Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Santo Tomas Feria

Santo Tomas Feria

  • Donostiako Santo Tomas Feriaren kartela 2018
  • Santo Tomas Feriaren une bat
  • Santo Tomas Feriaren une bat
  • Santo Tomas Feriaren une bat
  • Santo Tomas Feriaren une bat
  • Santo Tomas Feriaren une bat

Donostiako kaleetan zehar ospatzen den baserritar kutsua duen jaieguna.

Udalherria: Donostia / San Sebastián

Lekua: Konstituzio Enparantza

Ordua:  

Hasiera: 2018/12/21

Amaiera: 2018/12/21

Sarrerak:  

Donostia kultura

Reina Regente, 8. 20003 Donostia (edificio del Tea (20003) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943 481 150
Faxa: 943 483 900
Weba: http://www.donostiakultura.eus
Emaila: donostiakultura@donostia.eus

Donostia Kultura -gaur egun Enpresa Erakunde Publikoa- hiriaren garapen eta proiekziorako kultur eragile nagusia da. Hainbat udal-ekipamendu eta -zerbitzu kudeatzeaz gain, kultura-diziplina guztietan programazioa eta jaialdiak antolatzen ditu eta, bereziki, hirian kultura-plataforma berriak sustatzen ditu ekimen publikoak eta pribatuak bateratuz.

Astebete barru Santo Tomas eguna ospatuko dugu, gure hirian Gabonetako jaiei hasiera ematen dien festa herrikoia. Baserri-giroa gogoratzen duen festa honek (lehen feriek hala adierazten dute: baserriaren errentak baserriko jabeei ordaintzeko hirira jaisten ziren baserritarrak. Bide batez, euren produktuak bertan saltzeko aprobetxatzen zuten, etxera Gabon-gaueko afarirako bakailaoa erosteko…) aspaldi hartu zuen bere lekua gure hiri-ingurunean, egun batez Donostia herri handi bihurtuz.

Aurten 205 postu ipiniko dira Gipuzkoa plazan, Konstituzio plazan, Sarriegi plazan, Okendo plazan, Zuloaga plazan, Boulevarden eta Elkano eta Txurruka kaleetan banatuta. Iaz baino 4 postu gehiago.

Hona hemen Ferian gehien aurkituko ditugun produktuak:

  • Txistorra, 53 postutan
  • Gozokiak, 22 postutan
  • Taloa, 13 postutan
  • Gazta eta esnekiak, 13 postutan
  • Hainbat jatorritako eskulangintzako produktuak, 49 postutan

Baina horretaz gain, Santo Tomasek mota guztietako jendeari zuzendutako euskarazko kulturarekin lotutako programazioa ere eskaintzen du. Trikitixak, aizkolariak, pilota, haur-tailerrak, abereen erakusketa, lehiaketak eta musika. Ziur gaude mota diferenteko jende ugari erakarriko dutela.
Herri-kirolaren esparruan, Festak erakundeak, beti, emakumeen kirolari eman dion babesarekin jarraituz, aurten, hirugarren urtez jarraian, emakumeak protagonista izango diren herri-kiroleko bi proba egingo dira:

  • Alde batetik, ESKU PILOTAKO II. TXAPELKETA, emakumeen modalitatean, jokatuko da 1. mailako pilotariekin. Eta bestetik, partidu misto bat jokatuko da, botilero-lanak egingo dituzten Iratxe Ibarra eta Andoni Egaña bertsolarien iruzkinekin.
  • III. Urrezko Kopan, aurten, 5 lehiakidek hartuko dute parte (Aste Nagusiko Urrezko Kopan egiten den bezala). Lehiakideak honako hauek izango dira:
    • Aresoko Itsaso Onsalo
    • Iturengo Maika Ariztegi
    • Berako Nerea Sorondo
    • Zeanuriko Irati Astondoa
    • Lesakako Maria do Amparo Sousa Santos

Berrikuntza gisa aipatu behar da aurten Donostialdeko Ezti eta Txorimaloen lehiaketak berreskuratu ditugula. Biak Zuloaga plazan egingo dira.

Gainera, Baserritar Jantzien II. Lehiaketa (Boulevardeko kioskoan) egingo dugu Axular Dantza Taldeak antolatuta. Bertako kide batzuk gurekin ditugunez, haiei emango diet hitza lehiaketa hau barne hartzen duen eta Dotore Jantzi izenburua daraman proiektua labur-labur azal dezaten.

Ezin dugu aipatu gabe utzi Feriako protagonista nagusia: Gilda. 340 kilorekin egun osoan gurekin egongo da Konstituzio plazan.

