Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Kontzertua: Anje Duhalde

Kontzertua: Anje Duhalde

  • Anje Duhalde

Anje Duhalde abeslari lapurtarraren kontzertua.

Udalherria: Astigarraga

Lekua: Erribera Kulturgunea

Ordua: 20:00

Hasiera: 2023/01/28

Amaiera: 2023/01/28

  • Txomin Duhalde (bateria, koruak)
  • Iñigo Telletxea (baxua)
  • Rémy Gachis (gitarra, koruak)
  • Anje Duhalde (ahotsa, gitarra)

Anje Duhaldek Ibilean bere azken lana aurkezten digu. Zuzenean grabatutako diskoa da eta gaur egungo Anje Duhalderen errepertorioa jasotzen du. Banda gaztea lagun duela, garai ezberdinetako lanak eskainiko ditu: hasierako Errobiren gaiak (Gure lekukotasuna), estudioan grabatutako azken lanak (Maitasun nortasun, Gitarra zahar honekin), nahiz euskal folkeko kanta klasikoak (Eperra). Aukera paregabea musikari handi honen errepertorioaz gozatzeko.
Ahots atsegina du, ezaguna, denon gustukoa. Euskal Herriko musikari behinenetako honen kantuetan rocka, folka eta doinu tradizionalak uztartzen dira.
Anje Duhalderen ibilbideak lorratz nabarmena utzi du euskal musikaren historian. 70eko hamarkada bukaerako belaunaldiarengan eragin handia izandako Errobi rock/folk taldeko sortzailea izan zen eta 80ko hamarkadaren hasieran bakarkako bidea abiatu zuen.
Bizitza osoa kantuari eta rockari lotuta daramaAnje Duhaldek (Arrangoitze, Lapurdi, 1950). Hastapenetan bateria jo zuen Fuego taldean.
Geroago, Errobi euskal rockaren aitzindari izandako talde ezinbestekoan izan genuen Mixel Ducaurekin batera (bost disko grabatu zituzten). Ondoren, Akelarre taldeko kantaria izan zen zenbait urtetan.
Berrogei urtetik gora daramatza konposatzen, grabatzen, eta, oholtzaren gainean zuzenean jotzen. 2006. urtean, Sorminetan kaleratu zuen, estudioko bere azken lana. Orain, zuzeneko lan bat dakarkigu, Ibilean, Anjeren agertoki kuttunak diren Bilboko zein Ondarroako Kafe Antzokietan grabatua, Maikel Garcia eta Mikel Ugarte teknikariekin. Nahasketak eta masterizazioa Berako Mik estudioan egin ditu Maikelek.
Eskarmentu handiko musikaria dugu Anje Duhalde, euskal folka eta rocka ezagutu ahal izateko, ezinbestekoa. Kantu tradizionala eta rockaren arteko zubia eraikitzeko gai izan da, gure sustraien eta mundu modernoaren arteko uztarri izateko.
Hamar urte baino gehiago daramatza talde egonkorrarekin, eta, oso eroso sentitzen da. Oholtza gainean, Iñigo Telletxea beratarra (baxua), Remy Gachis uztariztarra (gitarra) eta Txomin Duhalde semea (bateria) izan ditu bidaide. Eta Urbil Artolak bere lapsteel gitarrarekin hiru kantutan kolaboratu du.
Zuzeneko disko hau ibilbide osoaren erakusgarri da, eta, hastapenetako, zein, azken laneko kantuak biltzen ditu. Diskoaren oinarria soinu elektriko nahiko indartsuek, zein akustikoek osatzen dute. Berak sortutako doinuez gain, John Hiatt handiaren bi bertsio ere prestatu ditu Duhaldek. Ezaguna da Arrangoitzeko kantariak estatubatuarrari dion miresmena, eta inoiz bere kanturen bat sartu izan du bere diskoren batean.
Duhaldek 1978an grabatu zuen lehen zuzenekoa, Errobiren Bizi bizian, eta beste bi ere baditu; 93ko Zuzenean bakarlari gisa (Victoria Eugenia Antzokian grabatua), eta Georges Brassensen kantari egitasmo berezia, 2001ean hirukote moduan Baionan grabatua. Honakoa laugarrena da, beraz.
Anje Duhalde, batez ere, zuzeneko animalia dugu, eta, kontzertuetan transmititzen duen energiaz baliatuz, Ibilean honetan ere bere kantu sentikorren uger zaporea dastatu ahal izango dugu, iturri agortezin bat balitz bezala.

Diskografia:

  • "Zuzenean"
  • "Su Gainean Dantzan"
  • "Azkarate"
  • "Georges Brassensen Kantari"
  • "Pinpirin eta Florian"
  • "Sorminetan"
  • "Ibilean"



Ekei Kulturweb S.L.L.