Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Getariko Cristobal Balenciaga Museoa

Getariko Cristobal Balenciaga Museoa

  • Cristobal Balenciaga Museoa
  • Cristobal Balenciaga

Getariko Cristóbal Balenciaga Museoa jostun bati eskainitako ezaugarri horietako lehen museoa da munduan.

Udalherria: Getaria

Lekua: Cristobal Balenciaga Museoa

Hasiera: 2018/12/31

Amaiera: 2019/12/31

Sarrerak: 7,00 / 10,00 €

Museoa Cristóbal Balenciaga Fundazioaren babespean jaio da, eta bere egiten du  Fundazio horren xedea: jeinuzko diseinatzaileak nahiz beraren lanak  arte-sorkuntzan oro har, eta moda-munduan eta goi mailako joskintzan bereziki,  izan duen garrantzia eta gailentasuna sustatu, hedatu eta bultzatzea.

Hiru esparru handi, lau solairu, sei areto eta  90 pieza paregabez osatutako ageriko bilduma ditu: bilduma hautaketa zorrotz  baten emaitza da. Horra hor, gaingiroki, Cristóbal Balenciagaren, moda  unibertsaleko jenio handienetako baten, omenez pentsatu eta hari eskainitako  lehen museoaren ezaugarriak. Fundazioaren babespean, Museoak 1.200 piezatik  gora jaso ditu orain arte, lagapenen bidez, dohaintzen bidez, eta gordailatze  instituzional edo pribatuen bidez. Pieza horiek guztiak txandaka erakusteaz  gain, jostun-sortzailearen inguruan nazioarte mailako zentro bihurtzeko xedea  dauka, dibulgaziorako, ikerketarako eta irakaskuntzarako bokazioarekin.

Arkitektura-proiektua: eraikinak

  Museoa Getariako Aldamar Parkean dago,  Sahatsaga kalearen eta Lormendiko jaitsieraren artean. Bi bolumen ditu: Aldamar  Jauregi historikoa eta eraikin erantsia, eraiki berria. Aldamar Jauregia XIX.  mendeko eraikin monumentala da. Hasiera batean, Casa Torresko Markesen udako  egoitza izateko eraiki bazuten ere, gaur egun, Cristóbal Balencia Museoaren  aldi baterako erakusketak eta Dokumentazio-zentroa daude bertan. Horretaz gain,  baina, garrantzi berezia ere badauka, Cristó'97bal Balenciaga Eizagirrek,  gazte-gaztea zelarik, joskintzaren eta modaren munduan hasteko lehen guneetako  bat izan zuelako. Cristóbal Balenciaga Museoaren eraikin berria Aldamar  Jauregiaren mendebaldeko fatxadari partzialki erantsita dago eta hiru eremu  jasotzen ditu, horietako bakoitza xede batekin edo batzuekin, baina gainerakoei  lotuta. Horietako lehena, bisitariarentzat esanguratsuena dena, "erdiko  eremua" da. Eremu nagusia den heinean, sei erakusketa-aretoak daude  bertan; elkarren artean lotuta badaude ere, gaika banatuta daude, gela  bakoitzean dauden piezen arabera. Gainera, eremu honetan bertan daude bisitariarentzako  harrera-gunea, denda, kafetegia eta erabilera anitzeko aretoa. Bigarrena eremu  didaktikoari dagokio. Prestakuntza-tailerrak eta nazioartemailako  prestakuntza-zentroa jasotzea da beraren eginkizun nagusia. Azkenik,  administrazioeremua dago: zaharberritze-tailerra  eta Museoaren barne-kudeaketa egiten dira bertan. Guztira, 9.323,03 metro  koadroko azalera dauka Museoak, lau solairutan banatuta. Edozein museotan  bezala, arkitekturak berezko garrantzia dauka. Cristóbal Balenciaga Museoaren  kasuan, Cristóbal Balenciaga Fundazioak AV62 arkitekto-taldeari enkargatu zion  lanak burutzea, 2008an.

