesa, italiera eta frantsesa erabili ditu bere lanetan, eta protagonista izan da, besteak beste, film hauetan: Belle Époque (Fernando Trueba, 1992, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria), Jamón, jamón (Bigas Luna, 1992), Abre los ojos (Alejandro Aménabar, 1997), La niña de tus ojos (Fernando Trueba, 1998), Todo sobre mi madre (Pedro Almodóvar, 1999, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria), Sin noticias de Dios (Agustín Díaz Yanes, 2001), Vanilla Sky (Cameron Crowe, 2001), Elegy (Isabel Coixet, 2008), Nine (Rob Marshall, 2009), Pirates of the Caribbean: On Stranger Tides (Rob Marshall, 2011), To Rome With Love (Woody Allen, 2013), Ma ma (Julio Medem, 2015), Todos lo saben (Asghar Farhadi, 2018), Dolor y gloria (Pedro Almodóvar, 2019) eta Wasp Network, Olivier Assayasek zuzendua eta oraindik estreinatu ez dena. Aurki nazioarteko beste bi produkziotan ere hartuko du parte: Simon Kinbergen 355 eta Todd Solondzen Love Child.

Donostian hirutan lehiatu da Zinemaldiaren Sail Ofizialean: Todo es mentira (Álvaro Fernández Armero, 1994), Volavérunt (Bigas Luna, 1999) eta Venuto al mondo (Sergio Castellito, 2012). Loving Pablo (2017) aurkezteko izan zen azken aldiz Donostian, Javier Bardemekin batera, Perlak sailaren itxiera-ekitaldian, Belodromoan egin zen emanaldi jendetsu batean.

Penélope Cruz Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena jasoko duen bosgarren aktore espainiarra izango da, Fernando Fernán Gómez (1999), Paco Rabal (2001), Antonio Banderas (2008) eta Carmen Mauraren (2013) ondotik.

Costa-Gavras

22 urte zituenean Greziatik joan zen, Parisen ikasteko. Sorbona Unibertsitatean sartu zen Zinematografiako Goi-mailako Ikasketen Institutuan onartua izan aurretik (IDHEC). Gradua atera ondoren, frantses zuzendari nabarmenen esanetara aritu zen laguntzaile, besteak beste, René Clair, René Clément, Henri Verneuil, Jacques Demy, Marcel Ophüls, Jean Giono eta Jean Becker zinemagileekin.

Bere lehen film luzea, Compartiment tueurs, 1965ean zuzendu zuen, eta ondoren egindako filmekin arrakasta handia lortu zuen: Z-k, adibidez, dozenaka sari irabazi zituen, besteak beste, bi Oscar sari 1969an eta beste bi sari Cannesko zinema-jaialdian.

Bere film politikoen bitartez, garai bakoitzean gori zeuden gaiak landu ditu Costa-Gravasek, eta Frantziaren eta Estatu Batuen artean jarraitu du lanean. Guztira 20 film zuzendu ditu: besteak beste, Un homme de trop, Section spéciale, Missing (Urrezko Palmorria eta aktore onenaren saria Jack Lemmonentzat 1982an), Hanna K, Betrayed, L'aveu, État de siege, Clair de femme, Conseil de famille, La petite apocalypse, Mad City, Music Box, Amen, Le couperet, Eden à l'Ouest, Le capital...
1968tik Michèle Ray-rekin ezkonduta dago Costa-Gavras. Hiru haur dituzte: Alexandre, Julie eta Romain. Alexandre ekoizlea da, eta Julie eta Romain zuzendariak.

2018an bere autobiografia argitaratu zuen: Va où il est impossible d'aller.

2007tik, Frantziako Zinematekaren burua da.

Donald Sutherland

Donald Sutherland zinema-aktore emankor eta moldakorrenetako bat da. Haren aparteko curriculumak 150 film baino gehiago hartzen ditu barnean, besteak beste, honako klasiko hauek: Robert Aldrichen The Dirty Dozen (Urkamendiko hamabiak); Robert Altmanen M.A.S.H.; John Schlesingerren The Day of the Locust; Robert Redforden Ordinary People (Jende arrunta); Bernardo Bertolucciren Novecento; Philip Kaufmanen Invasion of the Body Snatchers; Nicolas Roegen Don't Look Now, Julie Christierekin; Alan J. Pakularen Klute, Jane Fondarekin; Il Casanova di Federico Fellini; eta Clint Eastwooden Kelly's Heroes (ondoren, Space Cowboys filmean ere haren zuzendaritzapean aritu zen).

Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ohorezko Oscar saria eman zion 2017an, jardunean egin duen ibilbidearen omenez.

Egun, Nicole Kidmanekin batera The Undoing filmatzen ari da Sutherland, berriz ere haren aitarena egiten. David E. Kelleyk idatzi eta Susanne Bierrek zuzendu dute sei ataleko telesail hori, HBOrentzat. Irailean, zinema-aretoetan ikusiko dugu Ad Astra filmean, James Grayren esanetara eta Brad Pitten alboan. Aurki Venezian egitekoa den zinema-jaialdian programatu dute film hori, eta hortxe estreinatuko da Giuseppe Capotondik zuzendutako The Burnt Orange Heresy thrillerra ere.

Oraintsu, Trust telesailean J. Paul Getty hezurmamitu du Sutherlandek Danny Boyleren zuzendaritzapean, eta Helen Mirrenekin aritu da Sony Classics-en The Leisure Seeker filmean. Snow presidentearena egin zuen The Hunger Games (Gose Jokoak) saga ezagunaren lau egokitzapen zinematografikoetan. Nicole Kidmanen aita izan zen Anthony Minghellaren Cold Mountain-en; Charlize Theronen aita F. Gary Grayren The Italian Job filmean, eta Bennet jauna –hau da, Keira Knightleyren aita– Pride and Prejudice-n. Azken paper horri esker Chicagoko Kritikari Elkartearen sarirako hautagaitza lortu zuen. Gainera, bere seme Kiefer Sutherlandekin batera protagonista izan zen Forsaken garaiko westernean. Kanadako film hori Torontoko zinema-jaialdian estreinatu zen, 2015ean.

Sutherlanden kreditu zinematografikoen artean, besteak beste, honako hauek aipa daitezke: Paul Mazurskyren Alex in Wonderland; Dalton Trumboren Johnny Got His Gun; Bud Yorkinen Start the Revolution Without Me; John Sturgesen The Eagle Has Landed; Herbert Rossen Max Dugan Returns; Louis Malleren Crackers; Phillip Borsosen Bethune; Oliver Stoneren JFK; Ron Howarden Backdraft; Richard Marquanden Eye of the Needle; Euzhan Palcyren A Dry White Season (Urtaro zuri lehorra); Richard Pearceren Threshold (1983an gizonezko aktore onenaren Genie saria irabazi zuen hari esker); Six Degrees of Separation, John Guareren antzezlanaren egokitzapena, Fred Schepisiren zuzendaritzapean; Robert Towneren Without Limits; John Landisen National Lampoon's Animal House; Andy Tennanten Fool's Gold; Griffin Dunneren Fierce People; Robert Towneren Ask the Dust; Forrest Whitakerren American Gun; An American Haunting, Sissy Spacekekin; Land of the Blind, Ralph Fiennesekin; Aurora Borealis, Louise Fletcher eta Juliette Lewisekin; The Eagle, Channing Tatum eta Jamie Bellekin, Kevin Macdonalden esanetara; Simon West zuzendariaren The Mechanic, Jason Statham eta Ben Fosterrekin; Seth Gordonen Horrible Bosses, Colin Farrellen aitaren paperean; Mary McGuckianen Man on the Train, U2ko taldekide Larry Mullenekin; Milton's Secret, Eckhart Tollek haurrentzat idatzitako liburuaren egokitzapena; eta Measure of a Man filma, One Fat Summer gazte-eleberrian oinarritutakoa. Gainera, Stone jeneralari ahotsa jarri zion Astro Boy manga klasikoa egokitu zuen izen bereko animazio-film luzean.

Ekoizlea, gidoilaria eta aktorea izan zen William Gilkersonek idatzitako Pirate's Passage txalotuaren egokitzapenean. Hain zuzen, Sutherlandek jarri zion ahotsa pertsonaia nagusiari, Johnson kapitainari. 2006an Kanadan haur-literaturako Governor General's Award saria irabazi zuen eleberriak, eta 2016an, aldiz, film berezi edo telefilm onenaren Kidscreen nazioarteko saria eraman zuen egokitzapenak.

