Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. "Leopoldina Rosa: Gaur egungo istorio bat" erakusketa

"Leopoldina Rosa: Gaur egungo istorio bat" erakusketa

  • kartela

Datorren irailak 20ean zabalduko dugu Ormaiztegin "Migrazioak" proiektuaren emaitza den aldi baterako erakusketa: "Leopoldina Rosa: Gaur egungo istorio bat". Bertan XIX. mendeko euskal emigrazioa aztertuko dugu, aldi berean egungo immigrazio fenomenoari ispilu bat jarriz. Gaur, bertan jorratzen den gaietako bat aipatuko dugu, euskal emigrazioa Uruguaira

Udalherria: Ormaiztegi

Lekua: Zumalakarregi Museoa

Hasiera: 2019/09/20

Amaiera: 2019/11/30

Sarrerak: 0,00 €

Zumalakarregi Museoa.

Muxika egurastokia, 6 (20216) Ormaiztegi

Telefonoa: 943 88 99 00
Faxa: 943 88 01 38
Weba: http://www.zumalakarregimuseoa.net/
Emaila: mzumalakarregi@gipuzkoa.net

Eraikina:
XVIII. mendeko baserri tipikoa da, oin errektage-luarrekoa eta bi isurbidetako teilatua duena. Tomas Zumalakarregi haur zela bizi izandako etxea da.
1.938. urtean Aldundiak erosi zuen, eta 1.949 urtetik aurrera, etxea baserri tradizionalen erara jantzi ondoren, Zumalakarregiren “museo-etxea” izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiak, 1.985ean hasita, eraikina eraberritu zuen, eta 1.989ko maiatzean ireki zen.
Objetuak:
Museoko bildumetan honakoak daude: Zumalakarregiren eta bere familiaren gauzak, karlistadetako armak, uniforme jatorrizkoak eta kopiak, olioak eta grabatuak, agiri ofizial eta pribatuen sortak, numismatikako eta aurrefilateliako elementuak, maketak, eta abar.
Liburutegia eta artxibo dokumental eta ikonografikoa XVIII. eta XIX. mendeetan espezializatuak dira eta erabilgarri daude ikerlarientzat eta, oro har, jendearentzat.
Ekintzak:
Bisita gidatuak antolatzen dira talde, familia eta partikularrentzat, material didaktikoarekin. Ibilbide berezi bat prestatua dago, museoko gaiak Ormaiztegiko Zubiarekin, XIX. mendeko obra ikusgarriarekin, lotzen dituena.

Ordutegia:
Asteartetik ostiralera: 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.
Larunbat eta igandeetan: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Astelehen eta jai egunetan, itxita.

Sarrerak:
- Sarrera doan.
- Bisitaldi gidatuen tarifa: € 1 laguneko.

XIX. mendeko euskal emigrazioa aztertzerakoan hainbat helmuga hautatu genitzakeen Ipar zein Hego Amerikan ala Filipinetan, baina, azkenean Uruguai izan da aukeratutakoa. Herrialde honi buruzko eta, bereziki, bertara jo zuten euskal emigranteei buruzko informazioa, zein bertako  instituzioekin sortu dugun harremana, Alberto Irigoyen historiagileari zor diogu. Bihoaz hemendik gure eskerrik beroenak  euskal diasporaren ikertzaile honi.

1830etik aurrera Río de la Plata bihurtuko da, bai Iparraldeko eta  baita Hegoaldeko euskaldunen helburu nagusia. 1837 eta 1840 bitartean 40.000 bat euskaldun sartu ziren Montevideotik. Hamarkada honetan Uruguai Espainiatik banandu eta Uruguaiko Ekialdeko Errepublika eraikitzen ari zen. Nahiz eta Espainiako erreinuak ez zuen oraindik  errepublika berria aintzatetsi, lehen karlistaldiaren erdian, bertarako emigrazioa sustatzeko akordiak sinatzeko gai izan zen.
Uruguaiko gobernuak, bere aldetik, europar immigrazioa sustatzeko, Samuel Lafone bezalako enpresariei dirua eskaini zien bertan finkatzen ziren europar bakoitzeko. Emigraziorako empresa hauek euskal emigrazioa sustatzeaz arduratu ziren.