Museoaren egitura eta bilduma

  Cristóbal Balenciaga Fundazioak duen jeinuzko  jostun-sortzailearen bilduma paregabea da munduan. Haren kopuruari 1.200 pieza  guztira, eta egunez egun gehiago dira, eta forma eta garai aldetiko  aniztasunari esker –adibidez, jenio gipuzkoarraren pieza goiztiarrenak nahiz  berrienak jasotzen dira–, Museoak erakusketa osoa, koherentea eta nazioarte  mailan gorenena biltzen du. Bildumaren beste aparteko balio bat piezen jatorria  da. XX. mendeko pertsonalitate ospetsu askok eta askok hala nola Mona Von  Bismarck, Bunny Mellon, Patricia López Wilsaw, Barbara Hutton, Rethy printzesa,  Grace Kelly edo Madame Bricard Fundazioak bildutako modeloak jantzi zituzten.  Beste izen ezagun batzuek ere egin dituzte dohaintzak; adibidez, Fundazioaren  presidenteak
berak, Hubert de Givenchyk, edota Belgikako  Fabiola erreginak.

     
  • Jantzi eta osagarriak bilduta
        Erakusketa iraunkorrak 90 pieza biltzen ditu,  arretaz aukeratuak. Museoan, elkarri lotutako sei gunetan banatzen dira,  gaiaren arabera. Izenek eurek edukia adierazten digute: Hasierak, Eguna,  Koktela, Gaua, Emaztegaiak eta funtsezko Balenciaga. Bitarteko lau guneak  Eguna, Koktela, Gaua eta Emaztegaiak ordenan daude Museoan; hain zuzen, goi  mailako joskintzako desfileetan erabiltzen den ordena berean. Zentzu horretan,  erakusketa horrek Cristóbal Balenciagaren lan bikainenen desfilea izan nahi du.  
  • "Hasierak" gunea
        Lehen gune horretan, bisitariak Balenciagaren  jeinu goiztiarra ezagutzeko funtsezko elementuak aurkituko ditu: modaren  munduan egindako lehen urratsak, prestakuntza-prozesua guztiz funtsezkoa,  gipuzkoarraren geroko leherketa sortzailea gertatzeko, eta lehen sorkuntzak,  Getariako jostun-sortzailearen karrera profesional bikainaren ildoak zehaztu  zituztenak. Gune horretan, zentzua hartuko dute XIX. mendearen amaierako moda  zurrunarekin izandako lehen harremanek, edota Lehen Munduko Gerraren ostean,  emakumearen jantzietan etorri zen askapenak. Balenciagaren jeinu sortzailearen  hasiera izan zen.  
  • "Eguna" gunea
        Sorkuntzetan gauzatu zen Balenciagaren  prestakuntza. Adibidez, jostunen teknikaren ezagutza handiari esker, lerro arin  eta biribilez osatutako silueta berritzaileak 'asmatu' ahal izan zituen. Bistan  dagoenez, jarrera horrek topo egin zuen 40ko hamarkadako Christian Diorrek  bermatutako eredu zurrunekin. Hain zuzen, urte horietan, 1947an, formekin eta  diseinuekin esperimentatzen jarraitu eta upel linea aurkeztu zuen: bizkarrean  forma kurbatua ezarriz, soin-neurria ahazteko aukera eskaintzen zuen.  Proposamen berriak etorriko ziren gero: linea semi-tailatua (1951), tunika  (1955) edo zaku-jantzia 1957an. Proposamen horiek goitik behera astindu zuten  garaiko modaren panorama. Eragile guztiek aho batez txalotu zituzten. Izan ere,  Balenciaga, urratsez urrats, emakumearen jantziari historian egin zion ekarpen  handienetako bat lortzen ari zen: emakumearentzako silueta berria ezartzea.  
  • "Koktela" gunea
        Balenciaga esparru berrietan murgildu zen,  Bigarren Munduko Gerraren ondoren aberastu zen gizartearen premiei hobeki  egokitzeko. Koktel izeneko modeloak horren isla dira. Pieza horien teknika eta  fantasia dira leit-motivak. Silueta soileko piezen, soin estuen eta bolumen  handiko gonen inguruan, ugari erabiltzen zituen parpailak eta brodatuak.  Alabaina, Balenciaga urrunago joan zen: drapeatuak, gona abuilonatuak edo  silueta ausartagoak ugaritu zituen, beste garai bateko irudimenetik sortuak  ziruditen modeloetan. Oroitzapenean gordetzeko gelditu da babydolla (1958);  adibide aparta da, gipuzkoarraren sormenak XX. mendearen erdialdean zer-nolako  gorputzaren abstrakzioa eta arte-autonomia lortu zuen erakusteko.  
  • "Gaua" gunea
        Gaua beti izan zen inspirazio-iturri Balenciagarentzat,  bertan jeinu sortzailea eta zehaztasun teknikoa zorroztasunez islatzeko aukera  baitzeukan. Historizismoa, orientalismoa, jantzi tradizionala… joera horiek  guztiak inspirazio-iturri izan zituen, eta ilargiaren pean distiratzeko diseinu  harrigarriak eragin zituzten. Kutsu horiez gain, ehunak eta hornidurak ezin  hobeto erabiltzen zituenez, eta kolore-gama zabalari esker, Balenciagaren  emakumearen gaueko jantziak benetako diseinu-bitxi bihurtu ziren.  
  • "Emaztegaiak" gunea
        Gipuzkoarraren lanaren bilakaera, formala  nahiz estetikoa, agerian uzten dute Museoko gune horretako piezek. Hamarkadaz  hamarkada, erabilitako inspirazioak nahiz baliabideak guztiz desberdinak izan  ziren. Halatan, 40ko hamarkadako emaztegaiaren modeloek XIX. mendeko diseinuen  kutsua dute. 50eko hamarkadan, aldiz, ezkontzetarako sorkuntzak guztiz  tradizionalak dira, hamarkada hartan ematen zirenekin bat: gorputzez estuak eta  bolumen handiko gonak. Aipatu dugun bilakaerari esker, baina, 60ko hamarkadan,  eraketan nahiz hornikuntzan soiltasun osoz egindako jantziak 'eraiki' zituen.  Horren adibide dira 1967an eta 1968an egindako 'maisulanak'. Emakumeari, kasu  honetan emaztegaiari, aitortzen diote protagonismo osoa, protagonismo hori ken  liezaioketen apaingarriak baztertuta.

