Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Erakusketa: "Daniel Canogar. Oroitzapen likidoak"

Erakusketa: "Daniel Canogar. Oroitzapen likidoak"

  • "Daniel Canogar. Oroitzapen likidoak" erakusketaren foiletoa

Donostiako Kubo-kutxa aretoak Daniel Canogarren artelan berrienen "Daniel Canogar. Oroitzapen likidoak" erakusketa aurkezten du.

Udalherria: Donostia / San Sebastián

Lekua: Kubo-Kutxa Aretoa

Ordua:  

Hasiera: 2019/09/12

Amaiera: 2020/01/6

Sarrerak: Doan / Gratis


Ver ARTE en un mapa más grande

Kutxa Gizarte Ekintza.

Garibai, 20 (20004) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943411191

  • Komisarioa: Lola Durán Ucar

DANIEL CANOGAR (Madril, 1964)

Haren bizitza eta ibilbidea Espainia eta Estatu Batuen artean garatzen da. Argazkilaritzan espezializatutako master bat egin zuen New York University-n eta International Center of Photography-n, 1990ean. Haren lehenengo adierazpidea argazkia izan bazen ere, berehala piztu zitzaion bideo, eskultura eta instalazio artistikoekiko interesa.

Haren banakako azken erakusketa proiektuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Echo, Paul and Lulu Hilliard University Art Museum-ean (Lafayette, 2019); Melting the solids, Art Bärtschi & Cie galerian (Geneva, 2018); Fluctuaciones, Alcalá 31 aretoan (Madril, 2017); Sikka inentium, Nafarroako Unibertsitatearen museoan (Iruñea, 2017); Quadratura, Limako Espacio Fundación Telefónican (Lima, 2014); Vortices, Canal de Isabel II Fundaziorako egina (Madril, 2011); eta, Synaptic Pasaje instalazioa Brain. The Inside Story erakusketarako, New Yorkeko American Museum of Natural History-n.

Lan monumental ugari egin ditu espazio publikoetan, hala nola Aqueous, Sobrato Organization-en (Mountain Wiew, 2019); Pulse, Texax A&M unibertsitatean (College Station, 2018); Tendril, Tampako Nazioarteko Aireportuan (Tampa, 2018); Xilem etaGust II, BBVA bankuaren egoitza nagusian (Madril, 2018); Storming Times Square (New York, 2014); Waves, JP Morgan Houston-en atarian (Houston, 2012). Beste instalazio batzuen artean, aipagarriak dira Constelaciones, Europako argazki mosaiko handiena, Rio Manzanares parkean oinezkoen bi zubitarako sortutakoa (Madril, 2010); eta Travesias,Europar Batasuneko Kontseiluaren atarian LEDen pantaila handi baterako sortutakoa Espainiak 2010ean Europar Batasunaren presidentetza eskuratzearen harira.

Nabarmentzen dira, halaber, Nodi, Napoliko Arensa tren geltokian egindako bi argazki mural, eta Clandestinos, monumentu enblematikoei buruzko bideo proiekzio bat, Rio de Janeiroko Arcos de Lapan, Madrilgo Alcalako Atean eta Erromako San Pietro in Montorio elizan eman dena.

Era berean, Ciudades Efímeras: Exposiciones Universales, Espectáculo y Tecnología (Julio Ollero argitaratzailea, Madril, 1992) eta Ingrávidos (Telefónica Fundazioa, Madril, 2003) lanak argitaratu ditu. Horrez gain, irudiaren arkitekturari, argazki garaikideari eta hedabide berrien arteari buruzko saiakerak idatzi ditu.

ERAKUSKETA

Daniel Canogarren obrak gogoeta egiten du memoriari eta haren galerari buruz. Haren proiektuetan azaleratzen den kezka bat da, ahanzturari eta oroitzapenen desagertzeari aurre egiteko, horretara baikaramatza egun nagusi den etengabeko eta gehiegizko informazioak.

Artistak gai horri ekiten dio hainbat planteamendutatik: hasi erabilpenik ez duten objektu eta material batzuen iraganeko bizitzaren memoria berreskuratzetik, egungo gizarte garatuei eragiten dieten aldaketak jaso eta digitalki eraldatzeraino.

Erakusketa honetan, Oroitzapen likidoak izenburupean, Canogarren proposamen artistiko berriak gogoeta egiten du memoria ez galtzeko prozesuei buruz, galeraren kontzientziari buruz.