Euskal Herrian XIX. mendeko emigrazioaren arrazaoi nagusienetako bat politikoa izan zen. Bereziki Karlistaldien ostean, Erregegaiaren jarraitzaile sutsuenak erbesterako bidea hartu zuten. Lehenik Frantziara eta ondoren, batzuk, itsasoz bestaldera, zehazki Uruguaira, aberasteko aukerak erakarrita. Hauetako askok 1843.ean eztanda egin  zuen gerra zibilean parte hartu zuten Oribe jeneralari lagunduz, esaterako Lesmes de Bastarrica, "Oriberen boluntarioen" buru izan zenofizial karlista.
Donostian jaio eta Lehenengo Karlistaldian boluntario modura borrokatu zuen. Bergarako Hitzarmenera atxikitu ostean, gobernu liberalaren aurka konspiratzeagatik kartzelaratua izan zen. Frantziara ihes egin eta bertatik Rio de la Platara ontziratu zen. 1843.ean iritsi zen Montevideora eta gehien bat erbesteratu karlistez osatutako Oriberen Boluntarioen Bataloian integratu zen. Gerra ostean armada utzi zuen,  baina bere alderdiak bultzatutako altxamendu guztietan parte hartu zuen.

Bitxia bada ere, gerra honetan etsai ziren Fructuoso Riveraren jarraitzaileen artean ere euskaldun asko aurkituko ditugu. Bederatzi urtez Montevideo hirian setiatuak egon ziren. Gehienak Iparraldeko  euskaldunak, ohiturari jarraituz Euskal Ehiztarien taldea osatu zuten. Bere buruzagia Jean-Baptiste Brie de Laustan Izpuran (Baxe Nafarroa)  jaio zen eta Uruguaira 1838.ean joan zen. Bertan gerra zibilak -"Guerra Grande" (1843-1852)- eztanda egin zuenean "Euskal Ehiztari"en buru hautatu zuten. Frantzisko bere anaiaren kide izan zen euskal emigrazioa sustatu zuen enpresan.

"Leopoldina Rosa" fragataren urperatzea da gure erakusketaren ardatzetako bat. 1842.eko ekainean Uruguaiko itsasertz parean,  "Leopoldina Rosa" hiru mastadun ontzia urperatu zen. Baiona eta Pasaiatik apirilean abiatutako 300 euskal emigranteetatik 70 bakarrik salbatu ziren.

Espedizio honen emigrazioa agentea Alfredo Bellemare izan zen, Samuel Fisher Lafone britainiarraren "Lafone & Wilson" enpresaren ordezkaria Baionan. Lafone, bankari eta enpresaria, "Lafone and Wilson" Rio de la Platara euskal emigrante gehien eraman zuen enpresaren sortzaile eta "Leopoldina Rosa" fragataren jabea zen. Buenos Airesen kokatu zen 1825.ean. Handik Montevideora alde egin zuen 1833.ean,  erritu protestantez ezkondu zenean. Bankari eta enpresa gizona, Hegoamerikako lehen eliza protestantea eraiki zuen Montevideon 1844.ean. Bere negozio anitzek jabetza haundien nagusi egin zuten Punta del Este inguruan eta baita hainbat uharteetan ere, Malvinetan eta Rio de la Platan.

Uruguaira emigratu zuen euskaldunik ezagunena, zalantzarik gabe, Jose  Mari Iparragirre izan zen. Domingo Ordoñana  Iparragirre arabarrak  Uruguaira 1842.ean emigratu zuen, bere osaba Juan Antonio Porruaren etxera. l860.ean Sorianoko departamentuan estantzia baten jabe egin zen eta aberastu. Han jaso zuen bere lehengusu  Iparragirre koplaria, 1859.ean"Casa Blanca" izenako estantzian. Iparragirrek Ordoñanaren ardien artzaintzan jardun zuen, 1859tik 1861ra. Ostean Montevideora joan zen, Kafetegi batez arduratzera, baina laister porrot egin zuen. Hainbat urtez artzaintzan Uruguain jardun ostean, familia bertan utzi ondoren Euskal Herriratu zen 1877an.