"Funtsezko Balenciaga" gunea

  Cristóbal Balenciaga Museoko  erakusketa-esparruari bukaera emateko, areto bakar batean laburtu nahi izan da  Cristóbal Balenciagaren jeinu sortzailea, bi ikuspuntutatik: lehenengoa,  ikuspegi tekniko huts batetik; bigarrena, ordea, Balenciagaren bizitzan zehar,  beraren piezen diseinua zehazten lagundu zuten eraginei dagokie. Gune horretan,  modeloak beti banan-banan erakusten dira, jantzien infografia erakusten duten  pantailen ondoan, patroiari eta muntaiari arreta berezia eskainita. Horren  bidez, Museoko kudeatzaileen helburua izan da jostun-sortzailearen teknika fina  nahiz beti erakutsi zituen berrikuntza tekniko apartak nabarmentzea, horiexek  utzi baitzituen ondare gisa.

Bere bizitzako une garrantzitsuenetakoak:

     
  • 1895: Cristóbal Balenciaga Eizagirre Getarian  (Gipuzkoa) jaio zen urtarrilaren 21ean, arratsaldeko bostetan.  
  • 1907-1911: Donostiara joan zen eta jostun-lana  ikasten hasi zen garaiko establezimendu onenetan, ahal nola, Casa Gómez eta New  England izenekoetan.  
  • 1911: Jantzigintzari ekin zion Donostiako Au  Louvre erostetxean, eta bi urteren buruan emakumeentzako  jantzigintza-tailerreko buru izendatu zuten.  
  • 1914: Bordelera joan zen eta lagun batzuen  moda-etxe ezagunean hasi zen lanean.  
  • 1917: C. Balenciaga izena zuen bere lehen  jostundegia ireki zuen, Donostiako Bergara kaleko 2an.  
  • 1918: Benita eta Daniela Lizaso dendari  donostiarrak bazkide hartuta, bultzada eman zion bere enpresari.  
  • 1919: Lizaso ahizpekin batera Balenciaga y  Compañía sozietatea eratu zuen sei urterako (1918ko urtarriletik hasita).  Enpresa berria ere Bergara kaleko 2an egon zen.  
  • 1924: Balenciaga y Compañía sozietatea desegin  ondoren, bere kabuz ireki zuen Cristóbal Balenciaga izeneko jostundegia  Askatasunaren Etorbideko 2an.  
  • 1925: María Cristina erregina eta Isabel  Alfonsa infanta Cristóbal Balenciagaren bezero egin ziren. Haien atzetik  errege-familiako eta Gorteko beste dama batzuk etorri ziren.  
  • 1927: Goi mailako jantzigintza tradizionala  landuko zuen enpresa berria sortu zuen, Eisa Costura, Donostiako Okendo kaleko  10ean. Establezimendu berria eta goi mailako jantzigintzako Askatasunaren  Etorbidekoa aldi berean egon ziren abian.  
  • 1931: Bigarren Errepublika aldarrikatzearekin  batera, Cristóbal Balenciagaren bezero dotoreenetako asko erbesteratu egin  ziren, eta goi mailako jantzigintzaren gainbehera etorri zen. Jostun eta sortzailea  bere negozioa berriz pentsatu beharrean izan zen.  
  • 1932: B. E. Costura jostundegia ireki zuen  Donostian , Santa Katalina kaleko 6an.  
  • 1933: Eisa Costura eta B. E. Costura itxi  ostean, Balenciagak EISA B. E. Costura establezimendua sortu zuen Askatasunaren  Etorbideko 2. atariko lehen solairuan, eta Cristóbal Balenciaga izenekoa  bigarren solairuan kokatu zuen. Gero, sukurtsala ireki zuen Madrilen, Caballero  de Gracia kaleko 42an.  
  • 1935: EISA B. E. Establezimenduaren hirugarren  sukurtsala Bartzelonan ireki zuen, Santa Teresa kaleko 10ean.  
