Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Santa Ageda Eguna

Santa Ageda Eguna

  • Eskoriatzako Santa Ageda Neska-Mutilak

Ohiturari jarraituz, herriko kintoek Santa Ageda bezperan Santuaren Koplak abestu eta Santa Ageda Eguna ospatzeko dantza egingo dute.

Udalherria: Eskoriatza

Lekua:  Eskoriatza

Hasiera: 2019/02/4

Amaiera: 2019/02/9

Eskoriatzako Udala

Eskoriatza Enparantza<br>Plaza Eskoriaza s/n (20540) Eskoriatza

Telefonoa: 943 714407
Faxa: 943 714042
Weba: http://eskoriatza.eus
Emaila: udala@eskoriatza.eus

Ohitura

Santa Ageda eguna ohitura handiko jaia da Eskoriatzan, Euskal Herriko beste herri askotan moduan aspaldidanik ospatzen dena. Santa Ageda eguna otsailaren 5a da, baina jai gehienetan moduan, bezperan ematen zaio hasiera ospakizunari.
Eskoriatzan Santa Ageda jaiaren protagonistak "kintoak" dira, herrian "Santa Ageda mutilak" moduan ere ezagutzen direnak. Kintoena Españan XVII. mendean errotu zen ohitura da. 18 urte betetzen zituzten gazteek, Españako ejertzitoarekin instrukzioak egiteko derrigortasuna zeukaten eta 2001 arte mutilak kintoak izateko sistema horretan parte hartzera derrigortzen ziren.
Mutilak hautatzeko, zozketa egiten zen eta hala, bost mutiletatik bat mobilizatzen zuten, hortik dator "quinto" (bosten) berba. Euskal Herrian kinto-sistema hau 1876. urtean jarri zen indarrean, foruak galdu zirenean. Eta harrez gero euskal mutilek ere derrigorrez soldaduska egin beharra izan dute. Kinto-sistema zozketa bidezkoa zen eta zozketa horretan erabakitzen zen Españako zein egoitza militarretan egin behar zuen gazte bakoitzak soldaduska.
Urte bakoitzeko kintoek, hau da soldaduskarako zozketan parte hartzen zuten gazteek hartu zuten protagonismoa Santa Ageda egunean, aurretik zeukaten urte gogorraren aitzakian.
2001ean kendu zen soldaduskara joateko derrigortasuna, hala ere herriko gazteek tradizioari eutsi nahian eta jai bat egiteko aitzakia galdu nahi ez dutelako, eutsi egin diote ohiturari eta urtez-urte Santa Ageda eguna indarrez ospatzen da Eskoriatzan.

Santa-eskean

Festa, lehen esan bezala, otsailaren 4an hasten da, Santa Ageda egunaren bezperan. Urte horretan 18 urte beteko dituzten gazteek fraka mahoizkoak, gerriko eta txapel beltza, jertse iluna eta koloredun painelua soinean dutela, herriko baserriak bisitatzen dituzte. Santa-eskean koplak kantatuz joaten dira elizate guztietako baserrietara, han emandakoa jaso (txorizoa, arrautzak, gazte, dirua...) eta batutakoarekin herriko taberna batean afari-merienda ederra egiten dute. Etxafuegoak izaten dituzte lagun gazteek, elizate bakoitzera iristen direnean bertan direla abisatzeko modurik onena horixe izan baita aspaldiko urteetan.
Santa Ageda eguna, otsailaren 5a, herrian ospatzen dute eta herrian ibiltzeko janzkera aldatzen dute: fraka eta alkandora zuria, alpargatak ere zuriak baina zinta gorridunak, eta gerrikoa eta txapela gorria. Lepoan, koloredun zapi handia. Kintorik zaharrenak eta gazteenak, berriz, txapela eta gerrikoa beltza ibiltzen dituzte. Hala jantzita etxez-etxe koplak kantatuz ibiltzen dira santa-eskean, trikitixak edo soinuak lagunduta. Herrian etxeak bisitatzeaz gain, lantegietan, tabernetan eta dendetan ere batzen dute dirua eta herriko ikastetxeak ere bisitatzen dituzte, haurrei gozokiak banatuz.

Dantza

Herriko plazan dantza egiten dute kintoek 2 egunetan: lehenengoa Santa Ageda egunean izaten da eta bigarrena hurrengo domekan. Dantzaldiak 4 atal izaten ditu:
desafixua, banakoa, agurra eta dantza-sueltoa.
Herriko kaleetatik atalataikoan datozela iristen dira mutilak plazara. Arratsaldeko 7etan, elizako kanpaiekin batera, etxaflero bat bota eta dantza-ekitaldiari hasiera ematen zaio. Dantza-sokaren bi puntetan dauden mutilek egiten dute hasierako dantza, desafixua deitzen zaiona eta hori bukatutakoan txistulariek banakoa jo eta mutilek banan-banan erdira irtenda banakoa egiten dute dantzan. Guztiek banakoa egin ondoren, txapel beltza duten bi mutilak (kintorik zaharrena eta gazteena) neskatan joaten dira. Lehenengo ateratzen dituzten bi neskei, desafixua dantza egin duten kintoek agurra egingo diete banan- banan. Bi neskei aurreskua egin ondoren, neska gehiago aterako dituzte, mutil beste neska lortu arte. Horrela daudenean, korrua egin eta denek batera fandangoa eta arin-arina egingo dituzte dantza.
Dena bukatutakoan, eta jendearen txalo artean, berriz ere atalataikoan alde egingo dute plazatik herriko tabernaren batera, festarekin jarraitzeko.
Eskoriatzan 2006. urtera artea mutilak izan dira festa honetan protagonista. Neskak dantza saioan fandango eta arin-arinerako bakarrik ateratzen ziren edo urte batzuetan trikitixa edo soinuarekin laguntza emateko. 2007. urtean atera diren kintoek, berriz, hasieratik egon dira neskak eta mutilak elkarrekin egun hau antolatzen.

Aurten 2001. urtean jaiotakoen dantzatuko dute.

Aurten, gainera, kopla berriak egin eta kantatuko dituzte.

Eskoriatzako Udala



Ekei Kulturweb S.L.L.