Baina izan ziren gure artean hain ezagunak ez diren euskal emigranteak Uruguain. Juan Manuel Besnés e Irigoyen Donostian 1788ko uztailak 12an jaio zen eta Montevideora 1809an iritsi zen. Han maisu egin zen eta hiriburuko lehenengo hezkuntza instituzioak sortzen parte hartu zuen. 1839.ean Rivera lehendakariak Topografia Batzordeko kide hautatu zuen. Administrazio publikoan beste hainbat kargu bete zituen. Baina bere lanaren garrantzia kaligrafo, marrazkilari eta akuarelista bezala egindakoan datza, izan ere, XIX. mendeko Uruguain bizi izan zituen  gertaera politiko, militar eta kultur arlokoak grafikoki jaso zituen lekuko nagusia bihurtu baizen. Gainera bere jaioterriarekin harremana mantendu zuen eta egun San Telmo Museoak berak bidalitako hainbat pieza gordetzen ditu, Donostiarekiko mantendu zuen loturaren eredu.

Gainera Uruguain argitaratu ziren Ameriketako lehen testuak euskaraz (1843) eta lehen euskal aldizkaria (1887). Baita lehen euskal etxea, "Laurac Bat" (1876) eta porrot egin zuten emigranteentzat itzultzen lagunduko zien elkartea: Caja Vasco Navarra de Reempatrio (1883). Uruguaira jo zuen euskal emigrazioa garrantzitsua izan zen XIX. mendean. Egun oso urria da, baina euskaldunen ondorengoak biztanlegoaren % 10 osatzen dute. Herrialdean 12 euskal etxe daude, horietatik 3 Montevideon.

MIGRAZIOAK PROIEKTUA
“Leopoldina Rosa: Gaur egungo istorio bat” museoa urtebetez lantzen ari den Migrazioak proiektuaren emaitza da. Ormaiztegin garatu den proiektu zabal baten barruko hezkuntza eta gizarte ardatzek elikatu dute erakusketa.

Museoak Irizar enpresaren babesa eta proiektuan lagundu diguten instituzio guztiak eskertu nahi ditu:
- Museo Histórico Nacional de Uruguay. Montevideo.
- Biblioteca Nacional de Uruguay. Montevideo.
- Musée Basque et de l'histoire de Bayonne.
- Pôle d'archives de Bayonne et du Pays Basque.
- Euskal Itsas Museoa. Donostia.
- San Telmo Museoa. Donostia.
- Koldo Mitxelena Kulturunea.
- Biblioteca Nacional de España. Madrid.
- Fundación Sancho el Sabio. Vitoria-Gasteiz.
- MhiC. Museu de la Inmigració de Cataluña.
- Departamento de Sociología de la UPV.
- IKUSPEGI, Observatorio Vasco de Inmigración.
- CEAR-Euskadi.
- Farmamundi.
- Nahuatl elkartea.
- Univisión.
- France 24.

Bisita gidatuak eskainiko dira publiko heldu zein ikasleentzan, museoak prestatu duen material didaktikoarekin.

Erakusketaren ordutegiak:
Martxoak 1- Urriak 31 - Asteartetik larunbatera: 10.00 - 14.00 / 16.00 - 19.00 - Igandeak: 10.00 - 14.00
Azaroak 1- Otsailak 28 - Asteartetik larunbatera eta igandeak:10.00 - 14.00 - Larunabatak eta jai egunak: 10:00-14:00 y 16:00-19:00
Informazio gehiago: www.zumalakarregimuseoa.eus/es - Telafonoa: 943 88 99 00 – 659 43 45 66 - Email: mzumalakarregi@gipuzkoa.eus



Kulturweb