Eta Feria posible egiteko eta guztia irisgarritasun, iraunkortasun eta errespetuko parametro egokitan burutzeko, zenbait zerbitzu berezi egongo dira, adibidez:

  • Hiri barruko eta hiriarteko autobusek euren ibilbideak aldatuko dituzte Feriak okupatuko dituen guneen ondorioz. Bereziki, Gipuzkoa plazako geltokiak kenduko dira. Hala ere, bertakoak eta kanpokoak ia Feriaren guneraino (Boulevard) hurbiltzen jarraituko dute, gaur egun martxan dauden linea guztiak kendu beharrik gabe.
  • Feria egiten den leku guztietan edukiontzien zerbitzua indartuko da, bertan parte hartuko duten ekoizleek eta partaideek sortzen diren hondakinak behar bezala bereizi ditzaten.
  • Txistorra- eta talo-postu guztietan olio-bilketarako bidoiak ipiniko dira.
  • Feriaren inguruan eta egun osoan zehar 131 WC egongo dira erabilgarri (horietako 37 Feria ere egingo den auzoetan ipiniko dira).
  • Feriako postuentzako eta erabiltzaileentzako 45.000 edalontzi berrerabilgarri ipiniko dira, kristalezko edo berrerabili ezin diren ontziak ahal den neurrian ez erabiltzeko.
  • Ferian zehar beira biltzeko zerbitzu ibiltaria (trikitixa + lurrean utzitako beira biltzeko horgatxoa) ipiniko da.
  • Boulevarden osasun-laguntzako bi postu ipiniko dira, gerta daitezkeen gorabehera txikiak (ebakiak, erorketak, zorabioak…) artatzeko.

Hori guztia, Feria gorabeherarik gabe eta giro lasaian eta alaian egiteko.

Baina Feriaz ez da erdialdean bakarrik gozatu ahal izango, auzoek ere ospatuko dute Santo Tomas:

  • 5 auzok datorren asteburuan: gaur bertan Morlansen, abenduaren 15ean Bidebietan, eta abenduaren 16an Ibaetan, Intxaurrondon (Sagastieder) eta Loiolan
  • Beste 5ek Santo Tomas egunean: Gros, Amara Berri, Amara Zaharra, Antigua, Intxaurrondo (Bernart Etxepare)

Aurkezpen hau ezin dugu amaitu gure festa guztietan, baita Santo Tomas Ferian ere, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigun bi gai aipatu gabe:

  • Eraso sexistak: Berdintasun Sailarekin elkarlanean, Boulevarden informazio-karpa bat ipini da eraso kasuak prebenitzeko eta, haiek gertatuz gero, arreta emateko.
  • Alkoholaren salmenta/kontsumoa adingabeen artean: Gogoratu guztiei alkohola 18 urtetik aurrera soilik kontsumi daitekeela eta, beti, pasatu gabe.

Halaber minutu batzuk ere eskaini behar dizkiogu Adikzioen Legea zorrotz aplikatzeko erabakiari. Lege horren ondorioz, lehen aldiz gure ferian, DBH eta/edo BATXILERGOA ematen duten ikastetxeei dagozkien txistorra-postuetan txistorra eta alkoholik gabeko edariak baino ezingo dira saldu. Erabaki hori hartzeko honako gogoeta honetan oinarritu gara: festak gure bizitzan gizarte-harremanerako oso leku garrantzitsuak dira, eta are gehiago gazteak bagara; festek herritarrak biltzen dituzte eta herri, hiri, multzo… bateko kide izateko sentimendua sortzen dute. Eta askotan -nahi baino gehiagotan- festa eta alkohola hitzak lotzen dira. Eta alkohol horrek, arduragabekeriaz kontsumituz gero, kalte konponezinak eragin ditzake. Duela urte batzuk, festetan iraunkortasunaren, irisgarritasunaren, askatasunaren eta berdintasunaren alde egin genuen bezala, eta urte askotan Santo Tomas egunean adingabeei alkohola modu arduratsuan saldu eta hauek kontsumi zezaten saiatu garen arren, ondorio batera heldu gara (hainbat erakunde publikok eta pribatuk lagunduta): lehen aipatutako neurria abian jarri behar zela, festak alkohola kontsumitu gabe dibertigarriak, erakargarriak, emankorrak, interesgarriak eta abar ere izan daitezkeela defendatuz.

Gure artean daude aurten Boulevarden postu bat edukiko duen eta, beste hainbat irizpideren artean, aipatu berri duguna babesten duen BE@BE zuku naturalen enpresa donostiar gazteko ordezkari batzuk. Zuen txanda, Mikel.

Aurten ere Feriaz gozatzera animatzen zaituztegu donostiar guztiak. Eguraldi onak, giro onak, besteenganako errespetuak eta salmenta oparoek Feria -gure hirian urte osoan egiten den jendetsuena eta alaiena- behar bezala joan dadin laguntzea espero dugu.



Ekei Kulturweb S.L.L.