  • 1936: Gerra Zibila hastearekin batera Parisera  joan zen. Donostiako, Madrilgo eta Bartzelonako etxeetan jarduera bertan behera  utzi zuen aldi baterako.  
  • 1937: Uztailean BALENCIAGA sozietatea eratu  zuen Nicolá s Bizcarrondo eta Wladzio d´Attainville bazkideekin batera.  Abuztuaren 5ean goi mailako jantzigintzako lehen bilduma aurkeztu zuen Pariseko  George V.aren etorbidean, eta arrakasta handia lortu zuen.  
  • 1938: Donostiako jostundegiari izena aldatu  eta Eisa Costura jarri zion. Madrilgo eta Bartzelonako etxeek ere izen berria  hartu zuten Gerra Zibila amaitzean, 1941ean eta 1942an hurrenez hurren.  
  • 1939: Balenciagak historiaren eragin nabaria  erakusten zuen bilduma aurkeztu zuen, XVII. mendeko eta Frantziaren Bigarren  Inperioko moda gogora ekartzen zuena. «Infanta» soinekoek arrakasta itzela izan  zuten.  
  • 1940: Bere bildumetan egunerako soineko  beltzak aurkeztu zituen, drapeatuen eta polisoi txikien bidez aldakak  nabarmentzen zituztenak. Modu horretan, horrenbeste miresten zuen XIX. Mendeko modaren  ezaugarri batzuk berreskuratu zituen.  
  • 1941: Madrilgo jostundegia Jose Antonio  etorbidearen 9ra (egungo Gran Vía) eraman zuen.  
  • 1943-1944: Jostun eta sortzaileak mirespena  piztu zuen, gaueko soineko ikusgarrietan modu bikainean erabiltzen baitzituen  brodatuak eta pasamaneria.  
  • 1945: Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean,  Balenciagak «Theatre de la Mode» izeneko erakusketa ibiltarian hartu zuen  parte. Horrela, Pariseko sortzaile onenek egindako goi mailako jantzigintza soinean  zeramaten panpina edo manikiak Europan eta Amerikan erakutsi zituzten. Ahalegin  kolektibo horren bidez, Frantziako hiriburua nazioarteko modagunea zela  errebindikatu nahi izan zuten.  
  • 1946-1947: Balenciagak tonneau edo upel-linea  aurkeztu zuen, eta erabateko arrakasta izan zuen bikain brodatutako boleroekin,  espainiar eragina zutenak. Balenciaga etxearen lehen lurrina plazaratu zen: Le  Dix.  
  • 1948-1949: Lehen Balenciaga boutique-a sortu  zen, Christos Bellos dekoratzaile ospetsuak diseinatua. Etxeak bigarren lurrina  aurkeztu zuen: La Fuite des Heures. Wladzio d´Attainville Madrilen hil zen  1948ko abenduaren 14an.  
  • 1950: Meloi itxurako mahuken eta globo erako  gonen bidez, bolumena eta ehun sendoak izan ziren nagusi urte horretako  bildumetan.  
  • 1951: Balenciagak arintasunaren aldeko hautua  egin zuen, 1947tik nagusi ziren figura zurrunetatik aldenduz eta upel-linearen  printzipio berberetatik abiatuta, erdi entailatutako trajea sortu zuen, bizkarraldean  bolumena zuena eta aurrealdean estua zena.  
  • 1953: Soin-neurria aldakaraino jaitsi zuen,  eta ondorioz, berriro ere emakumearen silueta aldatu zuen.  
  • 1955: Tunika aurkeztu zuen, bi piezako  soinekoa, linea zuzenak eta garbiak zituena, gorputza estutu gabe estaltzen  duena. Quadrille plazaratu zen, Etxearen hirugarren lurrina.  
  • 1956: Goi mailako jantzigintzako desfileak  ofizialki hasi eta handik hilabetera aurkeztu zituen Balenciagak bere bildumak.  
