Formulario de acceso

Pasahitza ahaztu dut

  1. Hasiera
  2. Asteasu: Obaba bide herrian - Muskerraren bidea

Asteasu: Obaba bide herrian - Muskerraren bidea

  • Kartela

Muskerraren bidea Obaba literarioa eta Asteasuko herria bateratuko dituen proiektua da, Bernardo Atxagak, Donostia 2016k eta Asteasuko Udalak elkarlanean sortua. Toki zehaztugabea da Obaba, eta bertan daude kokatuta Bernardo Atxaga idazlearen narrazio ezagunetako zenbait, hala nola Sugeak txoriari begiratzen dionean (1984), Bi anai (1985) eta, bereziki, Obabakoak (1988). Asteasutik abiatuta, Obabako lurralde horretan barrena murgiltzen den pasealekua da Muskerraren bidea. Hala, pausorik pauso, Bernardo Atxagaren lana eta Asteasuko paisaia ezagutzeko aukera ematen du Muskerraren bideak.

Udalherria: Asteasu

Lekua:  Asteasu

Hasiera: 2018/12/31

Amaiera: 2019/12/31

Sarrerak: 0,00

Asteasuko Udala

Lege Zaharren Enparantza<br<Plaza Lege Zaharra, 1 (20159) Asteasu

Telefonoa: 943691907 - 943693309
Faxa: 943693106
Weba: http://www.asteasu.eu/?lang=es
Emaila: asteasu@udal.gipuzkoa.net

Muskerraren Bidearen muina Bernardo Atxagaren literatur mundua inspiratu zuten tokiak erakustea da, eta Asteasuko herrigunearen baitan osatzen da ibilbidearen hezurdura. Asteasu Bide Herriaren helburuetako bat izan da Asteasuko udalerri osoa erakustea eta, horrekin, Aiztondo bailaran dauden paraje eta bista ikusgarriak.

Lau ibilbide berrirekin osatu du bidea Asteasuko Udalak, Tolosaldea Garatzenekin koordinatuta, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza batekin Hazten ari da Muskerraren Bidea, joan berri den 2017 urtearen amaieran Asteasuko Udalak lau ibilbide berrirekin osatu baitu Obabako lurraldea ezagutzeko eskaintza. Ezaugarri anitzeko ibilbideak dira, eta bakoitza gai baten inguruan osatu du Udalak. Horrekin batera, Asteasuko herrigunetik irten eta udalerri osoa zeharkatzeko aukera ematen diete ibiltariei.

Asteasu herri arteko bidegurutze izatearen kontzeptua ez da berria. Autoentzako errepideek gure garraio eta gizarte eredua goitik behera aldatu aurretik, mendi-bideak ziren herri batetik bestera joateko ibilbide naturalak. Errepideak haranera jaitsarazi zituen garraio-bideak. Alde horretatik, Asteasu aparte geratu zela esan liteke, bereziki Espainiako estatu mailako errepide nazionalak egin zirenean.

Horren aurretik, baina, Asteasu puntu garrantzitsua zen, Gipuzkoako barrualdea eta kostaldea lotzeko bide eta bidegurutze asko bertan zeudelako, eta daudelako. Gainera, Hernioren eta Zelatunen magalean dago Asteasu, bailara askotako biztanleen gizarte-harremanetarako bilgune historiko baten inguruan beraz; eta Andazarratetik jaisten zuten Zarauzko Mollarrira burdin minerala kable sistema baten bidez.

Aiztondoren edertasuna agerian

Ibilbide gehienak prestatzeko kontuan hartu dituzte zailtasuna eta luzera, adin eta sasoi mota guztietako pertsonek egiteko modukoak izan daitezen. Oro har, adin txikiko seme-alabak dituzten familiei bideratutako bideak dira, talde edo koadrilatan egiteko aproposak. Bide Herria proiektuarekin oso aberatsa den Asteasuko kultur eta natur ondareari balioa ematea du xedetzat Udalak.

Aisialdirako ibilbideok ondarearen dibulgaziorako dira, eta ondorengoak dira zehazki:

  • Usarrabi bira : Hernio mendia Zelantundik inguratzen duen ibilbide zirkularra da, guztietan luzeena.
  • Erreka bailara : uraren baitan sortutako ofizioak eta eraikinak dira ibilbideko muina, errotak eta zuraren lanketa bereziki.
  • Santamaña : Asteasuren historia udalerriaren sorrera bera baino zaharragoa dela erakusten duen bidea da. Ustez Tenplarioek sortutako ermita bat da ibilbideko puntu nagusia.
  • Olazar : Larraulgo herriarekin elkarlanean egindako bidea da, eta bi herriak zeharkatzen ditu.

Liburuxka eta seinaleztapena

Asteasuko Zura komunikazio eta diseinu enpresak garatutako ideia da Asteasu Bide Herria, eta Bernardo Atxagarekin elkarlan estuan atondu du proiektua. Testuez arduratu da Udaleko komunikazio-zerbitzua. Ibilbideen informazio xehea jasotzen duten interpretazio-panelak jarrita daude dagoeneko Lege Zaharren enparantzan, eta ibilbideetako zenbait tokitan seinaleztapena dago jarrita. Argitalpenei dagokionez, ibilbideen gida eta informazio zehatza jasotzen duten liburuxka bat egin dute, Bernardo Atxagaren hitzaurrearekin.



Ekei Kulturweb S.L.L.