Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Erakusketa: "Lantegi. José Ramón Anda"

Erakusketa: "Lantegi. José Ramón Anda"

  • "Lantegi. José Ramón Anda" erakusketaren foiletoa

Donostiako kubo-kutxa erakustaretoak "Lantegi. José Ramón Anda" José Ramón Anda eskultorearen atzera begirako erakusketa aurkezten du. Erakusketa abuztuaren 25ra arte irekia izango da.

Udalherria: Donostia / San Sebastián

Lekua: Kubo-Kutxa Aretoa

Ordua:  

Hasiera: 2019/05/24

Amaiera: 2019/08/25

Sarrerak: Doan / Gratis


Ver ARTE en un mapa más grande

Kutxa Gizarte Ekintza.

Garibai, 20 (20004) Donostia / San Sebastián

Telefonoa: 943411191

  • Komisarioa: Javier Balda

Artista

José Ramón Anda Goikoetxea (Bakaiku, Nafarroa, 1949) oso goiz konturatu zen bokazio artistikoa zuela, eta eskulturako ikasketak egin zituen Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Akademian 1970etik 1974ra bitarte; akademia horretan, prestakuntza figuratiboa, konposizioari buruzkoa eta modelatuari buruzkoa ere jaso zuen. 1974. urtean Espainiako Akademiaren Erromako egoitzaren beka lortu zuen, eta egonaldi hori funtsezkoa izan zen pertsonalki eta artistikoki bere prestakuntzan; izan ere, estatuarian eta arkitektura klasikoan gehiago sakontzeko eta ikertzeko aukera izan zuen, eta eskultore italiar modernoak ezagutzen hasi zen. Itzuli ostean, diktaduraren amaierako eta trantsizio demokratikoaren garaian, gizartearen eta kulturaren munduan inplikatu zen, eta bere obrak euskal kulturaren erreferentzia eta alderdi material eta sinbolikoak hartu zituen.

1975. urteaz geroztik, erakusketak maiz egiten hasi zen, besteak beste, Bilboko, Iruñeko, Bartzelonako, Valladolideko, Donostiako, Madrilgo eta Pariseko galeria, museo eta arte zentroetan. Banakako eta taldeko hainbat erakusketa nabarmendu daitezke: CAN Kultura Aretoa (Iruñea, 1975), Madrilgo Egam galeria eta Bilboko Windsor (1983); eta erakusketa kolektiboei dagokienez, Salón de los 16 (Madril, 1983) eta Un bosque en obras, escultura española contemporánea Segoviako Esteban Vicente museoan (2001).

Banakako erakusketa garrantzitsuak egin izan ditu: Bilboko BBK Kultur Gelan (2006), Los límites de la materia Tecla aretoan, L'Hospitalet de Llobregat, eta Iruñeko Ziudadelan (2008); Formas contra el tiempo-Denboraren aurkako formak, Bilboko Arte Ederretako Museoan (2012) eta Causa formal y materia-Kausa formala eta materia Altzuzako Jorge Oteiza museoan (2017).

Hainbat sari eta aipamen jaso ditu: 1978ko Gasteizko Bienal; Ángel Orensanz Eskulturako Nazioarteko Saria (Sabiñánigo 1982); Jaca Hiria Eskulturako Nazioarteko Sariketa (1983), Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea saria eta Kultura Ministerioaren beka adierazpide berriak sustatzeko eta ikertzeko 1983. urtean; Donostiako Udalaren Eskulturako Bienala (1983); Zarauzko Udalaren saria (1989) eta bigarren saria Caja Madrid Eskulturako Sariketa Nazionalean (1997).

Era berean, espazio publikoetan eskala handiko obrak egiteko eskatu izan diote, eta brontzea, harria eta hormigoia erabili izan ditu. Bere obra hainbat museotako bildumetan aurki daiteke: Reina Sofía museoan, Donostiako San Telmo museoan, Kutxa Fundazioa bilduman, Nafarroako museoan, Gasteizko Artiumen, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta lruñeko Udalaren eta Bilboko Arte Ederretako museoaren Bilduma Garaikidean.

Erakusketa

Erakusketak bere lanerako tokiaren izena darama: lantegi. Gune hori espazio zabala da, maketaz, materialez, makinez eta erremintez jositakoa, eta bertan egin eta pentsatzen ditu bere proiektu eta obrak. Bere lantegia ekosistema intimo bat da, eta bertan sortu du bere produkzio artistiko ia guztia, xehetasunez eta etengabe. Bere jaioterrian kokatutako lantegi horretan, gainera, ebanisteriarekin eta zurezko taillarekin lotutako familia-tradizioko lanaren memoria ere biltzen da.

Lantegi hitza, halaber, herri basoen aprobetxamendurako lanekin ere lotzen da, herritarren mesederako eta herritarren artean banatzeko egiten ziren lanekin, hain zuzen. Gertuko baso horietatik lortzen zuen, funtsean, Andak eskulturak egiteko materiala eta, hein handi batean, baita inspirazioa ere, enbor bakoitzaren ezaugarrietara egokituta, obra bakoitza osatuko duten egur horien bolumenaren, kalitatearen eta espeziearen arabera.

Kubo-kutxa areto honetan, erakusketa antolatzeko garaian, bere lantegia hona ekartzea izan da gure ideia eta, nola edo hala, simulatutako baso bat ere sortu nahi izan dugu, artistaren transformazioetan oinarrituta, hasierako egurrekin hasi eta bere sorkuntza lan sofistikatuekin bukatu. Erakusketa lau gunetan banatuta dago, eskultoreak garatu izan dituen serieak bisitariari aurkeztu ahal izateko, eta erakusketa honetarako ex profeso egindako azken lanak ere ikusgai ditugu.

