Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Zuhaitz Eguna

Zuhaitz Eguna

  • Tolosako Zuhaitz Egunaren irudia

Tolosan 2019n egingo diren azoken egutegiari hasiera emango zaio XXIV. Zuhaitz Egunarekin.

Udalherria: Tolosa

Lekua: Triangulo Enparantza

Ordua: 08:00 - 14:00

Hasiera: 2018/02/9

Amaiera: 2019/02/9

Sarrerak: Doan / Gratis

Tolosako Udala

Plaza Zaharra, 6A (20400) Tolosa

Telefonoa: 943697500
Faxa: 943697510
Weba: http://www.tolosakoudala.net
Emaila: informazioa@tolosakoudala.net

Zuhaitzak, zuhaixkak, bonsaiak eta landareak izango dira protagonista 2019eko lehendabiziko azoka berezi honetan. Larunbat honetan, otsailaren 2ean Trianguloan hainbat postu egongo dira zuhaitzen inguruan.

Euskal Herri osotik etorriko dira mintegiak, guztira 15 egongo dira Trianguloa plazan. 08:00etan hasiko dira goiztiarrenak beraien postuak jartzen eta 14:00ak arte egongo dira hor. Parte-hartzaileen artean, aipamen berezia merezi dute abendutik maiatzera bitarteko larunbatetan ere, hutsik egin gabe, Atadi kalean egoten diren mintegiek. Hala nola,  Arakama Mintegiak (Zegama), Dorronsoro mintegiak (Ataun), Lasa mintegiak (Albiztur) eta Urkizu mintegiak (Anoeta). Izan ere, larunbat honetan ere hor izango dira beraien produktuekin, baina hori bai, ez ohiko beraien txokoan. Fruta arbolak (limoiondoak, laranjondoak, sagarrondoak…) baso landareak (pinuak, pagoak, haritzak…), apaingarriak, zuhaitzak eta zuhaixkak ekarriko dituzte larunbateko azoka berezira.

Egun hau landare eta zuhaitz mota ugari ikusi eta erosteko aproposa izateaz gain, haiei buruzko zehaztasunak galdetzeko ere egokia da. Izan ere, gustura erantzuten diete mintegietako arduradunek bertaratutakoen kezka eta galderei.

Landare ekologikoak eta bonsaiak ere

Jendeak gero eta garrantzia handiagoa ematen dio elikadurari eta honek duen jatorriari. Horren ondorio, azken urteetan indarra hartzen eta zabaltzen ari dira produktu ekologikoak. Hala, norabide eta helburu honekin bat eginaz, beste behin ere landare eta zuhaitz ekologikoen mintegi bat izango da aurtengo Zuhaitz azokan.

Zarauztik etorriko da Blasenea. Honek,  mota ezberdinetako patatak ekarriko ditu nobedade gisara eta baita ere  fruitu txikien zuhaixkak; mugurdiak, ahabiak eta masusta zuhaixkak. Antzinako barietateak gehientsuenak.

Japoniatik datorren artea da bonsaiena, hau, zuhaitz eta landareak tamaina oso txikian haztean datza, eta horretarako, teknika ezberdinak erabiltzen dira. Zuhaitzaren azokan horrelakoak ikusteko aukera izango da, eta baita, landareak hazteko teknika berezi hau gertuagotik ezagutzeko parada ere. Irun Bonsai haztegikoak etorriko dira Tolosara, beraien produktuak aurkeztera. Irungo mintegi honek, bonsaiak saltzeaz gain, hauek nola zaindu behar diren ere erakusten du. Horretarako ikastaroak eskaintzen dituztelarik.

Parte hartzaileak

  1. Agirretxe: Donostia (Gipuzkoa)
  2. Arakama anaiak: Zegama (Gipuzkoa)
  3. Aranburu: Aginaga (Gipuzkoa)
  4. Belar: Zaldibar (Bizkaia)
  5. Blasenea: Zarautz (Gipuzkoa)
  6. Dorronsoro: Ataun (Gipuzkoa)
  7. El montañes: Tafalla (Nafarroa)
  8. Guillen: Pueyo (Nafarroa)
  9. Urkizu: Anoeta (Gipuzkoa)
  10. Victor Lasa y otra CB: Albiztur (Gipuzkoa)
  11. Irun Bonsai: Irun (Gipuzkoa)
  12. Txomin Bilbao: Kortezubi (Bizkaia).
  13. Artadi (Bizkaia)
  14. Chavarri (Errioxa)
  15. Lurberry (Gipuzkoa)

Larunbateroko azoka ere hor

Triangulo plazan soilik ez, udalerriko beste hainbat gunetan ere erosi ahal izango dituzte bisitariek, bertako produktuak. Alde batetik, Zerkausia, inguruko baserritarrek larunbatero bezala beraien produkturik onenak ekarriko dituzte, baratzetik zuzenean, edonork goza ditzan. Besteak beste, urte garai edo sasoi honetakoak: azaloreak, brokoliak, bruselako azak eta eskarolak. Bestetik, Berdura plazan, loreak eta landare haziak izango dira salgai. Azkenik, era guztietako produktuak eskuragarri izando dira Euskal Herria plazan.



Ekei Kulturweb S.L.L.