Erakusketaren diskurtsoaren zati garrantzitsu bat oinarritzen da egunero nozitzen dugun etengabeko datu bonbardaketan, geureganatu ezin dugun datu kopuru eskerga. Prozesu teknologiko baten bidez, artista madrildarrak datuok hartu eta publikorantz proiektatzen ditu, animazio generatibo abstraktuen moduan, oso iradokitzaileak ikuspegi plastikotik eta transmititzen duten balio poetikoagatik.

Artista itsututa dago teknologiak gizakian eta planetan duen inpaktuarekin. Informazio fluxu jarrai eta erraldoi baten mende bizi gara, prozesatu ezin dugun eta alienatu egiten gaituen informazioa, eta etengabe distraituta gauzkana nahitaez jasan behar dugun bonbardaketa sentsorialaren pean.

Memoria ez da kapaz horrenbeste informazio irensteko, eta oroitzapenak erre eta desagertu egiten dira. Egungo gizartearen leitmotiv-a zaharkitze azeleratua da, globalizazioaren eta berehalakotasunaren aroan gizakiak duen beharra berri-berriena eskuratu eta zaharra -edo ia atzora arte berria zena-  baztertzeko. Horri etengabeko update-a dei geniezaioke, Canogarrek bere lan batzuetan egin bezala: hala nola Cannula, Ooze edo Ripple, besteak beste. Informazioak ihes egiten du, memoriak bezala, existentziak bezala. Oroitzapen likidoak-en proposamen plastikoa eta teknologikoa, beraz, zahartzeak eragindako beldurrari eta heriotza ez onartzeari buruzko metafora eder bihurtzen da.

Nabarmendu beharreko beste kontzeptu bat «errealitate likidoa» da. Zyngmar Bauman jatorri juduko poloniar filosofo eta saiakeragilearen hitzetan, fluidoak «ez dira espazioan finkatzen, ezta denborari lotzen ere», eta ez dute beren forma denbora luzez gordetzen. Etengabeko jariatze horren lekuko gara. Aldaketak iragana dira gertatzen diren unetik beretik. Erreala eta irreala bereizten dituzten lerro meheak itxuragabetuz doaz pixkanaka.

Egungo desafio handienetako bat da geure burua informazio erauntsitik babestea, nor garen ez ahazteko. Egilearentzat, gure inguruneaz jabetzea eta erne egotea izan dezakegun plazer handienetako bat da, eta horregatik du Canogarren lanak publikoaren arreta erakartzeko borondate irmoa, esperientzia sentsorial baten bidez, helburua izanik gogoeta piztea planteatzen ari zaigunari buruz.

Proiektu honek arakatu eta sakondu egiten du modu poetiko batean mendebaldeko gizarte globalizatua kezkatzen duten gai handienetako batzuetan: hala nola askatasuna, ekonomia, hedabideak edo ingurumena. Halaber, ikergai du ere garapen teknologikoak gizakian duen efektua, baita gizakiak munduan egoteko duen moduan ere. Baina, batez ere, obra hauek tresnatzat hartzen ditu, aldaketen abiadura bideratu eta gauzatzeko.

Pantailen bidez eta algoritmoak sortuz, konkretua abstraktu bihurtzen du, abstrakzio lirikoa, espazio birtuala atzeman eta erakustea ahalbidetzen diona: «hor sentitzen dut hobekien gai naizela errealitate elektronikoaren energia eta pultsua adierazteko».

OBRAK

  • Amalgama, 2019
    • Amalgama bideo lan generatibo bat da, Berpizkundetik gaur egunera arteko ibilaldi batean Googlen artearen historiako bostehun artista nabarmenen inguruko bilaketak eginda sortutakoa. Horietatik guztietatik hamar sorkuntza adierazgarrienak aukeratu eta algoritmo baten bidez eraldatu dira; irudiak likidotu dira, eta jatorrizko lanetatik abiatuta abstrakzioak proiektatzen dira.

  • Cannula, 2016
    • Cannula gizakiak sarean uzten dituen aztarna digitalen esplorazio bat da, algoritmo matematiko baten bidez YouTuben aurrez ezarritako gaien bilaketak egiten dituena. Gai bakoitzetik, ordenagailu batek ehun bideo ikusienak deskargatzen ditu automatikoki eta erretina pantailan proiektatzen ditu; pantaila horrek, aldi berean, bideoak diluitu eta funditzen ditu, eta etengabe aldatzen den animazio abstraktu bat sortzen du.