  • 1957: Jostun eta sortzaileak zaku itxurako  soinekoa sartu zuen bere bildumetan, eta horrenbestez, pauso bat aurrera eman  zuen 1947an hasitako joskintzako bilakaeran. Bere sormen-lanek, linea puru eta  arinekin, garaiko moda iraultzen jarraitu zuten.  
  • 1958: Baby doll soinekoa aurkeztu zuen:  gerririk gabeko silueta trapezoidal sotila zuena. Gainera, indioilar-isats  itxurako soinekoak erakutsi zituen, atzetik luzeagoak zirenak. Abrahamek gazar izeneko  ehuna sortu zuen jostunarentzat, ezaugarri eskultorikoak zituena, gero eta  kontzeptualagoak ziren haren sormen-lanentzat aproposa. Frantziako Gobernuak  Chevalier de la Légion d'honneur titulua eman zion modaren industrian egin zuen  lanagatik. Nazioarteko prentsak «Maisu» eta «goi mailako jantzigintzaren  errege» esan zion.  
  • 1959: Trajeek linea berriak erakutsi zituzten,  jaka motzekin eta gerri altuekin. Azpimarragarria izan zen gaueko  soinekoetarako Inperio estiloa, gerri altuduna.  
  • 1960: Balenciagak Fabiola de Mora y Aragónen  eztei-soinekoa diseinatu zuen. Ezkongaia Casa Torres markesaren biloba zen, eta  gero Belgikako erregina izan zen.  
  • 1961: Urte horretako bildumetan aurkeztu  zituen gaueko soineko ederretan agerikoa izan zen Zurbaran artistaren lanen eragina.  
  • 1963: Balenciagak sport estilo oso dotorea  aurkeztu zuen, eta Mancinik egindako goi mailako jantzigintzako lehen botak  erakutsi zituen, guztien harridurarako.  
  • 1964: Gauerako lamezko sariek sekulako  arrakasta izan zuten. Elizabeth Taylorrek horietako soineko bikaina jantzi zuen  1965eko urtarrilean.  
  • 1967: Balenciagak gero eta puruagoak eta  abstraktuagoak ziren formak sartu zituen. Kazetariek eta bezeroek sekulako  harrera beroa egin zioten bildumari, maisutasun eta originaltasun handikoa izan  baitzen.  
  • 1968: Air Franceko hegazkineko laguntzaileen  uniformeak diseinatu zituen. Udaberrian azken bilduma aurkeztu zuen eta  erretiroa hartzera zihoala iragarri zuen. Era berean, Paris, Madril, Bartzelona  eta Donostiako etxeak itxiko zituela jakinarazi zuen. Balenciagak goi mailako  jantzigintza utzi zuen, berrogeita hamar urtez lanbidean buru-belarri aritu  ondoren.  
  • 1972: Francoren biloba eta gero Cadizeko  dukesa izango zen María del Carmen Martínez-Bordiúren eztei-soinekoa diseinatu  zuen. Jostun eta sortzailea Xábian (Alacant) hil zen martxoaren 24an, eta  Getaria jaioterriko hilerri txikian lurperatu zuten.

ORDUTEGIA

  • Azaroa-otsaila
    Asteartetik igandera: 10:00etatik  15:00etara
  • Martxoa-urria
    Asteartetatik igandera: 10:00etatik 19:00etara.
  • Uztaila eta abuztua)
    Egunero: 10:00etatik 20:00etara.

Tarifak:
  Arrunta: 10,00 €
  Murriztua: 7,00 € (Erretirodunek, ikasleek,  gazte-txakerdunak eta gazteek 18 urtetik behera)
  Doan: ICOMeko kideek, Euskal Publikoko  irakasleek, Haurrek (9 urtetik behera)
Taldeentzako tarifa berezia: 10% deskontua

Bisita gidatuak eta programatuak: 943 008840

 

Ekei Kulturweb S.L.L.