Telebistan, antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren Emmy saria eta Urrezko Globoa irabazi zituen Sutherlandek HBOren Citizen X filmean egindako lanagatik, eta Urrezko Globoa irabazi zuen, halaber, HBOren Path to War drama historikoan Lyndon B. Johnson presidentearen aholkularia, Clark Clifford, antzeztu zuenean, John Frankenheimerren zuzendaritzapean.

Telebistarako beste lan nabarmen batzuk ere egin ditu: esaterako, Crossing Lines, akzio kriminaleko nazioarteko telesaila; Ken Folleten The Pillars of the Earth best-sellerraren egokitzapena; eta ABC-TVren Dirty Sexy Money, Peter Krauserekin. Azken horretan, antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren Urrezko Globorako hautagaia izan zen Tripp Darling patriarkaren rolari esker. Aurrez, Commander in Chief telesail dramatikoko protagonista izan zen Geena Davisekin batera, eta antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren Urrezko Globorako izendapena lortu zuen Nathan Templeton Etxe Zuriko bozeramailearen paperean. Orobat, gizonezko aktore onenaren Urrezko Globorako hautagai izan zen Human Trafficking telesailean (Lifetime Television) Mira Sorvinorekin batera egindako antzezpen-lanarengatik.

Antzerkian, Justin Kirk eta Julianna Margulies aktoreekin batera aritu da Lincoln Centerreko Ten Unknowns ekoizpenean, Jon Robin Baitz zuzendariaren esanetara. Sutherland gizonezko aktore onenaren Outer Critics Circle Award sarirako hautagai izan zen lan horregatik. Horrez gain, Enigmatic Variations ekoizpenean protagonista-lanak bete ditu Londresen, Toronton eta Los Angelesen. Bere semeak, Roeg Sutherlandek, ingeleseratu zuen Eric-Emmanuel Schmittek frantsesez idatzitako lan hori.

Aurten, Kanadako Ordenako kide izendatu dute Donald Sutherland eta, hortaz, herrialdeko ohore handiena bereganatu du, 1978an organo bereko ofizialtza lortu ondoren. Gainera, 1983an Frantziako Arteen eta Letren Ordenako zalduntza eskuratu eta gero, 2012an herrialde hartako ohore handiena aitortu zioten Arteen eta Letren Ordenako ofizial izendaturik.

Zinemaldiak honako Sailak ditu:

  • Sail Ofiziala
  • Donostia Saria Emanaldiak
  • New Directors
  • Horizontes Latinos
  • Zabaltegi-Tabakalera
  • Perlak
  • Nest Film Students
  • Culinary Zinema
  • Zinemira
  • Euskal Zinema Gala
  • Eitb Gala
  • Made in Spain
  • RTVE Gala
  • Belodromoa
  • Haurrentzako Zinema
  • Atzera begirakoa: Roberto Gavaldón
  • Klasikoak

Zinemaldiak honako Sariak banatzen ditu:

  • Sail Ofiziala - FIAPF:
    • Film onenaren Urrezko Maskorra (ekoizlearentzat).
    • Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra.
    • Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra.
    • Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra.
    • Argazki onenaren epaimahaiaren saria.
    • Gidoi onenaren epaimahaiaren saria.
  • Kutxabank-New Directors Saria
  • Horizontes Saria
  • Zabaltegi-Tabakalera Saria
  • Donostia Hiria Publikoaren Saria
  • Euskal Zinemaren Irizar Saria
  • Gazteriaren TCM Saria
  • Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko Saria
  • Zinema Eraikitzen Sariak
  • Glocal in Progress Sariak
  • Ikuskira Berriak Saria
  • Nest Film Students Saria
  • Zinemaldia Startup Challenge Saria
  • TVE-Beste Begirada Saria
  • Espainiako Lankidetza Saria
  • Urteko Film Onenaren Fipresci Sari Nagusian Irabazlea 2019an
  • Donostia Sariak
  • Zinemira Saria


Ekei Kulturweb S.L.L.