  • Echo, 2016
    • Echo proposamen plastiko bat da, led malguak dituzten lau piezaz osatutakoa. Pantaila eskultorikoek datuak lortzen dituzte hainbat webgunetatik, denbora errealean, eta, aldi berean, hainbat fenomeno naturali edo ingurumen fenomenori buruzko informazio eguneratua eskaintzen dute: suteak, euriteak, sumendiak edo kutsadura maila, besteak beste. Algoritmoen bidez, bildutako informaziotik abiatuta animazio abstraktuak sortzen dira eta, haien bidez, planeta «entzun dezakegu».

  • Draft, 2017
    • Hiru pantailatan animazio generatiboak proiektatzen dira, giza eskubideen defentsaren eta legediaren inguruko sorrera akordio nagusiak abiapuntu hartuta: Magna Carta, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta Amerikako Konstituzioa. Aipatu dokumentuak pixkanaka distortsionatzen dira, testu horiek sortu ziren hirietan (Runnymede, París eta Filadelfia) denbora errealean haizeak duen norabidearen eta indarraren eraginpean.

  • Xylem, Ooze, eta Ripple, 2017
    • Xylem, Ooze eta Ripple lanak gizarte garaikideko gaitz nagusien, merkatu ekonomiaren krudelkeriaren eta globalizazioaren efektuen metafora bat dira.
    • Paretetan proiektatzen diren hiru animazio generatibo, munduko datu finantzarioen fluxuaren eraldaketa, Nasdaq indizea osatzen duten enpresen logotipoak eta CNN nazioarteko albiste kanaletik lortutako bideoak abiapuntu dituztenak. Azken emaitza corpus iragankor bat da, mutatzen duena, «tapiz algoritmiko» baten moduko proposamen plastiko abstraktu bat.

LOTUTAKO JARDUERAK

  • Doako bisita gidatuak
    • Larunbatero. Euskaraz 18:30ean, eta gaztelaniaz, 19:30ean.

  • Familientzako tailerrak
    • 5 eta 11 urte arteko haurrentzat eta haien laguntzaileentzat antolaturiko familia tailerrak. Larunbatero, 17:00etatik 18:30etara.

  • Daniel Canogar by… Oumuamua (Ignacio Bilbao)
    • Urriaren 4a, 20:00
      • Higiduran dauden eta kohesio-indar ahulek elkarri lotuta mantentzen dituzten soinuen multzoa, Oumuamuak sortutakoa (Ignacio Bilbao, Grande Days).
        • Sarrera doan, edukiera bete arte.

  • Denbora erreala. Arte elektronikoaren historia, Jaime de los Ríos
    • Azaroaren 28a, 19:00
      • Jaime de los Ríosen hitzaldia, artista elektronikoa eta ARTEK[Lab] Arte eta Zientziako laborategi irekiaren sortzailea.
        • Sarrera doan, edukiera bete arte.

  • Daniel Canogar by… Jaime de los Ríos
    • Abenduaren 12a, 18:00
    • Jaime de los Ríosen eskutik, Data walk bisita gidatua Daniel Canogar. Oroitzapen likidoak (Kubo-kutxa aretoa) eta Filipa Cesar. Kotoizko Algoritmoak (Tabakalera) erakusketetara.
      • Doan, aurretik izena emanda.

  • Bisita gidatua + filma
    • Abenduaren 23a
      • 18:00. Bisita gidatua erakusketara Iñaki Ortiz zine kritikariaren eskutik.
        • Doan, aurretik izena emanda.
      • 19:30. Creative Control (2015) filmaren proiekzioa, Trueba zine aretoan, Kresala Zineklubak programatua eta elkarlanean Kubo-kutxa aretoarekin.
        • Sarrerak salgai zine aretoaren leihatilan.

Ordutegia

  • Iraila
    • Asteartetik ostiralera 11:30 – 13:30 / 17:00 – 21:00
    • Larunbata, igandea eta jaiegunak 11:30 – 21:00
  • Urria-urtarrila
    • Asteartetik igandera 11:30 – 13:30 / 17:00 – 21:00

Informazio gehiago: http://danielcanogar.com

Kubo-kutxa



Ekei Kulturweb S.L.L.