Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. "Bilintxen Menda" Bertso Hamabostaldia

"Bilintxen Menda" Bertso Hamabostaldia

  • Donostiako "Bilintxen Menda" Bertso Hamabostaldiaren foiletoa 2021

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak Bilintxen Menda bertso hamabostaldia antolatu dute elkarlanean. Apirilaren 28an Indalezio Bizkarrondo Bilintx bertsolari donostiarraren jaiotzaren 190. urteurrenaren karietara, bertsoa ardatz hartuta, lau ekitaldi egingo dira maiatzaren lehen hamabostaldian.

Udalherria: Donostia / San Sebastián

Lekua:  Donostiako beste auzo eta guneak

Ordua:  

Hasiera: 2021/05/2

Amaiera: 2021/05/14

Sarrerak:  

Donostia kultura

Reina Regente, 8. 20003 Donostia (edificio del Tea (20003) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943 481 150
Faxa: 943 483 900
Weba: http://www.donostiakultura.eus
Emaila: donostiakultura@donostia.eus

Donostia Kultura -gaur egun Enpresa Erakunde Publikoa- hiriaren garapen eta proiekziorako kultur eragile nagusia da. Hainbat udal-ekipamendu eta -zerbitzu kudeatzeaz gain, kultura-diziplina guztietan programazioa eta jaialdiak antolatzen ditu eta, bereziki, hirian kultura-plataforma berriak sustatzen ditu ekimen publikoak eta pribatuak bateratuz.

Azken hamarkadetan bertsolaritzak izan duen bilakaera eta garapena islatuko dira hamabostaldi horretan. Bilintxen jaiotzaren urteurrena ospatzearekin batera, bertsolaritzak azken hamarkadetan izan duen garapena islatu nahi da. XX. mende bukaeraz geroztik ere bertsolaritzak aldaketa nabarmenak izan ditu: gaiak aldatu dira, bertsolariaren profila, generoa (emakumeek indar handia hartu dute) eta abar. Beraz, garapen hori da hamabostaldiaren abiapuntua, Bilintx bera oroitzearekin batera.

Donostia eta bertsolaritzaren arteko lotura estua izan da. XIX. mendeko hiriko bizitza sozialean, lore jokoetan eta abar, bertsolaritzak leku garrantzitsua zuen hirian. XX. mendean ere Donostiak bertsoari estuki lotuta jarraitu zuen: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalak, Bertsolari egunak - gerora Bertso Eguna bilakatu zena- bertan egiten ziren.  Gaur egun ere bertsolaritzak presentzia du Donostian, eta hori indartzeko sortu du Udalak bertso hamabostaldia. 2021ean, pandemiaren eraginez, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa atzeratu behar izan denez eta bertso saio asko bertan behera geratu direnez, Donostiak bertsoari beste zirrikitu bat ireki nahi izan dio Bilintxen Menda bertso hamabostaldia antolatuta.

Bilintxen Menda, bertso usaina dario

Ezohiko bertso hamabostaldiak izen berezia du: Bilintxen Menda. Xabier Euzkitze bertsolari eta esatariak jarritakoa da,  bera arduratu baita bertso hamabostaldiaren diseinu eta koordinazioaz. "Bilintxen izaera ezin hobeki islatzen duen bertso batetik hartu nuen izena" adierazi du.

Askok diyote kantetan beti
amore-kontu naizela,
nik esaten det arriturikan
motibo gabe daudela.
Zer egin biat baldin zerubak
doaitu banau horrela?
Ez dute ikusten usaia mendak
bere izatez dubela?
Nere biyotzak amoriyua
mendak usaia bezela.

Lau ekitaldi antolatu dira hamabostaldiaren barruan. Horietako bik ordaindutako sarrera dute eta beste bietan gonbidapena beharrezkoa izango da.

1-Bilintxen Menda (hitzaldi musikatua), maiatzaren 2an, 19:00etan, Antzoki Zaharrean

Donostiar bertsolari historikoaren bizitza eta pentsamendua aztertuko dituzte Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolariek. Horrez gain, Bilintxen hainbat bertso kantatuko dituzte Joxan Goikoetxea eta Imanol Kamio musikarien laguntzaz.

Sarrerak salgai dagoeneko donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.

2-Erdaretatik bertsotara(mahai-ingurua), maiatzaren 6an, 19:00etan, Okendo K.E.-n

Bilintx erabat donostiarra eta euskalduna zen, baina, gaur egungo hainbat bertsolarik bezala, beste sustrai batzuk ere bazituen. Dionisio Ureña, aitona, Huelvako Ayamonten jaioa zuen, Portugalgo mugan. Erdaretatik plazetarako urratsa egin duten hiru lagunen lekukotasunak bilduko ditugu: Jone Uria, Jon Maia eta Aitor Servier bertsolarienak. Amagoia Mujika kazetariak gidatuko du saioa.

Gonbidapenak maiatzaren 5etik aurrera lortu ahal izango dira
donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta Okendo Kultur Etxean.

3-Imanol Lazkanoren Gorbatatik piercingera hitzaldia, maiatzaren 11n, 19:00etan VEAko Club aretoan

Imanol Lazkano dateke bertsolaritzak azken 100 urteotan izan duen bilakaeraren lekukorik behinena. 1936an jaio zen, Txirrita hil zen urtean. Hernaniar bertsolariarekin kantatzera iritsi zen belaunaldi baten kantu-lagun izan zen gaztetan (Basarri, Uztapide, Zepai, Txapel...), eta, tartekoak tarteko, gaur egun elitean dauden gazteak ere plazakide izan zituen azken urteetan. Bertsolaritzak belaunaldiz belaunaldi izan dituen aldaketak izango ditu aztergai bertsolari azpeitiarrak: bertsolarien profil soziala eta profesionala, pentsakera, bertsokera, gaiak, estetika... Xabier Euzkitze herrikideak egingo du aurkezpena.

Gonbidapenak maiatzaren 10etik aurrera lortu ahal izango dira  donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan.

4- Bertso-saioa, maiatzaren 14an, 19:00etan, Imanol Larzabal aretoan (Lugaritz)

Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak ariko dira.  Gai-jartzaile lanetan, berriz, Joxerra Gartzia ariko da.

Sarrerak salgai dagoeneko donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko  Antzoki Zaharreko eta Lugaritz Kultur Etxeko leihatiletan.



Ekei Kulturweb S.L.L.