Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Mutrikuko herrigunea

Mutrikuko herrigunea

  • Mutriku

Mutrikura egun pasa datorren edonorentzat ezinbestekoa da alde zaharra bisitatzea, Monumentu Multzo izendatua, bertako kale estu eta aldapatsuak zeharkatuz hainbat jauregi eta dorretxe aurki baititzakegu, zein baino zein politagoa.

Udalherria: Mutriku

Lekua: Turismo Bulegoa

Ordua: 

Hasiera: 2018/12/31

Amaiera: 2019/12/31

Sarrerak: 0,00

Beraz, Mutrikura iritsi bezain laster, herriaren bisita Txurruka plazan hasiko dugu. Plazaren erdian Kosme Damian Txurrukaren Trafalgarko gizaundiaren irudia aurkituko dugu. Plaza inguratuz, Jasokunde Ama Birjinaren eliza, udaletxea eta Galdona jauregia aurkitzen dira.

Konde kaletik jarraituz gero, ezkerrean, Txurrukaren etxea izenez ezagutzen den jauregia aurkituko dugu, Gaztañeta Jeneralaren aginduz eraikia 1731. urtean. Aurrez aurre, kalearen beste aldean, barroko tankerako armarria duen harlanduzko etxe bat aurkitzen da. Kalean jarraituta, eskuinetara, XVI. mendeko Zabiel Jauregia begiztatuko dugu, gaur egun kultur etxea.Konde kalearen bukaeran, parez pare, ate buruan Txurrukatarren armarria duen XVIII. mendeko etxe bat aurkituko dugu, Kosme Damian Txurrukaren sorlekua. Etxearen eskuinean San Gil kalea aurkitzen da, 1553. urteko sutetik salbu gelditu zena eta bertan arrantzaleen tresnak gordetzeko erabiltzen ziren lojak daude.Hemendik Atxukalera iritsiko gara, herriko balkoira. Bertatik, portuaren bista zoragarriez gozatzeko aukera izango dugu. Eskaileretan behera jaitsiz gero, Loja Zaharra deritzon XVIII. mendeko eraikinera iritsiko gara. Eraikin hau beheko solairuko arkuek nabarmentzen dute eta gaur egun Itsas-Arrantza Institutu Sozialaren egoitza da.

Eraikinaren arkuen azpitik iragan ondoren, eskuinetara jota, Tranpa Kalea aurkitzen da. Aldaparen hasieran, XVI. mendea baino lehenagokoa den Berriatua dorretxea ikus daiteke, "Sulengua" izenez ezagutua, 1553. urteko sutean erre ez ziren eraikuntza gutxietako bat baita. Aldapa igota, Montalivet jauregia dago, XVIII. mende amaieran Ibero etxegileak eraikitakoa.Tranpa kalearen bukaeraraino jarraituz gero, Barrenkaleren hasieran, harlanduzko Olazarra Mizkia eraikina aurkituko dugu, XVII.mendekoa, eta aurreraxeago Luardo etxea, bere leiho bikoitz eta puntu erdiko sarrera arkuekin. Hemendik, Frontoi kalean gora, berriro ere Txurruka plazara iritsiko gara.

Informazio gehiago:
MUTRIKUKO TURISMO BULEGOA
Txurruka plaza z/g - Tfno: 943 60 33 78 - turismo@mutriku.eus



Ekei Kulturweb S.L.L.