Eskultoreak denboran zehar garatu dituen lanak biltzen dituen erakusketa hainbat aretotan antolatuta dago.

Nabarmentzekoak dira barreiaturiko zenbait kubo eta kutxa, elkarrekin bat egiten duten pieza zirkular eta sabeldunen bariazioak, obeliskoak, argiarekin jolasten duten hilarriak eta zintzilika dauden pieza arinak. Naturaren eta arrazoiaren arteko konbinazioa muturrera ematen duten obrak dira, ertz bizien eta birsorturiko ehundura begetalen bidez.

Areto nagusian tamaina handiko piezak jarri dira, esaterako, Troncos huecos (Enbor hutsak) seriea, zeinetan zuhaitzen azala eta zuloa berregiten dituen, edo Planos cruzados (Plano gurutzatuak) seriea, okuluak, leihoak edo ateak sortzen dituena. Areto honetan bildu dira, halaber, artistaren obra berrienak; horietan, jatorrizko formetara eta soiltasun handiko ortogonalen elkarketara itzuli da.

Goiko aretoan artistak diseinaturiko beste lan sorta bat bildu da. Adibidez, funtzionaltasun handiko eta akabera bikaineko altzariak, erabiltzeko xehetasunekin. Domus (etxe) gisa sorturiko espazio hau hainbat erretratu figuratibok osatzen dute, gizakiaren eskalaren eta artistak modelatua, buztina, igeltsua eta brontzearen intenporalitateagatik duen maitasunaren berri ematen digutenak.

Bere burua denborarekin konektaturiko formen eraikitzailetzat jotzen duen José Ramón Andaren ibilbidea erakusteko beharrezko aukera bat da.

Zenbait datu

  • 91 obrako erakusketa
  • 2 lan erakusketa honetarako ex profeso eginak.
  • Artistaren bildumako lanak, 15 bilduma partikularretakoak, Kutxa Fundazioa bildumakoak eta beste erakunde batzuetakoak: Iruñeko Udalaren Arte Garaikideko Bilduma, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bilboko Arte Ederren Museoa, Nafarroako Museoa, Bareak Elkarte Gastronomikoa (Beasain).

Katalogoa

Katalogoa gehiago da Jose Ramón Andari buruzko liburu bat, hark basoan eta bere estudioan eginiko lanean oinarritua. Testuek eskultorearen ekarpenari buruzko ikuspegi osatu eta zorrotza eskaintzen dute, haiek dagozkien testuinguruan kokatuta. Koloretako argazkiak.
Testuak: Javier Balda, Fernando Golvano eta María Bolaños
Hizkuntzak: euskara, gaztelania eta ingelesa.
184 orrialde

Lotutako Jarduerak

Doako bisita gidatuak:

  • Larunbatero.
  • Euskaraz 18:30ean, eta gaztelaniaz, 19:30ean.

Zur&Lur familientzako tailerrak

  • 5 eta 11 urte arteko haurrentzat eta haien laguntzaileentzat antolaturiko familia tailerrak. Larunbatero, 12:00etatik 13:30era.
  • Jose Ramón Andak basotik estudiora egiten du lan. Tailer honetan kontrako bidea egitea proposatzen dugu, eta estudioan egurrezko eskultura txiki batzuk egitea ondoren gure baso berezian bizi berri bat izango dutenak.
  • Oinarrizko forma geometrikoetatik abiatuta (zirkulua, triangelua eta karratua) eraikitzera jolasteko tailer bat.

Fernando Golvanoren hitzaldia

  • Disputas formales y diálogos con la escultura moderna en Anda (Andaren eskultura modernoarekin izandako liskar formalak eta elkarrizketak)
  • Maiatzak 30, 19:00etan.

José Ramón Anda by Raúl Ibañez (UPV/EHUko Geometria eta Topologia irakaslea)

  • Ekainak 13, 19:00etan.

SketchCrawl

  • Publikoa José Ramón Andaren Lantegi erakusketa marraztera gonbidatzen dugu, Euskal Herria's Sketchcrawl-en eskutik.
  • Ekainak 15, 11:30etik 13:30era

Bisita gidatua José Ramón Andaren eskutik

  • Uztailak 11, 19:00etan

Egur Basoa

  • NODEk erakusketarako berariaz eginiko esku hartze koreografikoa, maitasunean, detailean eta orekan oinarriturikoa.
  • Uztailak 13, 20:00etan
  • José Ramón Anda eskultorearen lan zorrotza oinarri hartuta, artistaren obraren eta mugimenduaren arteko elkartasun ederra bilatzen duen pieza bat eraiki da ad hoc. Hala, Egur Basoa, nahita eginiko erredundantzia, inguruneari eginiko keinu bat da, zeinetan xehetasunez beteriko material puruek espazioa lagatzen dioten performanceari bizitza izan dezan. NODE konpainia Kutxa Kultur Eneko kide da (Kutxak Tabakaleran duen kultur coworkinga).

Bisita gidatua erakusketako komisario Javier Baldaren eskutik

  • Uztailak 18, 19:00etan

Irudien erreprodukzio eskubideei buruzko ohar garrantzitsua

  • Prentsa oharreko irudi guztiak egile eta ustiapen eskubideen pean daude. Argitaratuz gero, argazki oinetan edo euskarri digitaleko irudiaren metadatuetan ematen den © informazioa erantsi beharko da.

Ordutegia:

  • Asteartetik ostiralera: 11:30-13:30 eta 17:00-21:00
  • Larunbata, igandea eta jaiegunak 11:30-21:00


Kulturweb